Zalditegi bat moldatu dute eta hori da gaurko kamerinoa. Euliak, baina barruan merienda. Ispilua kanpora ateratzen dut, argi nahikoarekin makilatzeko. Ondoko gelan Tarta Relena-ko neskak daude. Batek umea izan duela dirudi, hor dabil lasaitzen saiatzen haur-kotxearekin bueltaka hartxintxar pistan.
Katu bat ispilura gerturatzen da, nire oinetan pausatzen da, takoietan bere gorputza igurtziz. Lagunak etorri dira, eta handik dabiltza.
Pistatik elizara noa, jende guztia sartzen ari da. Eszenatokiaren ondoan lekurik ez ote dagoen galdetzen dut. Ezetz. Ea ez den posible jende guztia zeharkatu gabe bertara iristea. Ezetz.
Beraz, abiatzen naiz, jendea begira daukadala. Xelebrea, testuinguruaren arabera arropa bera musikarekin batera beste plano batera pasatzeko elementu lagungarria izatea, eta eguzkiaren argitan, ilaran nire kontzertu propiorako, mozorro bat izatea. Barruan itxaroten dut. Lehengusua etortzen zait, harekin apur bat hitz egin, bi segundo eta aurrera, eszenatokiraino.
Kristo erraldoi bat atzealdean. Hori ez zait gustatzen. Eliza, espazioa, eta ikonoak aldeetan bai, baina justu erdian, gizon hori, gurutzean erraldoi, hiltzen… esanahi gehiegi. Nahiago nuke figura femeninoren bat, adibidez. Baina hortxe dago geroago, mundu ero honetan, story-etan, nire atzean, Instagramen, Jesus gurutziltzatua.
Zaila egiten zait ulertzea batzuetan detaileen kontua. Inporta zaigu, sentsibilitate nahikoa daukagu espazio eder eta mistiko batean kontzertu bat antolatzeko, baina gero, berdin zaizkigu horrelako xehetasunak: bi metroko kristo batek ikuskizun batean monopolizatu eta eraldatu ditzakeen esanahi eta sentipen guztiak.
Zuriz jantzita nago, eta hilekoa jaitsiko zaidala sentitzen dut, minagatik. Dantzatzen jarraitzen dut. Lekua oso ederra da, erromaniko itxura dauka, eta palkoetan aurpegiak ikusten ditut gora begiratzerakoan. Norbait negarrez? Ni ere negar egitekotan nago, abesten dudanak eta espazioak eraginda, agian tontoa da, baina gertatzen zait, Jesus honetan sartu gabe; espiritua sentitzea, esan nahi dut.