Cira Crespo.
Lauhazka

Santa Kruz apaizaren historia

2024ko otsailaren 11
05:05
Entzun

Egun hartan, sorbeltzen udako txioak entzuten ziren, eta zerua argi-argi zegoen. Gu zaharberritutako baserri baten ondoan geunden eserita, aitaginarreba eta biok. Eta pentsatu nuen, akaso, duela urte asko, handik ibiliak izango zirela Gerra karlistetako soldaduak ere, inguruko bideetatik, norbaiten atzetik, edo ihesi, uda hartako sorbeltzen txioak entzuten. Zerura begiratuko ote zuten gure arbasoek guk ikusten ditugun sorbeltzen arbasoei begira? Nahiz eta ohiturak jarraitu zaleak izan, eta udaro leku beretara joan, sorbeltzek ez daukate Historiarik, zeren gizakiok oroipenei eman diegun forma berezia baita Historia.

***

Bezperan Orixeren Santa Kruz apaizaren liburua hartu nuen aitaginarrebaren liburutegitik. Baserri hartako apalak altxorrez beteta daudenez, beti zait erakargarri iluntze aldean apalategi hari begiradatxo bat ematea; bada sorpresa atseginen bat beti.

Mesanotxeko argitxoa piztuta, ohean nintzela, liburua ireki nuen: «Santa Kruz apaiza hil omen da. Oraingoan bai, egia da». Tenplu sarreretako zutabeetan idatzitakoak bezalako hitzekin hasten da liburua. Hitz zehatz eta soil horietan gero esan behar den guztiaren zantzuak aurkitzen dira. Orixe egiaren bilaketa bat egiten saiatu zen liburuan, metodo historiko zorrotza erabiliz.

Esaten da Greziako Tuzidides hasi zela metodo historikoa definitzen, Peloponesoko Gerraren Historia idaztea erabaki zuenean. Horrela azaltzen digu bere asmoa: «Gerran gertatutakoei dagokienez, pentsatu nuen haiek kontatzeko ez nuela fidatu behar ez aurrena iritsi zenak esandakoaz, ez neronen iritziaz: kontatutako guztia, beraz, edo nik neronek ikusitakoa da, edo kasuan-kasuan ahal den bezain zehatz ikertu dut». Eta horixe, egiaren bilaketa zorrotzarekin, iritziaren gainetik joateko borondatearekin hasi zen guk ezagutzen dugun Mendebaldeko historia.

Orixek ildo horri jarraitu nahi izan zion, eta ariketa bera egiten du: Testuan zehar etengabe zehazten digu nondik ateratzen dituen datuak, edo lekukoak zein izan diren, eta abar. Dudarik ez da transkripzio eta zuzeneko lekukotzak izan zituela. Tuzididesen kasuaren aldean, hala ere, beste gauza batzuk gehitzen ditu Orixeren saiakerak; herri zapaldu bateko kide garenon ohiko beldurra du Orixek, ez dela justiziarik egin, gure historia guk kontatu ez dugunez, ez dela ondo kontatu. Beraz, Orixerengan ere aurkitzen dugu historia bidegabe bat zuzendu beharra. Kasu konkretu honetan, bere iritziz, Santa Kruz apaizari buruz esan ziren gezurrak agerian utzi behar ziren. Horregatik ere bada garrantzitsuagoa berarentzat froga fidagarriak aurkeztea, Historia hegemonikoko kide ez garenon sinesgarritasuna beti izango baita zailagoa; historia besteek baino hobeto egin beharrean gaude.

Pena izan nuen liburutxoa ia inork historia liburutzat sailkatu ez duela ohartzean, eta ez dela Orixeren saiakeren zerrendan jartzen, nahiz eta Orixeren ahalegina nabarmena izan. Euskarazko lehen historia liburuen artekotzat ikas genezakeen, historiografia euskaldunaz hitz egiteko funtsezkoa izan zitekeen, baina nahiago izan dugu, ia beti, liburutxo horretaz euskararen erabilera ederragatik akordatu.

Pako Aristik pasa den astean zioen historia garaikidearen kontakizuna galtzen ari garela euskaldunok, eta egia da, eta ez da berria: ez dakit zenbat aldiz galdu dugun honezkero garaian garaiko historia garaikidearen errelatoa. Zenbat kontakizun kanpotik egindakoak, eta ze historia gutxi egin duten euskaldunek euskaldunentzat; hau da, euskaraz. Irudi du irakurle erdaldunen oniritzirik gabe ezin daitekeela historiarik egin.

Zenbat kontakizun kanpotik egindakoak, eta ze historia gutxi egin duten euskaldunek euskaldunentzat; hau da, euskaraz.

Hala ere, egunotan pozago nago, aurtengo Durangoko Azokan sorpresa bat izan nuelako. Niri gustatzen zaidan Testu Zaharraren argitaletxearen standera hurbildu eta, hara, Santa Kruz apaiza liburuaren berredizio eder askoa eta guztiz irakurgarria. Ez hori bakarrik, Karmelo Landak hitzaurrean ondo kokatzen du Orixeren lanaren garrantzi historikoa, eta historiografikoa.

***

Udako goiz hartan, sorbeltzen hegalaldiaren azpitik, gauza prosaikoei buruz hitz egin genuen solaskide Paulo Iztuetak eta biok. Bera da, hain zuzen, 1991n Orixeren lan guztiaren edizio kritikoa burutu zuena, eta lan monumental honen barruan, Orixe eta bere garaia euskal kulturaren soziologia historikoaren saiakera funtsezkoaren egilea. Elkarrizketa hartan Santa Kruzen liburuaren asmo historikoa baieztatu zidan, eta Orixek erabilitako lehen eskuko iturriei buruz hitz egin genuen. Ez hori bakarrik, xehetasun oso interesgarriak eman zizkidan, eta, berretsi egin genuen baietz, han atzean badagoela, oraindik, zer ikertua eta zer esana.

Gero, Santa Kruz eta bere gizonek hartuko zituzketen bideen ondoan, paisaia beraren inguruan, Orixeren liburuaren lehenengo kapitulu osoa irakurri zidan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.