Xabier Kintana Urtiaga.
IRITZIA

Suzuko Ainhoa Tamura gogoan

2015eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Atzo goizean heldu zitzaigun berri ertuna: Suzuko Ainhoa Tamurajaponiar hizkuntzalaria eta Euskaltzainkidea abuztuaren 3an hil da 81 urterekin. Euskal ikerketak bultzatzeko asmoz Euskaltzaindiak 1980an antolatu zuen Euskalarien Nazioarteko Jardunaldietan bera ezagutzeko aukera izan genuen, Gernikako Arbolaren ondoan egin genuen elkarraldian. Mundu guztiko ikerlariak bilduak ziren ekitaldi hartan. Euskaldunez gainera, espainolak, frantsesak, ingelesak, alemanak, nederlandarrak, poloniarrak, georgiarrak, errusiarrak..., baina guztien artetiknabarmen ageri zen Suzuko andrea, aurpegiko ezaugarriei eta batez ere, jantzirik zekarren kimono zuri eta dotoreari esker. Haren presentziak exotikotasun-punttua eskaini zion batzarrari, bai eta harridura ere, gure hizkuntzaz mintzo den japoniar bat ikustea ez baita ohikoa izaten gure artean. Ez zen, ordea, japoniar euskalari bakarra izan, Tadao Shimomiya irakaslea ere, euskal gramatika bat japonieraz egindakoa, partaide izan zen eta.

Inguruko hizkuntza handietako hiztunak ohiturik egoten dira holako espezialistekin tratatzera, izan ere, atzerriko irakasle, ikasle eta pertsona landu askok ikasten dute espainiera edo frantsesanazio horietako literatura, historia, arte eta kulturan sakontzeko asmoz. Ez da hori gertatzen gurea bezalako mintzaira hiztunez apalagoekin. Eta horrexegatik, estima eta esker handiagoa erakutsi beharko genieke euskaldunok, erdal altxorren tentazioa gorabehera, euskara hautatu duten atzerritar hizkuntzalariei.

Suzuko Tamura andrea 1934ko urtarrilaren 2an jaio zen Aichi prefekturan. Tokioko Unibertsitatean lizentziatu zen Hizkuntzalaritzan. Betidanik interes berezia erakutsi zuen tipologian eranskari diren hizkuntzez, batez ere Japoniaren iparraldeko uharteetan, Hokkaidon bereziki, oraindik mintzatzen den ainu deritzon hizkuntzaz. Hortik, Jacques Allières euskalari frantsesaren eraginez, euskaraz ere arduratzera iragan zen, mintzatze-mailan ez eze, euskal sintaxiari buruzko lanak ere argitaratuz. J. Haritschelharrekin harremanak izan zituen eta Donapaleun euskal ikastaro bat egin zuen, bai eta Lazkaon eta Azpeitian ere, Bizkaian ahaztu gabe. Nafarroan harreman luzea izan zuen J. M. Satrustegi euskaltzainarekin, eta beronen eraginez kristau erlijiora etorri zen, bere bataioan Ainhoa izena hautatuz.

Hizkuntza eranskariak ikertzen aurrera segituz, Kanadako inuit-en hizkuntza ere ikasi zuen, besteak beste, era horretako hizkuntzen ezaugarri bereziak nabarmenduz. Urte askotan Wasedako Unibertsitatean irakasle emeritua izan zen eta toki berean luzaro euskara- eta ainu-irakasle izan da. Haren ikasleetako bat, Sho Hagio, Suzukoren hil-berria helarazi diguna, japoniar euskaldun berria da, eta duela gutxi Etxepareren obraren japonierazko itzulpena prestatu eta argitaratu du, bere ikaskide Hiromi Yoshidarekin batera.

Suzuko Tamurak ingelesa, alemana, frantsesa, mantxuera, euskara, gaztelania, ainuera eta inuktitut hizkuntzak zekizkien. Euskaltzaindiak, merezimendu nabarmen horiengatik euskaltzain urgazle izendatu zuen 1996an eta ohorezko euskaltzain 2000.eko urriaren 27an. Ez al da berau omenaldi bakarra, euskaldunongandik esker onez jasoko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.