Noiz hasi ziren kontzertuetako prezioen igoera eskandalagarriak? Noiztik da diruduna, eta ez beste inor, Iggy Pop, Patti Smith edota Norah Jonesen publiko objetiboa? Noiz bihurtu da musika popularra Louis Vuittonen poltsa esklusibo bat? Etxea hipotekatu behar da Primavera Soundeko sarrerak erosteko edo nahikoa da etxebizitzaren abalarekin? Aurrean daukat Bartzelonako jaialdi erraldoiaren webgunea: eguneko sarrerak 125 euro. Hiru egunetako pasea, ekainaren 1, 2 eta 3an, 325 euroan. Ez naiz ausartzen VIP jartzen duen sarreretan klik egitera.
Ez da erraza jakitea nola eta zergatik iritsi garen puntu honetaraino. Alde batetik, bizitzak nabarmen egin du gora, eta zuzeneko musika ez da irla isolatu bat. Ukrainaren komodina ateratzeko tentazioa izan aurretik, nire Irungo lagun Kikeren teoria azalduko dut. Errua Tom Waitsena dela esaten du. Rain Dogs diskoaren autorea izan zen aitzindaria;hark dioenez, 2007ko udaran Donostiako Kursaalera etorri, eta 100 eta 125 euro arteko prezioak ezarri baitzituen. Auditorioko harmailak aise bete ziren eta 1.800 sarrerak bukatu egin ziren. Boutade bat izango da, zeren Tom Waits ez da Coldplay edo Beyonce; baina Kikek, ordea, arrazoi du beti dagoela lehen aldi bat.
Neoliberalismoak, dena negozio bihurtzeaz gain, tranpak jartzen dizkigu. Eta itsu-itsu erori egiten gara. Bonuak eskuratu ahal izateko, epeka ordaintzeko aukera eman dute Primaverako antolatzaileek. BBK Livek ere berdin egiten du. Trikimailua normalizatu da. Egungo musika jaialdiak gure aitona-amonen telebista eta frigorifikoak dira, nekez aurreztutako soldataren gastua. Praktika kapitalista zaharrak aplikatzen maisua da Gabi Ruiz Primavera Soundeko sortzaile eta ideologoa. Diru goseak ez du mugarik: langile portugaldarrak kontratatzen ditu txosnetan lan egiteko eta plastikozko basoetako garagardo batek bospasei euro balio ditu. Rocka luxua da, eta tristea iruditzen zait.
BI AHOTSETARA
Rock de luxe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu