Baina ez da, jakina. Jakina asko. Euren DNAn itsaslaminen, gizotsoen, banpiroen, gorgonen, mimetisten edo adamstarren arrastorik ez duten gizaki arrunt horiek ez baitute imajinazio nahikorik. Ez Ongia, ez, are gutxiago, Gaitza egiteko.
Kexu agertzen da Morticia eta Gomez Addamsen alaba markaz fuerakoa, Asteazken izena duen hori. Kexu, odola ematen duen hori ez baita odola, pintura baizik, pintura gorria; eta berak, guk nola, ederki asko daki, baita sakon desiratu ere, Carrie nobelaren, Carrie pelikularen azken-aurreko eszena antzeztu behar bada —ardura gutxi biktima edo kulpantea ote zaren— egiazkoari eutsi behar diozula. Edo akabo. Edo kaput. Edo alferrikakoa esfortzua. Wednesday / Miercoles / Asteazken / Mercredi —Latinoamerikan Merlina deitu izan diote betidanik— izena duen izaki paregabeak likido gorria dastatu ondoren egiaztatu du Iluna gogoko ez duten gizaki oies horiek, dantzaldian barrabaskeria gorri traketsa eragin dutenak, ez direla bere parekoak, baizik eta zainetan antzinako inkisidoreen odol usteldua duten kreatura doilorrak.
Netflix plataforman hildakoen, arimen, santuen hilabetetik ikusgai den Wednesday zortzi ataleko telesailaz ari naiz. Igualik gutxi aurkituko duzue zuen etxe barruko pantailetan. Eta ez bakarrik Argiaren bestaldean gustura, aise, airos ibiltzen direnekin dantza, festa, negar edo barre egitea, gustuko izanez gero. Ez. Telesailak bene-benetako afera makina bat ekartzen du plazara. Esaterako... Onartua da, bai filosofoen, bai sortzaileen, bai psikologoen artean, inoiz, lehen baino berandu edo berandu baino lehen, gizonezkoek aita duten gizona hil egin behar dutela (metaforikoki, ahal bada...), baina ezer gutxi ikertu ohi da emakumezkook ama dugun emakumearekiko gure harremanaz, argi-ilun dexente duen horretaz. Alta, ezin ukatu, beti iristen da (zaigu) une bat noiz ama hori lehiakide bihurtzen den.
Charles Addamsek sorturiko marrazki eta pertsonaiak abiapuntu zituzten Addams Family telesaila eta pelikulak maitatu / gurtu ditugunok sekula ez genuen horretaz serio pentsatu... 2021ean animaziozko The Addams Family 2 ikusi genuen arte. Bertan baziren pista lagungarri nahiko. Asteazken ez zen addamstarra sentitzen. Bere bidea aurkitu nahi zuen. Ez Argiaren izakia bilakatzeko, ez pentsa, ez arduratu. Bai, ordea, maitasun beltzaz itotzen zuen familiarengandik ahalik eta urrunen joateko.
Ez genuen pentsatu, ordea, Wednesdayk zineman Anjelica Houstonek antzezturiko Morticia amarekin lotzen zuen soka, zilborrekoa baino estuagoa zen hori, hautsi/moztu nahiko zuenik. Netflixeko telesailean, berriz, haustura mingarri horida abiapuntua, ardatza, zimendua.
Ez eskriman, ez zientzietan, ez biolontxeloa jotzen, ez antzinako eta gaurko hizkuntzetan lehiakiderik ez duen neskatoak, moda gotikoa merezi duen goi mailara ekarri duen horrek, bere burua nahi du ezagutu. Nahi du jakin nortzuk izan dituen arbaso. Nahi du iraganak itxi gabe utzitako zauriak sendatu eta beren zorrak pagatu ez zituzten horiek zigortu...
Inor gutxik gaindituko du Asteazken. Ez kiroletan ez ikasketetan, baina, egiari zor, nerabea da. Bai, Morticia eta Gomezen alaba nerabe hutsa da, eta nahi du jakin zergatik/zer dela-eta dagoen munduan. Bila dabilela konjuru pare batekin asmatzen badu, askoz hobeto...
Badakit jende franko, Cannesko zinemaldiaren arduradunak barne, Netflix eta antzeko plataformen kontra, kontra bizian, kontra sutsuan, kontra gorrian daudela, baina zin egiten dizuet aspaldi zaharrean ez nuela Tim Burton zuzendaria horren sasoi ederrean, horren libre, horren bere buruarekin kontent eta eroso sumatu.
Izan ere, horren sakon maite nuen Edward Scissorhands, Mars Attacks, Frankenweenie bezalako zeluloide mirarien sortzailearengandik urruntzen hasita nintzen. Pena handiz bera baitzen Nightmare Before Christmas miresgarriaren eragile eta ekoizlea. Eta nik Morticia hainbeste miresten dut Jack Skellington, Halloweeneko erregea izanda, Gabonetako nagusia bilakatu nahi zuen izaki ederra.
Bai, Tim baztertzen hasia nintzen. Ez zaizkit interesatzen ez bere Dumbo ez bere Miss Peregrine's Home for Peculiar Children, eta dudatan jarraitzen dut Alizia Lurralde Miresgarrian-en bere egokitzapenarekin.
Hala ere, Lyongo Zinemaldi ezinbestekoan eskaini zioten merezitako omenaldiak poztu ninduen. Biziki. Horren ondoren berreskuratu dut nion legea, Wednesday horretan egin duena zinema pieza perfektua baita. Akatsik gabea, gutako askok maite dugun mundu horretarako sarbide deliziosa. Erreferentziaz eta gutarrak direnek bakarrik harrapatuko dituzten keinuz gainezka egiten duena. Eta zera aitortu behar, Anjelica maite dudan hainbeste maite dut orain Asteazken antzezten duen Jenna Ortega. Barkatuko didazue, utzi behar zaituztet. Bi atal ditut, oraindik, ikusi gabe.

EPPUR SI MUOVE
Sikiera benetako txerri odola balitz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu