Ander Lipus.
LAUHAZKA

Senpere, Senpere

2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Txikitan Sanjuandeluzera joaten nintzen dentistarengana. Iparraldera joatea muga pasatzea zen. Lauburuek eta ikurrinek Euskal Herrian nintzela gogorarazten zidaten. Baina zein Euskal Herri?

Txikitan, Bizkaiko Markina-Xemein herrian, Lea-Artibai eskualde euskaldunean, jaso nuen gure kultur adierazpide ezberdinen transmisioa. Zortziko, launako eta banako, ezpata dantza, Xemeingo dantza, zahagi dantza… guztiak ikasi nituen plazerez, Felipe Amutxastegi maisuak munduko dantza talderik onena izateko trebatzen gintuelarik. Jose Luis Agirre zenak ere txistua eta txirula jotzen irakatsi zidan umorez eta pazientziaz. Gau eskola zein aisialdi taldean hamaika euskal kanta ikasi eta kantatu nituen eta Marije Errastik ondo afinatzen irakatsi zidan. Zeramikan ere aritu nintzen Blanca Segurarekin eta Juan Ibarzabal Buztarri zenarekin kuadrilla polita osatu genuen bertsotan aritzeko. Gure kultura deitzen dugun honen pentsamendu eta iruditegi zabala Luis Baraiazarra Aitxeluis-ek transmititu zidan.

Gogoko dut guru hitzaren esanahia. Gu hitzak iluntasuna esan nahi du eta ru uxatzen duena. Beraz, guru, iluntasuna uxatzen duena da. Artearen bidean argitasunera eramaten zaituen maisua. Hala definitzen du Eugenio Barba Odin Teatret-eko zuzendari eta antzerki antropologian adituak.

Ni ere, ibilia naiz Indiako Kathakali edota Koodiyattam antzerki-dantza tradizionalak aztertzen, edota Baliko dantza eta maskarak. Nik ere, izan ditut nire guruak. Eta kanpora irteterakoan ohartu naiz barruan daukagunaz, gure herriak dituen adierazpide kultural aberatsez. Beste kultura batzuekin alderatuta ez hobea ez okerragoa. Kodeak aldatzen dira baina ez printzipioak.

Eta Iparraldean aurkitu ditut, galarrots, pastoral, maskarada, kabalkada, tobera eta libertimenduak. Iparraldean aurkitu ditut transmisio kanalak, meheak, herri guztietan bezala garai berrien ondorioz desagertuz doazenak, zentzua galtzen edota aldatzen doazen transmisio kateak. Iparraldean ezagutu dut Larzabalen Teatroa. Haize Berri eta Kitzikazak/n. EKE eta Landart. Hameka. Txomin Héguy eta Théâtre des Chimères. Tipul eta Putil. Hebentik. Ttittika, Bedaxagar eta Etxekopar. Barkoxeko Etxebarriatarrak. Kristian Etxaluz eta Amaren Alabak. Itxaro Borda eta Maddi Oihenart. Fuchs anaiak. Mattin Irigoien eta Antton Lukuren teatroa. Eta fluxu horietan parte hartzea pribilegioa da. Iparraldean antzerkiak duen dimentsioa ezagutzea, ezinbestekoa. Iparraldea ez delako bakarrik lauburu eta ikurrin.

Urte osoa pasa dut astean behin Senperera joaten. Motze auzoan Andoni Iturriozek kudeatzen duen Larraldea baserriak ireki dizkio ateak euskal kulturari. Aktibitate handia dago bertan, erakusketa, kontzertu, antzerki errepika, bilera eta tailerrak aurkitzen ahal dira aste guztian. Hainbat elkartek dute bertan egoitza: Lapurdi 1609, Bertsularien Lagunak, Integrazio Batzordea, Euskal Herrian Euskaraz, Hatsa poesia, Kiribil Taldea eta Iduzkilore Antzerki Taldea.

Azken horrek deliberatua zuen Telesforo Monzonen Hazparneko Anderea taularatzea, baina zuzendari faltan zeuden. Petit Téâtre de Pain-eko Manex Fuchs aktore eta lagunak eskatu zidan taldea zuzentzeko. Nahiz eta hasiera baten Monzonen testuarekin nire zalantzak izan, baiezkoa eman nuen.

Antzerki lan batek behar dituen epeak ikusita, estreinaldi lekua eta eguna finkatzeko, Senpereko auzapez eta kultur teknikariarekin hitz egitera joan ziren taldekoak. Eta sorpresa! Senperen ez zela emanen. Bazela beste talde profesional bat, eta ezin zela, eta gurea amateur zela eta euskaraz, eta bla, bla, bla… frantses erara, baselinarekin!

Bluk, nire lagun-minak, zera esan dit: «Badirudi Herri Urrats eta Xilabarekin urteko euskal kupoa bete dutela!». Nik lasaitzeko esan diot. Antton Lukuk bere Euskal kultura? liburuan esango lukeen bezala: «Apartheid gure alde itzuli behar dugu». Omegara iritsi baino lehen —eta euskaldun guztiz kolonizatuak bilakatu baino lehen-Z armatu beharra dago.

Hau ez da Martin Scorsese-ren New York, New York. Ez da hainbeste estimatu izan dudan Tadeusz Kantor poloniar zuzendariaren Wielopole, Wielopole. Idatzi gabeko obra da hau: Senpere, Senpere. Beharrezkoa zait gertatzen direnak kontatzea eta salatzea. Herri baten kulturari horrelako mespretxua egiteak erresistentzian eta lubakietatik tiraka ibiltzera behartzen gaitu. Datorren larunbatean, Uztaritzen emango dugu lehena, urriaren 25ean. Eta segidan Euskal Herriko beste hainbat herritan. Gure euskal teatroaren klasikoak berrasmatzeko intentzio eta kemenarekin. Tamalez, ez da Senperen emana izango.

Txikitan, Markina-Xemeinen ez zegoen antzerki talderik. Egun, Abarka Antzerki Taldea sortzea eta egonkortzea lortu dugu.

Eta Iparraldean, Iduzkilore taldean, Mizel Brust aktorea ezagutzeko aukera izan dut, baita bere garaian Xirristi Mirristin ibilitako Peio Berrokohirigoien Bixoko eta Pierre Larre Partza, Zpeiz Mukakiko Iban Ithurbide, Hiru Punttun aritutako Maialen Fauthoux edota txikitako, Sanjuandeluzeko, Kattin Mendiburu, dentistaren lankidea. Eta ederra da Euskal Herrian lan egiten duzula ohartzea. Etxean. Ai! Senpere, Senpere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.