Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Sugusak eta txaleko erreflektanteak

2025eko urtarrilaren 19a
04:00
Entzun

Badira ba, supermerkatuetan, ordaintzera zoazela, erosleon arreta bereganatzeko paratzen dituzten produktuak. Normalean, kutixiak izan ohi dira: Kinderrak, zapore tropikal eta barren likidozko txikle garestiak, Ferrero Rocher bonboiak, Chupa Chupsak… Pilak, txiskeroak eta linterna txikiak ere saltzen dituzte, merke xamar, tentazioa gozotik ez bada, behintzat patrikari atsegin eman diezaion. Amak txiki-txikitatik ohartarazi gintuen marketin estrategia horretaz, eta, gutxi-asko, supermerkatuetan aise eusten diot tentaldiari. Ez, ordea, teknika bera darabilten liburu dendetako karameluei. Eta kasualitatea ala ez, Sugusaren koloreak hautatu ditu Anagramak bere poltsikoko liburuak egiteko. Horietako bat erosi nuen aurrekoan: La moda justa, Marta Riezu moda kazetariak idatzi duena.

Kanpotik Sugusaren itxura badu ere, ez da mastekatzeko zaila: hasi eta buka, erraz eta azkar irensten da, eta modan jantziak izan ala ez, gustura irakurtzen da. Autoreak berak dio: pentsa liteke modari buruzko hausnarketak fashion victim-endako izanen direla interesgarri, baina sorpresa! Jantzi, mundu guztia janzten da eta, beraz, gu guztion ardurapeko izan beharko luke gaiak: daukagun arropa erabili eta ez gehiago erosi, kalitatearen alde egin, fast fashion-a arbuiatu, jostunengana jo, bigarren eskuko arropa erabili, arropa gutxiagotan garbitu. Modu atseginean doa kontatzen dakizkigun asko eta usnatzen genituen beste asko, datuak mahai gainean jarriz.

Kontuak kontu, liburuan aipatzen den praktika bati buruz mintzatu nahi nuen gaur: upcycling-a. Reclycing-a entzunago dugu, baina zer da upcycling-a? Bada, arropa soberakinak hartu —izan lantegietan sobratu diren txatalak, edo akatsen bat duten arropak, edo saldu ez diren laneko jantziak— eta horrekin produktu berri bat ekoitzi, ekologikoki, estetikoki eta etikoki balio handiagoa izanen duena. Birziklatzearen antza du, baina normalean arropa birziklatzen dugunean, hau da, bigarren eskuko arropa erabiltzen dugunean, kalitatea ez da hobetzen eta produktua berdina da; upcycling eginez produktu berriak egiten dira zaharretik edo soberakinetik abiatuta. Horregatik esaten zaio gainbirziklatzea. Lagun batzuk ari dira orain horretan; laneko arropen soberakinak bildu —lanerako erabiltzen diren txaleko erreflektanteekin hasi dira—, moztu, eta txanoak, zorroak eta antzekoak josten dabiltza. Eta haiek egiten dutena entzunez, ohartu naiz kultur sorkuntza eta ehungintza gertu dauden praktikak direla, eta nolabait aspalditik jarduten garela upcycling-ean, edo bederen, erruz praktikatu beharko genukeela.

Zergatik diodan hau? Ba, lehenik eta behin, sortzaileok guraizeekin egiten dugulako lan: ikusi, irakurri eta entzun dugun horretatik gustuko izan duguna hartu eta guretzako mozten dugu, zati preziatuak gure lanetan josiz. Antoine Compagnonek dio gure lanetan aipuak txertatzean bigarren eskuko bihurtzen ditugula, eta horren aldeko aldarria egiten du: idazleak guraizeekin idazten du.

Bestalde, arropa berrerabiltzen den moduan, geuk ere hizkuntza berrerabiltzen dugu, behin eta berriz. Pentsa euskara zenbatgarren eskuko jantzia den. Baina bigarren eskuko arropa ez bezala, euskara ez da garbitzearen garbitzez gastatzen: areago, huraxe modu desberdinean antolatuz, joan gaitezke moda-modara.

Baina bigarren eskuko arropa ez bezala, euskara ez da garbitzearen garbitzez gastatzen: areago, huraxe modu desberdinean antolatuz, joan gaitezke moda-modara

Eta amaitzeko, upcycling kulturalaren aldeko beste argudio bat. Marta Riezuk liburuan aholkatzen du arropa bat jasangarria izan dadin gutxienez hamar urtez erabili behar dela. Zenbat diskok irauten du denbora hori? Zenbat liburu jarraitzen da saltzen hamar urteren buruan? Jasangarria ote da gure kultura? Bada, sortzen dugun horrek bizitza luzea izan beharko luke, iraungitze programatuaren atzaparretatik ihes eginez: erositakoa berrirakurri, berriz entzun, berriz ikusi. Zein ederra den orain bost urte azpimarratu genuen liburua —lotsa punttu batekin askotan— berrirakurtzea. Zenbat oroitzapen gaztetako disko bat berriz entzutean.

Jada erabili den materiala har dezagun, moztu handik, alderantzikatu beste izkinatik, eman bira hizkuntzari, berrirakurri klasikoak, satirizatu, josi urruti zeuden bi mutur, nahastu generoak, hizkuntza erregistroak birkokatu: tradizioak utzi digun horri eman diezaiogun beste bizitza bat, kalitatezkoa, estetikoki erakargarria eta luze iraungo duena.

Arropa soberakinekin produktu berriak ekoizteari esaten zaio 'upcycling'. LANGBRETT
Arropa soberakinekin produktu berriak ekoizteari esaten zaio 'upcycling'. LANGBRETT
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.