LAUHAZKA

'Sorginak' birdefinitzeko beharra

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Azken asteetan, emakumeen aurkako bortizkeria estaltzen duten bi egoerak deserosotasun handia sortu didate. Biak egunerokotasunean txertatutako ekintzetan agertu zaizkit, eta urduritu naiz, ez baitut entzun haiek zalantzan jartzen dituen hitzik. Gure herrietan ematen den sorginen irudikapena eta Madrilen egin zen akelarrearen antzezpena izan dira horiek.

Sorginak salgai Fiturren

Duela bi aste Madrilen egin zen turismoaren topaketa handia. Hitzordu garrantzitsu horretan, herrialdeek zein lurraldeek urteko turismo eskaintza berria erakusten dute, bezeroak eskuratu nahian; parte hartzaile gehienen asmoa bidaia agentzia handizkarietara heltzea da, haiek baitira helmuga turistikoetara bisitari kopuru handia eramateko gaitasuna dutenak. Fiturren, aurreko urteetako ohiturei eutsiz, Nafarroak bere pabiloia zeukan, eta bertan 2020rako eskaintzak; adibidez, bizikletak erdigunean dituen proposamena zuen ikusgai, ondoan orburuak prestatzen zituen sukaldari bat ikus zitekeen bitartean. Dena normaltasun demokratikoaren barnean.

Horrekin batera, inauterien inguruko eskaintza turistikoa ere agertzen zen, non Basajaun, Akerbeltz edo laminak bezalako pertsonaia mitologikoek beren tokia zuten... sorginekin batera. Akelarre baten antzezpena baitzen egunaren ekitaldi nagusietako bat.

Agian turismoko langileei ezin zaie eskatu feudalismotik kapitalismorako trantsizioa gertatu zen mende horietako zehaztasun historikorik izatea, ez eta sorgin ehizaren prozesu erraldoiak —zeinak 100.000 emakume inguru erail zituen Europan— ikuspuntu feministatik ulertzea, baina zorroztasuna bai eskatzen ahal zaie sorginen irudia erabiltzerakoan. Sorginak ez baitira pertsonaia mitologikoak, bortizkeria modu gordinean jasan zuten emakumeak baizik, historian toki bat dutenak.

Inauterietako sorginak

Antzeko zerbait gertatzen ari da tokian tokiko inauterietako antolakuntzetan. Borondate handiz eta lehen aldiko emakumeen iruditegia berreskuratzeko asmoz, sorginak kalejiretan agertzeko ohitura ezarri da. Abiapuntua txarra ez bada ere —txalotzekoak dira emakumeen memoria berreskuratu nahi duten lanak—, kritikotasunik gabe egindako irakurketak egoten dira irudikatze prozesu horren azpian, eta, ondorioz, salatzaileek, inkisidoreek edo torturatzaileek emandako bertsioak onartu eta zuritu egiten dira. Gauza bera gertatzen da akelarreen irudikapenarekin, Pierre Lancreren liburuak hasiera ematen baitio jarduera honi historian.

Sorgin ehiza eta sorginak ikuspuntu feministatik

Badira urte batzuk historialari feministek sorgin ehizaren fenomeno historikoari —oro har XIV. mendetik XVI. mendera gertatu zena— esanahi ezberdina ematen diotela, eta emakumeen gorputzen aurkako harrapaketa izan zela salatzen dutela. Sorginen existentzia bera auzitan jartzen dute beren lanetan. Haien lanaren irakurketei esker, ondorioztatu daiteke kapitalismoaren hastapenetan sortutako sorgin irudi-salaketa-estigma hori mendeetan erabili izan dela emakumeak kontrolatu eta haien aurka bortizkeria eragiteko —gaur egun herrialde anitzetan oraindik indarrean dago— .

Talde eta ikerlari feministek egindako lanak ezinbesteko zaizkigu esanahien guduan sartu eta bertan bulkada sakona eragiteko. Mendeetako esanahi ezartze prozesuaren ondorioz, ez da erraza ez azkarra izanen ikonoen berrantolaketa bat, eta lan horri ekin behar diogu. Baina esfortzua egin behar da. Ildo horri jarraituz, onartu ezin duguna da esparru publikoan emakumeen aurka bortizkeria eragiteko erabilitako aitzakia—sorgin izatearen salaketa— barra-barra erabiltzea, kritikotasunik gabe, horiek balioztatuz emakumeen historiaren zilegitasunaren aurka egiten ari baikara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.