Aspaldiko partez ez da ezusterik izan Sail Ofizialeko palmaresean, eta hori da beharbada 60. edizioak utzi duen emaitzarik nabarmenetakoa.
Ikusitakoak ikusita eta filmek izan zuten harrera ezagututa, nahiko argi zegoen bi faborito nagusi zeudela aurtengo edizioan: François Ozonen Dans la Maison eta Pablo Berger bilbotarraren Blancanieves. Azken horrek gainera lobby espainiarraren babes osoa izan du hasieratik.
Aspaldiko partez, kinielek asmatu egin dute, eta epaimahaiak bat egin du iritzi nagusiarekin. Ozonen jostailu metaliterarioak eraman du sari nagusia; Bergeren apustu mutua zilarrezko dominarekin konformatu behar izan da. Zinema espainiarrak aurten eman duen maila onak merezitako isla izan du beste bi sari garrantzitsuetan, Fernando Truebak eta Jose Sacristanek jaso dituztenak. Horrela, ia denak kontent.
Epaimahaiak batera eta bestera banatu ditu sariak. Ez zuen erraza erabakia eta azkenean zazpi izan dira saririk edo aipamenik jaso dituzten pelikulak. Deigarria da, baina, zerrenda luze horretan Costa Gavras zuzendariaren Le capital film bikainak lekurik ez izatea.
Azken urteekin alderatuta, maila hobea eman du aurtengo Sail Ofizialak, bi salbuespen nabarmenekin. Oro har, arrisku gutxiko pelikulak izan dira Sail Ofizialean ikusi ditugun ia guztiak; kalitatean majo baina berrikuntza gutxi. Zuzendari konsagratu samarrak izan dira nagusi, eta horiek eskarmentua eta ofizioa ekarri dute, baina freskotasun apur bat falta izan zaio pelikula sortari.
Eta beste behin ere, euskal zinemak bere zinemaldia urrutitik ikusi behar izan du. Zabaltegin eta Zinemiran izan dira Euskal Herrian ekoitzitako film batzuk, ez denak, baina nonbait aurten ere maila nahikorik ez da izan urrezko maskorraren lehian sartu ahal izateko.
Donostiako 60. Zinemaldia. Analisia
Sustorik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu