Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Sounds like a president

2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Badirudi hauteskundeetan soilik arduratzen garela oratoriari buruzko teoriez. Hautagaiak mikrofonoaren aitzinean solasean entzuten hasten garenean, beti agertzen dira haien diskurtsoak, haien solasak eta haien solasteko erak aztertzen dituzten analistak. Ze mezu, norentzat, ze helbururekin, ze tonutan... Botoak irabazteko orduan detaile guztiak bihurtzen dira ezinbertzeko. Baina analista gutti ausartzen da ahotsari buruz mintzatzen. Berriki egin dituzten AEBko hauteskundeen aitzakian, Greg Goodale ikerlaria hautagai guztien ahotsak aztertzen aritu da, botoa noren alde eman erabakitzeko orduan ahotsaren ezaugarriek ze eragin duten ikertu nahian. Haren hitzetan, historian atzerako ariketa eginez, ez omen da zaila ondorioztatzea ahots egokiena dutenak hauteskundeetan garaile atera direla. Horrek ez du hautagaiek errandakoa guttiesten, ez dio diskurtsoari garrantzirik kentzen, baina baldintzatu egiten du mezuak gure belarrietara nola iristen diren. Presidente baten soinua izatea ez dago ahots guztien eskura, edo ahots guztiek ez dute (ezin dute) presidenteak izan behar lukeen soinu hori eduki. Romneyk halakoa omen du. Obamak ere bai, jakina.

Ahotsak ez dira objektuak, ez dute betirako berdin irauten. Nondik erabili edo solastu molde berriak hartzen dituzte. Hemeroteketara jo eta Margaret Thatcherren ahotsaren bilakaera entzun bertzerik ez dago hortaz konturatzeko. Edo hain urrun joan gabe, Zapaterorena adi entzunda, segidan konturatu gara, presidenteen ahotsak egoera politikoen arabera aldatuz joaten direla. Tonu, sakonera, testura eta zergatik ez, musikaltasunean. Eta ondorioz guk ere, ez ditugu berdin entzuten. Ez zaizkigu berdin iristen.

Irabazleak zein diren jakinik, tranpa eginez, EAEn izandako azken hauteskunde kanpaina entzuten jarri naiz berriz, ahotsei erreparatuz. Eta lehendakari-soinuak zehazki nolakoa izan behar lukeen jakin gabe, guttienez lehendakari ahotsik ez dutenak segituan ezagutu ditut. Belarrietan min egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.