Zuzendariak sekulakoa bota digu entsegu amaieran. Ezer berririk ez. Kontzertuaren aurretik ikara sartzearenak funtzionatzen du batzuetan. Zenbaiti polizia bat aurrean edukitzeak performer sena zorrozten die; beste asko, ordea, platano bihurtzen gara. Substantzia likatsu eta izerditsua askatzen dugun belaki belarrigabeak. Irrist egiten hasten gara etengabe geure buruarekin. Eta besteak gurekin erorarazten ditugu.
«Inork ez dit begiratzen, c'est incroyable!», hasi da. «Ez dut ici tximino baten moduan manoplak airean astintzen alferrik aritu nahi. Mesedez, jarraitu nire inpultso eta keinuei! Alors... hasieratik... trois, quatre!».
Hasi gara jotzen. Maestroa zer nolako hotsa sortzen dugun butaketatik aditzera joan da eta bakarrik jarraitu dugu: «Zer uste zenuen, zu gabe ezin dugula jo, ala? Pailazoa!», entzun dut nire buru barruan. Haserre nago. Baina kixkaltasuna ederki gordetzen ikasia naiz hainbeste orkestra-entrenamenduren ondoren. Disimuluaren poker-musudun erregina naiz.
Kadentziako azken akordea jo dugu. Sol Maior baino Euri Peor iruditu zait. Ze desafinea! Noski, dultzainero batekin ari gara jotzen, eta musika tresna horrek bere jerga liluragarri propioa du... sol eta fa sostenidoaren tarteko zerbait: Sa Foltenido. Estilo gurutzaketen arriskuak dira hauek, klabezina eta dultzaina ezkontzea oso guatxi geratzen da, baina afinazioak maitale ohiaren rol minbera hartzen du.
«Ene, orain bai jarriko dela sutan gure Chef d'orchestre gorena...».
Zirkinik egin gabe itxaron dugu zuzendariaren agertokirainoko pausoak entzunez.
«C'est insoportable! Zenbat Herziotan dago klabea?», galdetu du, ia-ia ahoa ireki gabe, hitzak hortz tartetik tagliatelle beltzak bezala irteten zaizkiola.
Kontzertinoa zerbait erantzuten saiatu da (kontzertino bat beti saiatzen da zerbait esaten):
«Barka, baina areto hau oso umela da, eta hemen afinazioak beti ekartzen ditu arazoooo...».
«Mesedez, ez eztabaidatu! Gauza bat eskatu dut, mon Dieu!».
Isiltasun hil batetik, ahots haritxo bat berpizten saiatu da:
«419 Herziotan dago oraintxe klabezina, kontzertuaren aurretik jaitsiko dut atzera 415era, Monsieur le Chef».
«Merd etout le monde!» esanez eman du amaitutzat entsegua zuzendariak. Zalantza izpiak kateatu zaizkigu ilajean, gari hondarrak bailiran: « Zortea opa nahi zigun? Ala kaka plastan bainu bat ematera gonbidatu gaitu?».
«Goazen birra bat hartzera», esan dit atrilkideak.
«On y va, bai, gaur Santa Zezilia eguna da eta...».
Beranduago, agertoki atzean, bele beltz ilunak gure jantzietan, hasi zain gaude. Bazter batean, zuzendaria, besoak alde batera eta bestera mugitzen dituen giza helikopteroa da: benetan da patetikoa zuzendari bat praktikatzen ikustea... xerra bat zartaginik eta xerrarik eta oliorik eta sukalderik gabe frijitzen aritzearen antzerako zerbait. Erretxindua dirudi oso gainera! Surik gabe frijitzeak erretzen al du, bada?
Alboko txelista errusiarrak eta nik elkarri begiratu diogu: «Etxiera joan niahi diuuut», bota dit ahots oso baxu eta etsiaz.
Ama, a ze giroa!
Sartu gara agertokira. Eseri gara bakoitza bere aulkian. Eman du sarrera zuzendariak. Eta zorrotz iltzatu dugu lehendabiziko down beat-a. Sarrerako pieza jotzen ari garela, maestroaren imintzioak oso dira bortitzak: «Nik nahi dudana egingo duzue, idiot kuadrilla alaen hori!».
Zer erremedio.
Primeran doa kontzertua. Maestroa erlaxatu egin da. Boterearen jabetza ezin dio inork uka, kontrolpean gauzka, 17 lagunon 33 begieta erdiak begira ditu. Lortu du. Bezatu du orkestra garen animalia.
Irribarre batek egin dio eskapu, orduantxe. Satisfazioa hortz bihurtu baitzaio, perkusionista bi behatzetako zinbaltxoak a tempo giusto jotzen ari den une berean. Eta horixe izan da, irribarre ttipi horixe, nire irristaria, jaun-andreok. Kontzentrazio falta? Ala Zezilia santuba izan da platano azala jaurti didana? Txirrist! Isiltasunaren erdi-erdian, bananaren antza jasanezina duen nota oker bat jo dut: ñiiiiiiiiiiiii!
Muki zikin bat bezala geratu da itsatsita airean, gure belarrietan, betirako.
Betirakoooooo!!!
Gorri-gorri jarri den ipotx bihurtu naiz.
BanaNOTA horrek algararen erreflexua martxan jarri du nire albokoarengan, ji-ji-jiii... ai-ai-ai... dultzaineroaren soloa da orain datorrena... eta dultzaina jotzailea, irriek nahastuta-edo, konpas erdi lehenago hasi da jotzen, Musika Kakofonikoaren garaiari hasiera emanaz. Zuzendariari helizeak sorbaldetatik ateratzeko moduan dabilzkio. Musikari bakoitza galdurik dabil, algara erreprimitu, disonantzia, fruta tropikal eta oilaloka-desafine gorenaren oihanean.
Munduko akats txarrik bikainena. Horixe izan da gaurkoan egin dudana: gora!
Kontzertuak ikustera joaten ez denak gauza ikaragarri ederrak galtzen ditu.
LAUHAZKA
Santa Zeziliaren bananondoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu