'TRABA'
Idazlea: Maite Rosende. Ilustratzailea: Maite Rosende. Argitaletxea: Denonartean.
Ikasten ari gara zein aberatsak diren irudidun liburuak. Oraindik ere badaude irudia dekorazio hutserako erabiltzen dutenak, baina gehienetan desberdina da. Gaur egun «album» deitzen diren liburuetan, irudiak gauzak kontatzeko baliatzen dira. Eta zeinen ongi baliatu ere!
Zortea dugu euskaldunok. Haur literaturako abangoardian dauden irudigileak, ilustratzaileak gero eta gehiago dira gure artean.
Halako liburuek zer aukera eskaintzen dituzten konturatzeko, esaterako, Maite Rosenderen Traba liburua erabil daiteke.
Haur marrazketaren itxura duen argitalpen hori aberatsa da harrigarriki. Burutik pasatzea ere kosta egiten den gai bat iradokitzen digu, izenburuak iragartzen duen huraxe, eta hausnarketa bide aberatsa zabaltzen dio haurrari. Alde batera utzita metafora eta ideia korapilatsuak, gai da haurrarekin maila berean hitz egiteko, adibide bisual ugarirekin lagunduta, diskurtsoaren garapen interesgarri batekin, irakurketaren plazera eta hausnarketaren bide aberatsa, biak, ibiltzeko. Hamaika aldiz irakurtzen diren horietakoa.