begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Sarraski esparruetan praka motzetan

2025eko otsailaren 7a
04:10
Entzun

Auschwitzen liberazioaren 80. urtemuga bete zelarik, irrati batean, Endlösung der Judenfrage (Juduen arazoaren amaia konponbidea) hobekien islatzen zuen filmaz galdetu zieten entzuleei. Askok eta askok horren ezerezkeria hutsalak diren Roberto Benigniren La vita e bella edo, arras txikikeria petralagoa den Mark Hermanen The Boy with the Striped Pajamas aipatu zituzten, erreparatu barik melenga oso direnik eta herio-esparruetan gertatutako horrorea zeluloidezko azukreaz estaltzen/eztitzen dutenik.

Badira horiek baino ziento bat aldiz gomendagarriagoak diren zinema puskak. Haietako gehienetan, esperantzarako biderik ez da, eta horrek, jakina, beldurra ematen dio ikusle frankori. Claude Lanzmannen Soah eta Le dernier des injustes lan funtsezko, ezinbesteko bi horiek gaindituko duenik ez dela aitortuz, egin diezaiogun errepasoa itxaropenik gabeko esparru, gas kamera eta labeetan gertatu zena aipatu beste biek baino askoz hobeto, gordinago ere, kontatu izan diguten film hainbati.

«Claude Lanzmannen Soah eta Le dernier des injustes lan funtsezko, ezinbesteko bi horiek gaindituko duenik ez dela aitortuz, egin diezaiogun errepasoa itxaropenik gabeko esparru, gas kamera eta labeetan gertatu zena aipatu beste biek baino askoz hobeto, gordinago ere, kontatu izan diguten film hainbati»

Ez ditzagun bakarrik begira Auschwitz-Birkenaun, Dachaun edo Theresienstadten gertutakoa gureganatzen duten horiek, baizik eta herio-industria hark hamarkadetan zehar jendearengan, herriengan, herrialdeetan suaz, odolez, mendeku grinaz eta lotsaz iltzaturiko arrastoa aztertzen duten beste batzuk ere.

Nire irudiko, bi dira galdu ezinezko lanak: Jonathan Glazeren The Zone of Interest eta Laszlo Nemesen Saul fia. Lehenengoan, hotzikarak zeharkatzen dizu gorputza Auschwitzeko gobernadore-aren emazteari entzuten diozunean horixe zela biontzako amestu zuen paradisua. Ez dago prest, inolaz ere, bertatik alde egiteko.

'The Zone of Interest' (2024)
Jonathan Glazeren 'The Zone of Interest' (2024)

Bigarrena fisikoa da zeharo. Organikoa. Atsedenik hartzen ez duen kamera batek harrapaturik, muntaketa basaren atzaparretan zaudela, esparruetako kiratsa usaintzen duzu, esparruetako beroak itotzen zaitu, esparruetako hil ala biziko borroka bukaezinean, desesperatuan sumatzen dituzu zure hezur, errai eta burmuina. Benetan diotsuet, pelikula urrik azaldu izan digute hori, esparruetako zikinkeria, esparruetan zeuden gizaki horien zaurien zornearen gustu mingotsa….

Esparruetako gizakia bizirik (baina hil hurren) den organismo bat bezala film gutxik erretratu dute. Horrexegatik da hain adierazgarria Julia von Heinzen Treasure-ko esaldi bat.

Une askotan komediatzat jo dezakegu Treasure. New Yorkeko emakume kazetari bat Poloniara doa, familiaren aztarnak aurkitu nahian. Bidaian, Auschwitzen izandako aita izango du lagun. Alabak Polonian barna ibiltzeko trena proposatzen duelarik, errefus egingo dio aitak, ez da bagoi batean sartuko. Pertsonaia alaia, bihurri samarra, bazterrak gozo-gozo nahasten dituzten horietakoa denez, irribarrez hartzen du ikusleak ezezko hori. Are bidaia Mercedes batean egin nahiago duela aditzen duenean…

Auschwitzen gaudela, errefus horrek beste esanahi fuerteagoa hartzen du. Gidari ofizialaren azalpenei kasu egin gabe (zuzendu ere egiten dio), Edek lurra zapaltzen hasten da, tren errail herdoildu batzuk bilatu arte... Trenetan, lepo kargaturiko bagoietan, eramaten zituzten juduak esparruetara. Ez zen kapritxoa Mercedesen joatea, beharra bazik, nola sartu berriro tren batean? Eta esaldia, esaldi fisikoa, hauxe: kaka orkatiletaraino iristen zitzaigun.

Nahitaez ikustekoa den Treasure-k bat egiten du ez bakarrik Saul fia-ren fisikotasun organikoarekin, baita Sergei Lonitzsaren Austerlitz lan sekulakoarekin ere. Nolatan egiten dute biek bat?  Ba, hotelean gosaltzen ari direla, Edekek turistentzako eskuorri batzuk begiratzen ditu. Bertan, Auschwitz bisitatzeko aukerak eskaintzen dira; handik bizirik baina betiereko zauritua atera zenak ezin sinetsi, nork nahiko luke sarraski-esparru batean oporrak eman?!?!.

Ba jende saldo batek. Hori azaltzen du elkarrizketarik gabe, baina pareko gutxi duen soinu diseinua maisuki erabiliz Lonitsza sortzaile-salatari bielorrusiarrak Austerlitzen. Filmaren hasieran non zaudela ere ezin jakin. Jendetza paseoan ote? Udatiarrak praka motzetan, mahuka-hutsik, sandaliekin, argazki kamerak lepotik zintzilik, safari batean? Louvreko La Gioconda ikusteko pilatzen diren esperientzia-ehiztari XXI. mendekoak?

Pelikulak ez dizu inolako argibiderik emango. Nahi izanez gero, burdinazko seinale bakar bat erabil dezakezu zeure burua kokatzeko, Auschwitzeko sarreran zegoen zorigaiztoko hura, alegia: Arbeit Macht Frei (Lanak aske egiten du). Bai, pantailan agertzen diren bikote ezkondu berriak eta umeak haur-kotxean daramatzaten senar-emazteak sarraski esparrua ari dira bisitatzen. Praka motzetan. Neuronaz eta arimaz hutsik.

Ahaztu marradun pijamaz jantzitako umea, ez sinetsi Begniniri, bizitza sarriegi ez da batere ederra. Alderantziz, bizirik zaudela ere, nahiago hil. Okerragoa ere, batzuek bizirik iraun zuten. Betiereko minetan.

 Ikusi aipatutako film horiek, plataformetan daude. Oharra: sasoian izan behar, animoa, talantea, umorea, arima ilunduko dizute eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.