Ez zaitu merezi. Zuk askoz gehiago balio duzu. Besteak ez du neurria ematen. Damutuko zaio eta ordurako berandu izango da.
Ohiko esaldiak, esajerazioak akaso, edo zuzenean gezur errukitsuak, askotan esan ditudanak eta behin baino gehiagotan entzun behar izan ditudanak. Emakumeen artean behintzat, Bikote Haustura Osteko Protokolo Heterosexualaren zati inportante bat dira, askotan ardoa lagun. [Gizonen artean ere ematen dira urguilu minduaren erritual hauek? Ez dut ideiarik ere, gizona bazara, faborez, utzi zure komentarioa hor amaieran.]
Esan dut esajerazioak eta gezur errukitsuak direla, eta bistan da beti ez dela horrela. Batzuetan egia da besteak ez zaituela merezi, edo besteak ez duela merezi, zuzenean; sufrimendua ekarri duela zoriontasuna baino. Eta kasu horietan arindua eta poza baino ezin dugu sentitu laguna azkenean liberatuta ikusterakoan.
Baina jar gaitezen beste egoera horretan, zeinetan, bikotea, amaierako bolada eskas hori kenduta, zoriontsua izan den. Elkarrekin egon dira, zer dakit nik, hamabi urtez, eta are bi haur ekarri dituzte mundura. Demagun emakumea musikaria dela, eta askotan kantatu diola bikotekideak ekartzen dion bozkario eta gozamenari. Ezerk ez du aditzera ematen faltsukeriatan ari denik. Publikoan beti agertu dira zoriontsu eta enamoratu. Gizonak bere Twitter kontua erabili du behin baino gehiagotan bikotekidea zein zoragarria den aldarrikatzeko (demagun gainera 20 milioi jarraitzaile dituela morroiak sare sozial horretan, futbolaria edo horrelako zerbait delako).
Halako batean, baina, maitasun istorioa amaitu da. Ez hori bakarrik, gizonak beste batekin hasi du harreman berria. Protokoloa martxan jartzeko ordua heldu da. Agian emakumeak—demagun Shakira duela izena— ez du lagunik eta horregatik egin behar izan du bere azken kanta hori, Youtube eta Spotifyko errekor guztiak hautsi dituena. Edo agian baditu lagunak, eta zabaldu ditu ardo botilak zientoka, baina bere sorkuntzarako grinak eta negozio planak eraman dute ohiko protokoloari atal berri hau gehitzera: milioika pertsonak berehala entzungo duten kanta bat egitea, bere burua laudatuz eta bestea —bikotekide ohia zein haren bikotekide berria— irainduz.
Hotzean pentsatuta maitasunaren hasiera eta maitasunaren amaiera oso antzeko prozesuak dira. Biak datoz nartzisismoak markatuta. Norbait nitaz maitemindu da. Kanpotik ikusita ausari baino ezin diogu leporatu fenomenoa. Ez dago laranja erdirik, soilik hortik pasatzen zen norbait, momentu eta toki egokian pasatu ere. Istripu bat, to fall (in love) edo tomber (amoureuse) aditzek adierazten duten moduan. Baina barrutik oso bestelako esplikazioa ematen diogu istripuari, erorketari. Norbait nitaz maitemintzen da eta azkenean baieztatzen du neure buruaz beti susmatu dudana: berezia naizela, unikoa, eta azkenik norbait ohartu dela. Bazen garaia!
Harremanak aurrera egiten badu eta modu osasuntsuan garatzen bada, fase nartzisista hori gainditu ohi da. Beste pertsonarekin geratzen gara zerbait eraikitzen dugulako elkarrekin, ohituragatik, komunean dugunagatik edo ez dugunagatik, konpainiagatik, sexuagatik edo, gehienetan, gauza askoren konbinazioagatik. Hamabi urte eta gero, ziurrenik ez dugu pentsatuko bestea gurekin dagoela bereziak eta unikoak garelako, nahiz eta pentsatu dezakegun bion artean eraikitakoa badela berezi eta uniko samarra.
Amaitzen den arte. Edozein dela arrazoia, hasierako laukitxora bueltatzea dakar hausturak. Eldarnio nartzisistara, alegia. Baina ez al nintzen hain berezia? Eta ni ez banaiz aldatu, nolatan ez dago bestea nirekin maiteminduta orain? Nolatan konformatzen da bigarren mailako batekin orain, onenarekin zegoenean? Ausari leporatu beharrean (maitasunean erortzen garen bezala, halako batean, altxatu eta hortik atera gaitezke, beste nonbaiten erortzeko), eta ni berezia naizen ideia ezin baztertuta, aukera bakarra dago: besteak burua galdu du, ergela da, gaiztoa, zitala, urde zikina.
Ez dut esango gizon ergel, gaizto, zital eta zikinik ez dagoenik, jakina. Esaten dut, ziurrenik, eta batez ere harreman luze eta zoriontsuen ostean, hasieran bezain ergela dela tipoa.
Eta norberari buruz zer esan? Gauza bera: besteak bezain bereziak garela maitasunaren hasieran zein maitasunaren amaieran. «Love is a losing game», kantatzen zuen Amy Winehousek. Jolas horretan tarteka mina emango eta besteetan minduta aterako gara. Agian Shakira ere iritsiko da kantatzera, fase nartzisista gaindituta, Merina Grisen bertso horiek: «Dena ihesi doa, ta zahartzen ari gera/ agian ez gara hain bereziak».
Zahartzen jarraitzeko pribilegioa dugun bitartean jolas egiten jarraituko dugu. Maitasuna bataila galdua bada ere. Porrotez porrot amaierara arte. Ze aspergarria dena bestela.
LAUHAZKA
Shakira eta nartzisismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu