IRITZIA

Suzuko Vianan

2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Duela 23 urte, 1992an izan zen. Bernardo Atxagak eta biok, Vianan ospatuko zen Nafarroa Oinez-eko kantua sortzeko enkargua jaso genuen, eta horretara jarri ginen, ilusio handiz.

Halaxe sortu zen Arraroa, noski, kantu bat bereziki bi helburu bilatzen zituena: modu ludikoan ikusaraztea euskara ere Nafarroako hizkuntza zela, eta, bide batez, beste Nafarroa hori (hegoaldekoa, horia, euskal postalaren topikotik urrun zegoena...) errebindikatzea.

Kanturako, besteak beste, atzerritarrak behar genituen, euskara ezagutzen zuten atzerritarrak. Eta bila hasi ginen. Horrelaxe azaldu zen Suzuko gure bizitzetan.

Grabaketa-estudioan izan zen lehen enkontrua, eta han, jada, harrituta utzi gintuen: teknikariari kantua jartzeko eskatu, eta papera eta eta lapitza zorrotik aterata, hantxe jarri zen partitura idazten, aise antzean. Sei hizkuntza jakiteaz gain, beraz, musika idazten ere bazekien.

Tira, bere idazte-lanak amaitu zituenean, une oro jarrera langile eta irribarretsuaz, abesteko prest zegoela jakinarazi zigun. Kabinan sartu, eta konturatu ginenerako, bere zatia grabatuta zegoen, primeran afinatuta, eta japoniarren abesteko era guretzat hain bitxi hartan.

Bigarren enkontrua Vianan bertan izan zen, gerora hain ezagun bihurtuko zen bideoklipa grabatzera —https://www.youtube.com/watch?v=NDihO1_D-Ys—ekipo guztia hara joanda. Protagonismo berezia zeukan Suzukok bideoan, bera baitzen hasiera-hasieran auto-stop egiten zela, kamioilariak jasotzen zuena. Primeran bete zuen han ere bere lana, audioaren grabaketan bezain umoretsu eta saiatua: abestuz, dantza eginez...

Berriz insistitzen dut puntu honetan ze hainbeste hizkuntza jakitea, hain pertsona jantzia izatea, bere kasuan ez zegoen inondik inora kontrajarrita jarrera alai, apal eta gertukoarekin. Utikan haren kasuan solemnitate eta zurruntasun guztiak!

Pasadizo ttiki bat amaitzeko, buruan iltzatuta geratu zitzaidana: joan ginen halako batean—grabaketaren eguerdiko atsedena zen—, herriko taberna batera bazkaltzera. Mutil jator bat jarri zen gu atenditzen, eta arazo bat sortu zen kartak banatzen hasi bezain pronto: Suzuko ez zen ondo moldatzen gaztelaniaz, eta mutila euskaraz ere ez. Ondorioz, tokatu zitzaidan bazkari osoan interprete-xelebrearen lanak egitea. Bukatutakoan, atetik ateratzen ari ginela, zerbitzaria nigana hurbildu eta besotik helduz honelaxe mintzatu zitzaidan: «Jabier, no había pasado tanta vergüenza en toda mi vida». Eta, zinez, hala ematen zuen, mutila lotsa-lotsa eginda zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.