Bost egunez jaso dugu Tolosan, munduko hainbat tokitatik etorritako taldeen eskutik, koru kantuaren hats emankorra. Asiako eta Europako taldeen emaria jaso ondoren, nabarmen ikusi dugu berriro ere Mendebaldeko musika egiteko maneraz gain, munduan gehien hedatu eta inposatu denaz gain, badirela kode askotarikoagoak, guregandik urrun daudenak eta ulertzen zailak direnak: Txinakoak, Japoniakoak edo Filipinetakoak, besteak beste. Horrekin baiezta dezakegu musika lengoaia ez dela, dioten bezala, unibertsala. Euskaldunok geurea Mendebaldeko ildoaren gainean garatu dugu; milaka urtez herri eta kultura ugariren igarobide izan gara, eta jasotako oinordetza eta mailegu aberasgarriei esker eraiki dugu. Nolakoa ote zen gure protomusika? Protoeuskaraz, noski, baina zein kode, eskala, erritmo, joskera... erabilita?
Tolosan musikaren basoa parke botaniko bilakatu da, eta egin ditugun txango luzeko geldialdiek ekosistema batetik bestera eraman gaituzte. Azkenean, ederrena, euskaldunon txokoan topatu dugu. Suhar jaikitzen denean, egundoko haizeteak eragiten ditu, eta Santu Guztien Egunaren bezperan izandakoak honela esplika daitezke: Esteban Urzelaik Oñatiko leize-zuloren batetik esnatu zuen, indartsu, ufada bortitzak eraginez, baina bikoteak edertasun maiestatikoa ekarri zigun. Aspalditik bide sendoa egiten ari den musikariak lortu du hiru belaunalditako eskarmentu handiko kantari euskaldunei ilusioa berritzea. Taldekide gehientsuenek izan dute lotura estua lehiaketa honekin, asko baitira aurrez ere bertako oholtzan kantari edo zuzendari aritu direnak, eta ongi egin nahiaren grina daramate beren DNAn. Garaipena lortzeko eman beharreko pausoak tentuz bete dituzte, beraien gaitasun trebeetatik abiatuta: tinbre aberats ederrez hornitutako taldea, horren osaera kalkulatua, obraren aukeraketa zuhurra, ongi menperatzeko gai izan eta okasioak eskatzen dituen garai eta estiloak aseko dituena, eta, noski, eskarmentua. Lanaren lagintxo batzuk aipatzearren, hauek: berpizkundean oihartzun efektu sinesgarri eta jolaskorrak, Straussen melodia jariakor eta akonpainamendu tinkoak, Sarasolak Joxan Artzeren olerki ederrekin idatzi eta okasioan luma ederrenak luzitzeko Ipar Haize Hotz Zuria abestia, Idoia Azurmendiren Itsasoa ari zait eta hunkigarritasunez iradokitako itsasoaren marmarra, sorgin dantzaren arima dinamikoa, eta, oro har, kantuan aske aritzeko gaitasuna.
Alboan beste hamaika koru lehian, eta ezin denak aipatu. Horietako bat, Shanghai Ostadarra, gaztez hornitua eta Chengzi Jin zuzendariak neurri bikainean garatua. Beharbada, akats bilakatu zaio errepertorio aukeraketa; zuzendariak sortutako hiru obra eskaini ditu, ederrak eta inpaktanteak, baina aniztasuna erakustea ere garrantzitsua da horrelako plazetan. Halere, musika emari eta gaitasun bikainak dituzte, eta soinu tresna folklorikoak erakusten bakanak dira: piparen eta danbor txinatarraren doinu bitxiak, alegia.
Finlandiako Somnium taldeak bibrazio atsegin asko igorri dituela ere esan behar dut; talde giro amultsuaren eta zuzendariaren arteko batura erakutsi du, eta azken horrek ematen dien askatasuna nabari da soinuan eta komunikazioan. Arin, baina ongi josita eskaini dituzte bertsio asko: Elberdinen Izar ederra, kasurako, Rautavaara eta Mahler sortzaileen sormen preziatuak tartekatuz.
Japoniatik heldutako neska gaztez osatutako Iturri Garbiak abesbatzak ekarri gaitu Ekialdeko kultura urrunekora, Filipinetako gizon seikoteak egin bezala, eta arestian azaldu dudan esparru ezezagun eta erakargarriari leiho ireki batetik so jarri gaituzte. Mendebaldeko musiken larreetan lehen ahotsak gogor xamarrak suertatu zaizkit besteekiko, baina zuzendariak ondo moldatzeko gaitasuna erakutsi du gertuagoko duten errepertorio horietan.
Ahots taldeei buruz, aipatzekoa elizan egin dutela emanaldi erosoena, eta musika profanorako Leidor antzokiaren handitasuna ez zaiela aldeko baldintza suertatu. Azpimarragarria Filipinetako gizon seikotearen ahots eta interpretatzeko gaitasun irmo eta biribila, baina ez da makalagoa Erromako Gurekin neska gazteen taldetxoaren saioa: fina eta leuna, goxotasun eta espiritualtasun handiko lana, praktikotasunaren aldetik kontenituegia, afinazioak-eta lasai eusteko.
Eta, amaitzeko, Erresuma Batuko Phoenix, College nagusietako tradizioaren adierazle; oso gazteak izanda ere, zail genuke antzinako musika eta konpositore britaniarrak jorratzeko duten dotorezia imitatzen. Tartean arazotxo batzuk izan badituzte ere, elegante aritu dira, musika garaikideari dagozkion saltsetatik urrun xamar, badaezpada.
ANALISIA
Suhar, leize-zuloko piztia ederra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu