'Bernarda Clownaren etxea'
Konpainia: Zurriola antzerki taldea. Zuzendaritza: Joserra Fachado. Antzezleak:Uxue Urresti, Nora Garmendia, Ana Gonzalez, Ana Saborido, Elena Bengoetxea, Ana Fernandez, Ainhoa Aristizabal.Eszenografia: Zurriola taldea. Argiak: Jabi Beristain, Inma Irazustabarrena. Lekua: Donostiako Gasteszena. Eguna: Abenduak 5.
Urtero BERRIAko agendan Donostiako Zurriola antzerki eskola amateurren taldeak noiz eta non antzeztuko duen apuntatzen dut. Gauza bera egiten saiatzen naiz Iruñeko Jaso ikastolakoekin. Zeren hortxe dago koxka, ezta? Ala, ez al da landarea hazitik jaiotzen? Amauterismo mota asko daude, bai, badakit, solasaldiak luzerako emango luke, baina, inporta ez bazaizue, hurrengo batean mintzatuko gara horretaz.
Aurtengo ekoizpenean La casa de Bernarda Alba [Bernarda Albaren Etxea] bereganatu dute Zurriolakoek beren clown estiloan. Eta atzo bertan, obraren zuzendaria den Joserra Fachadok— bere lanari meritua kendu nahian edo— honela esan zidan: «...Badakizu, clown mundura dena ekar daiteke, ez dago erresistentzia egiten digun testurik». Eta pentsakor utzi ninduen clown mota asko daudela pentsatuz, eta lehenbiziko kategoria dela «onak ala txarrak» eta Zurriola lehenbizikoen ligan dagoela. Bai, pailazo motak aztertzeak mintzaldiak luzerako emango luke baina inporta ez bazaizue, hurrengo batean solastuko gara horretaz.
Hemen kontu bat da clownaren izaera ausarta guztiz ondo bideratu duela Fachadok eta atzokoa oparia izan zela aretoa leporaino bete zuten ezagun eta lagunentzako. Gozamena antzematen zen aktoreengan eta umore ederra ikusleengan. Eszenografiak zein argiek taldearen kalitatearen erakusgarriak zire,n eta musika, koreografiak eta abestien aukeraketa, egokia ez ezik, barregarria ere bai.
Hemen beste kontu bat da pailazo mota asko daudela eta clown teknika horietako bat dela. Mundua barregarri uzteko ez dago distantzia hartzea bezalakorik, eta hori ondotxo dakite barregarriek, arlekinek, bufoiek eta enparauek. Horrela, emakumezko aktoreek atzoko Bernarda-n burla egin zioten Lorcak deskribatutako mundu ilun horri, harik eta unibertso lorkiar horrek beste galaxia batekoa ematen zuen arte.
Sudur gorria soinean, eta gehienetan soineko beltzez jantzita, efikazia eta ofizio erakustaldi bat eskaini zigun Zurriola taldeak: tamaina ezberdinetako aktoreen gorpuzkerekin konposizio jolastiak, ibilkera berezien jokoa, aurpegiera eta begirada pertsonalizatuen olgeta, imintzioen errepikapenak —batera edo anabasan—, pertsonaien arteko burla ezkutuak, ahotsen bolumenen jostaketa, pertsonaien sartu-atera zoroak, harrigarrizko koordinazio dantzak, eta ezustean harrapatu gintuzten kantak eta abar. Ez da ezer falta clown erakuspen honetan. Bai, clown mota asko dago, eta Zurriolakoek uzten duten zaporea gozo-gozoa da.