Datak harritu nau: 2018ko abenduaren 22an idatzi nuen Ane Rodriguezek Tabakalerako kultur zuzendaritza uztearen inguruko zutabea, eta ia egun berdinean, sei urte beranduago, Fernando Perezen oso antzeko dimisioari buruz ari naiz. Gabonak garai ona omen dira kontutxo hauek argitara ateratzeko: laneko eta lagun arteko bazkariak, poteoa, erosketak… distrakzio gehiegi kultur zentro bateko zuzendariaren dimisioari kasu egiteko.
Fernando Perezek Azkuna zentroko zuzendaritza utzi du, Rodriguezek egin zuen bezala. Baina biek ala biek euren lanarekin jarraitu nahi zuten. Bi kasuetan, zuzendaritza uzteko arrazoia indar politikoen presioa eta kulturaren baldintzapena izan dira. Perezen kasuan, dirudienez, La Caixaren STEAM gela bat eraikinean txertatu nahi ez izateagatik. Nolakoak diren gauzak: Perezek dimisioa eman zuen egunean entzun nuen Caixabank dela estatuan etxebizitza gehien dituen enpresa. Baina Bilboko Udalak, alegia, guk, eraikin publiko baten erabilera emango diogu eta arkitektonikoki moldatuko dugu bere beharretara egokitu dadin. Baliabide publiko batek publiko izaten jarraitu zedin eskatzea izan da Perezen bekatu mortala.
Hala ere, Perezek udalarekin zuen tirabira ez omen zen oraingoa: aurretik jada presioak jasan zituen artearekin zerikusirik ez zuten erakusketak zentroan txertatzeko. Rodriguezi antzeko zerbait gertatu zitzaion: publiko gehiago erakartzeko presioa etengabekoa izan zen, erakusketa errazagoak eta ulergarriagoak egin zitzan. La Caixaren STEAM gelak Azkuna zentroko artisten laborategi eta erresidentzien esparrua hartuko du. Tabakaleran zein Azkuna zentroan, artea gehiegi omen da; erakartzen dituen turista gutxientzat gehiegi. Arteak esperimentaziorako esparruak izaten jarraitu zezala aldarrikatzea izan da Perezen akatsa.
Perezen eta Rodriguezen kasuen atzean marko bera dago, kultur politika beren emaitza dira. Gure herrian, eta Guggenheim efektuaren ondorioz, balio propioak zituen alderdi baliotsua izatetik zerbitzuak elikatu behar dituen tresna ekonomiko izatera pasatu da kultura. Galdeketa bat egin dezala soziologoren batek Bilbon, ziur bainago biztanleen %75 ados egongo zirela «museoen funtzioa turismoa erakartzea da» esaldiarekin. Horregatik ez da Fernando Perezen dimisioaren inguruko zalapartarik egongo, eta agian hurrengo zubian, edo Aste Santuaren aurreko egunotan, egunkarietako orrialde ezkutuenetan argitaratuko da Azkuna zentroko hurrengo zuzendaria ez dela arte aditu bat izango, ekonomista, kudeatzaile edo kargudun politiko bat baizik. Kultura errekurtso bat bada, onurarik handiena atera behar zaiolako.
Garaiz al gaude marko hori apurtzeko? Bilbon, behintzat, zaila dirudi.