Aurreko Lauhazkan «etxotik» idatzi nuelarik, batek baino gehiagok galdetu zidan ea zer arraio zen hori. Atezuan jarri nintzen, Euskaltzaindiaren indar bereziak etxera noiz ailegatuko, eta, zer gerta ere, hona hemen nire deklarazioa:
Ez da nire asmakuntza, noski; esango nuke lehenbizikoz Iñaki Segurola zenari entzun niola Hankak Lurrin saioan. Izan ere, ez zait gehiegi kostatzen imajinatzea Segurolari ez ziotela graziarik egingo erdaretako de hecho edo in fact-en ustezko euskarazko ordain korrektoek: egiatan, izan ere, izatez… Ez behintzat testuinguru jakin batzuetarako. Euskaraz idazten duten askok sentituko zuten sentsazio hori, alegia, ordain horiek kamuts zaizkiela. Egiatan, ez dakit etxotik beharko lukeen edo hechotik, edo hetxotik… Jagonet-en galdetzeko tentazioa izan dut, baina berehala uxatu dut bulkada, arrazoi agerikoak tarteko.
Gero ohartu nintzen, kasualitatez, aurreko artikulua argitaratu zenean egun eskas batzuk paseak zirela Segurolaren heriotzaren bigarren urteurrenetik, eta haren letra eta esanetara itzuli naiz tarte honetan.
Euskaraz idazten hasi berri den norbaitek galdetuko balit zein idazlerengan jarri beharko lukeen arreta, Segurola izango litzateke, dudarik gabe, aipatuko nizkion lau-bost idazleetako bat. Ziur aski Segurola beraren amorraziorako, susmoa baitut derrepente asaldaraziko zukeela bere burua idazle jende-modu horren saldoan ikusteak.
Euskara biziberritu behar dela eta hor ibiltzen dira soziolinguistak jo eta su –ez dute (dugu) lan makala–, baina, esango nuke ahaztu egiten zaigula gehiegitan hizkuntza biziberritzea ere badela, esaterako, Segurolak egiten zuena. Literatura ikasketetan sarri aipatzen da idazle handiek mintzaira oso bat sortzen dutela beren obrarekin, eta gurean ere halaxe gertatu dela esango nuke: hor dago Gabriel Arestik avant la lettre osatu zuen euskara batua, edo Itxaro Bordaren euskara multiplikatua. Idazleen biziberritze horiek gabe ezin baitu hizkuntza batek iraun.
«Hain kitzikagarri, inteligente eta euskaratik ondua zen Segurolaren idazkera, ezen maiz pentsatu izan baitut ia ezinezkoa litzatekeela beste hizkuntza batzuetara itzultzea»
Segurolaren liburu bat irakurri duen edonor jabetuko zen bere idazkera ezin bakanagoa zela. Hain kitzikagarri, inteligente eta euskaratik ondua zen, ezen maiz pentsatu izan baitut ia ezinezkoa litzatekeela bere idazkiak beste hizkuntza batzuetara itzultzea. Azkueri hartu zion olgetan-benetan esapidea ezin egokiagoa da, hain justu, berak hizkuntzarekin (ere) egiten zuena adierazteko. Eta areago, ez ote da artea edo literatura egitea olgetan-benetan aritzea? Hain justu, horregatik bihurtzen zaizkie lur-eremu lokaztuak esanahi literalaren, transzendentziaren eta seriotasunaren apologetei zein IdPot-etan laketuei.
Izatez, bereziki haren ildo irratizkoan, Segurola euskal umorista handienetakoa izan zen. Euskadi Irratian Arantxa Iturberekin egindakoak edo Hankak Lurrin-eko saioak (Miel eta Mamorekin) euskal umorearen edozein antologiatan sartu beharko lirateke. Bai, uste dut askori gertatuko zitzaiola haren hizketaldi edo testuekin topo egindako estreinakoetan halako ezinegon bat sentitzea. Benetan esan du hori? Baina zertan ari da hau? Posible al da? Baina lehen azal-geruza hori igarotzen zuenari ez zitzaion damutuko, betirako geratuko zen haren hitzen liluraz sorgindua (eta hemen Segurola bera entzuten dut «hitzen liluraz sorgindua» ahoskera enpastatuz parodiatzen).
Pare bat aldiz baino ez ginen suertatu, iragaitzaz, baina ez ditut ahazteko nire aita hil zenean idatzi zizkidan dolumin hitzak. Artean elkarri ezaguera egin gabe, hitz espero gabeek izaten duten zinezkotasun guztiaz bidali zizkidan, eta halaxe jaso nik. Bion arbasoak ekarri zituen gogora, eta, hala, Errezilen elkartu gintuen, bera, bere aita, nire aitona, nire aita eta neroni. Antza (berak kontatu zidalako baitakit), bere aitak eta nire aitonak, Antonino Segurolak eta Karmelo Sarasolak, Errezilgo kaleak elkarrekin korritzen zituzten umetan, eta mendea eta segundoa gurutzatu ziren istant hori baliatu zuen, hari ikusezin batez, gero etorri ginen guztiok ere haiekin elkartzeko. Orain, nerau naizenez zera honetan geratzen naizen bakarra, lagun kuadrilla horri hel egiten diot Errezilen egokitzen naizenero. Eliza atariko karelean itxoiten diet eserita eta, luze gabe, hantxe ikusten ditut nola iristen diren banaka, bakoitza bere bidetik, patxadaz. Besoei eraginez iritsi ohi da Iñaki, espantuka, eta gu zain geratzen gatzaizkio, ea oraingo honetan zerekin datorkigun. Datorren lekutik datorrela, gizonak jarraitzen du-eta izaten oraindik amorraziorako motibo franko. Eta denok barre-algaraka bukatzen dugu beti, jakina.