lander garro
Literatura. Hirudia

Sinesgarritasunaren apetak

2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Literaturaren sinesgarritasunaz nahiko nuke hitz egin, enbarazu ez bada. Azken aldian behin baino gehigotan izan dut horrekin lotutako eztabaidarik nire lagun idazleekin. Sinesgarritasunaz ari garenean, dilema batez ari gara: zer da egiazko, eta zerk ematen duen egiazko. Idazleak testu bat idazten duenean, irakurlearekin hitzarmena sinatuko du: gezur bat kontatuko dizut, baina subterfugio txiki bat eraikiko dut zuk hori guztia egia dela sinets dezazun. Subterfugioa, beraz, da liburu bateko hitz gakoa: zer tranpa erabiltzen dugun guztiz asmatua dena zinez gertatua iruditu dakigun. Euskaraz horri egiantzekotasuna esaten diogu: hitz ederra, dudarik gabe.

Utz iezadazue analogia txiki bat egiten. Argazkilariontzat, argazkian negatibotik eratorriak zirenean, argia zen kezka iturri handien, eta, zehatz esatearren, plano berean ager zitezkeen argien arteko aldea. Irudika ezazue paisaia bat urbanoa, zeru urdina, etxeen fatxadak eguzkiak argituta, eta, behean, itzalpean, bi etxeen arteko kale estua, zabor ontziekin eta bestelako hondakinekin, eta katu bat, mozkor baten eskua miazkatzen. Argazkilariak biak ikusten zituen ongi, baina bazekien, argiaren kontrasteagatik, kamerak ezingo zituela biak jaso, eta hautu bat egin beharko zuen erabakigarria: argazkia argientzat edo itzalentzat egin. Izan ere, argazki kamerak (garaiko negatiboez ari naiz), gizakion begien aldean, gabezia handia zeukan: ezin zituen plano bereko argiak eta itzalak ikusi, bietako bat sakrifikatu gabe. Argazkia egitean, beraz, edo fatxaden detaileak galduko genituen, hormetako ertzak eta texturak, edo kale estuko eszenarenak, katuarenak eta mozkorrarenak. Argazkilariok, negatiboen garaian, ehunka eszena betikotu behar izan genituen mutilaturik, argiaren apetei amore emanda. Erabaki mingarriak ziren askotan, eszenaren handitasuna eta konplexutasuna nahi genituelako argazkirako, baina ezinezkoa zen: kamerak ez zeukan gizakion gaitasuna argietara itzaletara bezala ohitzeko. Kaxoietan dauzkagun argazki errebelatuak ikusten baditugu, aise nabarituko dugu gabezia hori: iluntzeko eguzkiaren aurrean irribartsu zegoen mendizalearen irribarre galdua, adibidez, zeina ez baita argazkian ageri: silueta beltza da, ez aurpegi ez ezer. Non dago? Nora joan zen? Kameraren (edo negatiboaren) gabeziak irentsi zuen.

Kontuak kontu, hala ohitu ginen. Argazkiek bazuten berezko kontraste bat, argi gehiegizko horiek, edota itzal ezin beltzago horiek. Desoreka pefektua ziren gure begietara. Hain zen hala, ze iruditzen baitzitzaigun errealitatea bera zela horrela, alegia, argazki kamerak mundua zen bezala jasotzen zuela. Munduaren errepresentazio bakarra zen, eta, bakarra zenez, akasgabea zen. Eguzkiaren aurrean kontraluzean galdutako irribarreak, beraz, ez ziren esistitu, eta kito. Berdin mozkorrarekin eta katuarekin: argazkilariak, sakrifikatu orduko ametitu beharko zuen han ez zela ez mozkorrik eta ez katurik izan.

Hau guztia hala izan zen, gure bizitzan photoshop agertu zen arte. Photoshopek argazkilari guztion eskuetan laborategi perfektua jarri zuen, hain perfektua, ze argazki kamerak ia gizakion begia bezala begiratzera iritsi baiten. Argazkia egiteko unean, kale estua itzalpean geratuko da, eta gerora, ordenagailuan, aplikazio erraz batekin, itzalak argituko ditugu, eta hantxe agertuko zaigu, magia balitz bezala, mozkorra, bere soingaineko zaharrarekin, bere bizar zikinekin, txano zulatua, hatzazkal belztuak... ia-ia, begiekin ikusten genuen horixe ikustera helduko gara, fideltasun harrigarri batez! Photoshopek, beraz, argazkilaritzari gizakiaren begirada itzuli dio. Ordea, Photoshopez moldatutako argazkiek aire irreal bat daukate, gezurrezkoa. Zergatik? Perfektuak direlako, hain perfektuak, ze garai bateko inperfekzioa falta dute, garai bateko herrena, mozdadea, zabarkeria, egiantzekotasuna. Argazkian ikusten duguna, estimatzen duguna, paradoxikoa bada ere, ez baita egia dena, egiaren antza daukana baizik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.