1. OLATU BAINOAGO, UHOLDE
Ikusi ditugu Durangoko (Bizkaia) Landako guneko argazkiak. Liburu eta disko azokako ohiko irudiekin alderatuta, masa bat ageri da bertan. Hiru mila emakume. Itzela eta hunkigarria dela esan genezake, botere irudi bat ere ez balitz. Durangok olatu bat jaso baino gehiago, uholdea sentitu zuen haren kaleetan Euskal Herriko jardunaldi feministak hasi ziren egunean.
Gainezka egitea lortu dugu, bai ikuskizunetan, bai tailerretan, bai eztabaidetan. Esparru informalak nonahi agertu dira, abagunearen potentziaren seinale. Egunotan Durango topaleku izan da, sareak bultzatzeko, aliantza berriak sortzeko eta kide berriak ezagutzeko momentu ezin hobea, politika gorputzen elkarlana dela agerian utziz, eta ez sare sozialetako jarraitzaleen ondorio. Bulkada aberasgarria bizi dugu ordu hauetan.
Egunetako kronikak, txioak eta irudiak eskuragarri daude hamaika hedabidetan eta sareetan. Bakoitzak jardunaldien inguruan bizi izandako kontakizun eta esperientziak mataza bihurtzea izanen da hurrengo asteetako lan garrantzitsuena. Durangon jasotakoa antolakuntza, harreman berrien bide, galdera eta ekintza politiko bihurtzeko.
2. BAZTERREKOAK, ERDIRA
Hilabeteetako lana egin dute kolektibo ezberdinek topaketak antolatzeko; jorratu beharreko eztabaidak pentsatzen, erabakitzen eta forma ematen aritu dira, ildoa ordenatzeko. Bi abiapuntu politiko izan dira ardatz: euskararen erabilpenari garrantzia ematea eta «bazterreko» (edo feminismoan nagusi izan ez diren) subjektu eta diskurtsoak erdigunean jartzea. Abiapuntu horiek jardunaldien intentzioaren adierazle dira. Eta lehen egunean agerian gelditu zen hori.
3. EUSKAL HERRIKO FEMINISMOAK
Lehen arratsaldean egindako dekolonitatearen mahaiak ez zuen inor epel utzi. Ezinegona, urduritasuna, deserosotasuna sentitu ziren eztabaidaren azken momentuetan. Subjektu arrazializatuak eta Mendebaldeko feminismoak dekolonialitatearen inguruan egin beharreko lanak mahai gainean jarri ziren. Bi momentutan sentitu zen eztanda: batetik, mahaian emakume ez-arrazializatu bat egoteak arrazializatuak zirenentzat esparru ez-segurua sortu izana leporatzeak; eta bigarrenik, publikotik egindako galdera batean Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntza, kolonialismoa jasan zuten herrialdeenaren pareko izan zitekeela adierazteak.
Horren bueltan, Euskal Herriko enpresek gainontzeko herrialdeetan egiten duten ustiapen eta esplotazioa, gurean dauden arma fabriken ondorio hiltzaileak, feminismoaren zuritasuna, Mendebaldeko feminismoak dekolonialitatearen inguruan egin beharreko lana eta momentu horretan Landakon zeuden emakume arrazializatuen kopurua salatzearen inguruan agertu zen tirabira. Gordin eta hotz. Txaloak, oihuak, isiltasun eta zurrumurruak. Inor ez zen berdin joan hortik.
4. SALDA GIZENTZEN
Atzoko eztabaidan, mahai gainean klase ertaineko feminismo euskaldun zuriaren mugak jarri zirela sentitu nuen. Horregatik, denok zeharkatu gintuen eztabaidak; horregatik, haserrea, ezinegona eta urduritasuna agertu ziren. Kolektibo ezberdinetako emakume arrazializatuak oso gogorrak izan ziren haien diskurtsoetan eta zilegitasun handia adierazi zuten (nahiz eta batzuen formak agian ez izan hoberenak).
Orain, galderak geurean daude. Posible al da feminismo eraginkor bat sortzea klase ertainak eta zuritasunak dituen pribilegioak mantentzen baditu? Posible al da eztabaida hau euskaraz gertatzea?
LAUHAZKA
Salda gizentzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu