begona del teso
Eppur si muove

Sariak gosaldu zituen ehunzangoa

2024ko otsailaren 16a
05:00
Entzun

Espainiako zinemagintzaren Goya saririk ez zuen Patrick animaziozko pelikulan protagonista den Martin ehunzangoak jaso, ez. Bai, ordea, Bilbon jaioa denez munduko pantaila guztiak bere egin dituen Pablo Bergerren ametsetan, dantzan, eskutik hartuak eta abandonuan ere badiren txakurrak eta robotak. Bide batez, Oscarretan da lehiakide Pablo, kontu jakina baita bilbotarrek ez dutela jaio nahi duten lekua aukeratzen bakarrik, eta bazterrak konkistatzen dituztela ere.

Ikurrik ez Patrick-entzat. Berdin dit, omendu nahi dut nik hemen Kanadatik etorri bezain pronto euskaraz eta hiru asteburutan (hor marka, hori!) gure saloietako izkina pare bat baino gehiago hartu izan duen Sophie Royen film hori.

Ez da mundu ezagunaren azken-aurreko miraria, baina, gure etxe ondoko aretoetatik atera eta gero, Zineuskadiren bitartez gure etxe barrukoetan (nahi izatera) izango dugunez, bere erresilientzia laudatzea ez deritzot, ez, ideia makala. Izan ere, markaz kanpoko estreinalditzat artatu dute berea, eta erraldoiak ziren, dira, zinema korridoreetan luze iraun duten kolorez beteriko kutxa magikoek ematen dituzten hiru dimentsiotako bere afixak.

Beste hamaika animaziozko filmetan nola, zomorroak gure begien bistan hemen ere. Giza itxura eta sentimendu gizatiarrak dituzten horietakoak. Euskal Herria korritzen ari den filmetxo honetan, tximeletak, Monarka espeziekoak. Estimu handian ditu jendeak, migratzen duten pinpilinpauxa espezie bakarra baita. 5.000 kilometroko bidaia egiten dute urtero Kalifornia eta Mexiko aldera, 5000koa milioika osaturiko talde hegalarietan. Baina ez pentsa; bai jendeak bai adituek preziatutzat jo arren, desagertzeko arriskuan dira. Zergatik? Jaki duten lorerik gozo eta elikagarriena, Asclepias curassavica alegia, gero eta gehiago agertzen delako gure lorategi pribatuetan eta… gero eta gutxiago natura librean… Horretaz mintzo da estreinaldi mundiala izan duen pelikulatxoa.

Bertan, goiburuan aipaturiko mamorro gosetia agertzen da, ehunzango tuntun eta maitabera (dozenaka pelikulatan ikusi ohi ditugun horietako beste bat…). Kostata ekiten dio eguneko martxari… dituen zango horiek guztiek majo gosaldu arte ez baitute indarrik hartzen.

Atari (hala) moduzko lerro hauek zerbaitetarako beta ematekotan, agian pulamentu gutxiko gogoeta honetarako izan daitezke, Espainiako Zinema Akademiako kide guzti guztiek —10.000 inguru oin dituen ehunzango munstro antzekoa da juntadizo hori— zeluloide bera mastekatu zuten Goya sarietako beren gosarian. Elurrez egindako pastela. Ez da harritzekoa. Elurrez egiten zituzten izozkiak Granadako arabiarrek, eta La sociedad de la nieve, dozena bat ikur eskuratu dituena, Sierra Nevadan da filmatua….

Akort, Historiari eta gastronomia-kondairei erreparatuz gero, polita dirudi, baina zelako irudimen falta, ez zaizue iruditzen? Zera ematen du, Akademiako guztiek kolpe bakar batez lauki bakarra marratu zutela, J.A Bayonaren La sociedad de la nieve-ri zegokiona, hots. Besteei jaramonik egiteke. Bai gusturik gabeko, energiarik gabeko gosaria 10.000 zango (bider bi) dituen zomorroarentzat: elurrezko pastela!

Eskerrak ezin zituztela animazioaren eta dokumentalen ikurrak eman. Eskerrak pelikulan den emakume bakarra segituan desagertzen den —jan ote zuten????—. Bestela, ez Anek ez Janetek ez lukete beren Goya eskuan!

Hoteletan maiz duzu eskura gelara eramango dizuten gosaria osatzeko orria. Hamaika aukera daude. Imajinatzen kafea, kafea, kafea, kafea baino ez eskatzea? Bai pena, bai tristura, bai hautu aspergarria….

Bale, buelta gaitezen zomorroen istorioetara Cannesetik eta Donostiako Zinemalditik pasatu ostean, 2024a hasi berritan Lapurdin estreinatua izan eta gero, Hegoaldera segituan iritsiko den Todd Haynesen May December horretan, eztabaidarako parada sutsua ematen duen deabrutze zoli horretan, All About Eve miresgarriarekin kontaktu puntu bat baino gehiago dituen Natalie Portmanen eta Julianne Mooreren arteko ganbera kontzertu zeluloidezko honetan agertzen zaizkigu berriro Monarka mitxeletak. Eta hemen, protagonistaren senar gazteak hazita, zera ematen du, Patricia Highsmith antzeko kreatura batek hortxe jarri dituela propio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.