Danele Sarriugarte
HIRUDIA

'Spoiler'

2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Ezagutzen diogun esangura ez du aspaldikoa, eta zenbat zabaldu den hala ere. Ingelesezko spoil aditzean du oinarria: eu-en konbinazioaren laukitxoan sartzen baduzu, Elhuyar hiztegiak esango dizu zapuztu edo hondatu esan nahi duela; hondatu edo alferrik galdu, janariaz ari bagara. Beste esanahi nahiko erabili bat ere biltzen du hiztegiaren bigarren adierak, haurrei dagokiona: a spoiled kid horixe baita, soberan mimatu den haur bat, mizke hazia.

Zuetako batzuei zutabearen izenburua irakurri eta berehala gogora etorri zaizuen adiera, berriz, ez du aipatzen; ulergarria da, esan dizuedanez, nahiko berria da-eta. Ez zaiteztela zapuztu hala ere, azken adiera horrexeri berari heldu nahi baitiot hemen. Telebistan ez ezik bestelako gailuetan ikusi ohi diren telesailen fenomenoarekin batera hedatu da hain zuzen esanahi hori. Badakizue, zinemaren bertsio berria diren ia film baten luzerako ikus-entzunezkoekin. Zuzendari, gidoigile eta errealizadore apartenek orain jorratzen duten arloarekin. Hondartza eder eta geologiaren-ikuspegitik inportanteak hankaz gora jartzen eta euskal-irrati publikoetako albistegiei etenik gabeko bazka ematen dietenekin. Los Soprano, The Wire, Mad Men, Transparent, Black Mirror, Breaking Bad, Orange is the New Black, Sherlock, Girls: segun zeini galdetu.

Jendea buru-belarri sartzen da Baltimoreko drogazaleen, 50eko hamarkadako publizitate-sortzaileen, guraso trans juduaren bizitzan, eta berdin du zelako muga zorrotzak ezarri nork bere buruari, azkenean beti ikusten dituzu nahi baino kapitulu gehiago segidan. Engantxatu arren joan behar duzu lanera edo erosketak egitera edo kalera nahi duzu atera pote batzuk hartzera lagunekin, eta geldi uzten duzu telesaila, standby, eta orduantxe pizten da spoiler arriskua: laneko ordenagailuan ari zarela topa dezakezu artikulu bat aletzen duena Girls-en amaierari buruzko hausnarketa burutsu bat, eta adiskideak potean kontatzen dizu seko jota geratu dela Breaking Bad-eko 3. denboraldiko 4. kapituluarekin, eta jarraian azaltzen zehatz-mehatz zergatik. Halako uneetan da benetan praktikoa spoiler-aren kontzeptua, abisu emateko: «artikulu honek spoiler-ak dauzka, agian spoiler bat egingo dizut». Hots, «telesailean gertatzen den eta ordura arte tentuz gorde den ezusteko harrigarri bat kontatuko dizut».

Orotariko narratibaren gakoetako bat da, azken batean, jakitea informazioa dosifikatzen, jakitea tentsioa josten iritsi arte puntu goren batera. Azkenaldian irakurri dudan hainbat eleberritan, ordea, hasiera-hasieran dator spoiler-a. Are, spoiler-arekin abiatzen da historia. Hainbat adibide diskretu ezagutzen nuen lehendik ere: Zadie Smithen Swing Time; Elena Ferranteren Adiskide paregabea. Sarritan, nolabaiteko hitzaurre bat da, protagonisten patuari buruzko lau zertzelada kontatzen dituena, ez guztiz zehatzak baina bai esanguratsuak, irakurleak argi izateko adina nora iritsiko den, gutxi-asko, argumentua.

Leila Slimaneren Chanson douce nobelak, ordea, lehen letra-kolpean kontatu dit amaiera tragikoa. Liburua noiz hasi, eta bi haur txikiren zaintzaileak ume parea akabatzen duenean. Eta hilketa ez da abiapuntu, eleberriak, gero, ez baitu azaltzen hilketen ondorena, esate baterako nola egin dioten aurre gurasoek galerari; ez, eleberriak kontatzen dizu hain zuzen hasierara artekoa, nola iritsi ziren haur horiek mundura, nondik datozen haien gurasoak, nola topatu zuten zaintzaile hori, zein zen eta nola bizi izan zen hura.

Iruditzen zait hasierako errebelazio horrek Alfred Hitchcocken kameoek nola funtzionatzen duela: Hitchcockek figurante-lanak egin behar izan zituen noiz edo noiz bere filmetan, dirua aurrezte aldera, baina, ikus-entzuleei haren presentzia iheskorra gustatzen zitzaiela igarrita, halako erritual bat bilakatu zen, eta une batetik aurrera film guztietan hasi zen agertzen; ikus-entzuleak zain egoten ziren orduan, egarri, noiz harrapatuko silueta apur bat biribil hura gutun bat eramaten postontzira edo autobus bat galtzen, beraz, Hitchcockek erabaki zuen filmaren hasiera aldera egitea kameoa, ikus-entzuleek errepara ziezaioten behingoz benetan axola zuenari, hots historiari berari.

Slimaneren eleberrian, antzeko. Hasierako atal hori sartu ez balio eta modu tradizionalago batean antolatu balu haria, irakurlea esperoan legoke, eta hausnarrean, tentsioa pilatu ahala, ea noiz eta nola lehertuko ekaitza. Kantu gozo honetan, baina, ez dago halakorik, bazter utzi duzunez galdera gogaikarria, nola askatuko (moztuko) ote den korapiloa, ez dago tentaziorik orrialdeak azkarrago pasatzeko hitzak digerituz ez baizik irentsiz: patxadaz eta gogotik heltzen diozu irakurketari. Eta are gehiago: hasieratik dakizunez gaizki amaitzekoa den hori zer gaizki amaituko den zehazki, ez duzu eraikitzen gaizki amaitzekoa den horri buruzko teoriarik, ez duzu intuiziorik elikatzen ondo baino hobeto dakizulako zer datorren. Eta, ezagun denez, espektatibarik ezean, zaputzaldirik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.