Paul Beitia Ariznabarreta.
MIRA

Salbuespenak

2021eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hirurogeita bost urte dira aste honetan Bertolt Brecht idazle komunistaren heriotzetik, herrialdez «zapataz aldatzen den bezala» aldatu behar izan zuela idatzita laga zuen harenetik.

Zenbatek aldatu behar izan du aspaldian herriz, zapataz baino maizago. Duela hilabete parea, ehundaka izan ziren Ceutara iritsi ziren marokoarrak: kamerek jasotzen zuten nola etengabe iristen ziren igerian edo erdi arrastaka hondartza batera eta nola han zain zeukaten polizia, egurra eman, karpa zarpailetan pilatu edo zuzenean hesiz bestalderatu zitzaten. Aste honetan bertan, 55 gazte marokoar Espainiako Estatutik kanporatzeak piztu du eztabaida: legez kanpokoa dela diote; baina nori axola dio? Afganistaneko irudiak ikusi ditugu pantaila txikietan, jendea hegazkin yankiei heltzen, nola heltzen baitzaio ohol galduari, eta gero erortzen, zeru goietatik lurrera. Bitartean, Emmanuel Macron agertu da hedabideetan, Afganistandik etor daitekeen etorkin jasari aurre hartu beharraz hizketan, jende-olderik onartuko ez dutela mehatxuka.

Bada oraindik eguneroko basakeria demokrazia kapitalistaren salbuespenezko arrakala gisa ulertzen duenik. Baina bizi dugun krisi ekonomikoa batzuek uste baino sakonagoa da: irabaziak metatzeko ezintasunean, langile asko eta asko inproduktibo bihurtzen dira kapitalarentzat eta, ondorioz, gastu hutsal. Bertakoak ezin ase eta nola mantenduko du burgesiak ihes datorren jendetza: berdin dio zenbat jende hil daitekeen, legeak horretarako daude, kapitalaren mesederako, eta boteretsuek kriminalki erabiltzen dituzte.

Basakeria salbuespena balitz, aldaketa batzuekin konpon ahalko zitekeen agian. Baina basakeria ordena kapitalista bera da, eta ez dago, beraz, hura iraultzea beste biderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.