Jon Eskisabel.
Ilaran

'Revisited'

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Zale eta kazetari asko bat datoz 2012ak bertako musikaren arloan eman duen berririk atseginenetako bat Belakoren agerraldia izan dela. Urte eta erdi baino ez da taldea sortu zela Mungian, eta dagoeneko askoren ahotan dago. Apirilean Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuen, eta sariaren barruan BBK Live jaialdian parte hartu zuen. Ondoren Usopop eta Jazpana festibaletan eta beste hainbat lekutan jo du, eta zuzenean ikusi dutenen harridura eragin dute taldekideen gaztetasunak (17 eta 21 urte artekoak dira), estiloen hautaketak (postpunk, new wave…) eta taula gaineko erraztasunak. Nontzeberri Interneteko kultur atariak elkarrizketa egin die, eta gustuko duten musikaz galdetuta hau erantzun dute: «Joy Division, Sonic Youth, Radiohead, Crystal Castles… bezalako musika taldeak gustukoak ditugu; hala ere, entzun, beste asko eta asko, folk-etik minimalera, musika zaletuak garen heinean, denetik irensten dugu. Musika elektronikoan ematen diren pauso eta nobedadeak ere jarraitzen ditugu. Tokatzen zaiguna dela uste dugu».

Azken esaldi horrek arreta eman dit. Batetik, sortzaile gisa hazteko ahalik eta estilo gehien ezagutu beharraz jabetutako musikariak direla erakusten duelako, eta hori ez da askotan aurkitzen; bestetik, euren garaiari dagokion musika egiteko asmo gisa uler daitekeelako.

Haatik, gaur egungo gazte bati zein musika tokatzen zaion egitea zehazten ez da kontu erraza. Zein da, bada, XXI. mende hasiera honetako pop musika? Nortasun propioaz jabetu al da hamarkada pasatxo honetan? Ireki al du bide berririk? Mugimenduan al dago, eta noranzko norabidean? Hori guztiori buruz hausnartzen du Simon Reynolds historialari eta musika kritikariak Retromania: Pop Culture's Addiction to Its Own Past (2011) liburu mamitsuan. Haren hitzetan, «gizaldi osoan ez da bere iragan gertukoan sorturiko artefaktu kulturalekin hain obsesionatuta bizi den beste jendarterik izan». Teknologia berriek eta Internetek iraganaren artxibo osoa eskura jarri digute, espazio eta denboraren mugak lausotu dira, eta, ondorioz, garai batean bizitakoaren oroitzapenak gure bizitzetan hartzen duen lekua «neurriz kanpo eta maltzurki» hazi da. «Kosta egiten da gogoratzea bizitza ez dela beti horrela izan, ez dela asko orainaldian bizi genuela gure denboraren zati handiena», dio Reynoldsek.

Atzera begiratzeko joera horrek ezaugarritu du 2000ko hamarkadako pop musika. Eguneroko albiste bilakatu dira disko zaharren berrargitalpenak eta berriz elkartu diren taldeen birak; zuzenean disko esanguratsu edo kultuko bat osorik jotzeko joera hedatu da; omenezko bandak nonahi sortu dira; museoetan sartu da pop musika; bilduma zaletasunak gora egin du… Baina, Reynoldsentzat, kezkagarriena zera da, iraganeko estiloak disimulurik gabe erreproduzitzen dituzten taldeak ugaltzeaz gain, arrakastatsuenak eta laudatuenak bilakatu direla hala mainstream eremuan (The White Stripes, Lady Gaga, Amy Winehouse…) nola eremu alternatiboan (free folk eszena aipatzen du adibide gisa). Etorkizunaren ataria izan beharrean, aurreko hamarkada guztien topaleku izan da 2000ko hamarkada, eta «historia ezabatzen duen pop garai guztien aldiberekotasun» horrek berezko nortasuna garatzeko kontzientziaz desjabetu du, Reynoldsen iritziz. Nobedadeak ordezkatu du berrikuntza.

Gu ez gara retromania horretatik kanpo gelditu. Gurean ere azken hamarkadan hainbat talderen diskografiak berrargitaratu dira (Errobi, Itoiz, Hertzainak…), bananduta zeuden taldeak berriz elkartu dira (Zarama, Balerdi Balerdi, Beti Mugan, Ama Say, Ganbara), tributo bandak sortu dira (Neguri Gorriak, Tud, Berri Tzarrak…), revival asmo agerikoa duten taldeak jaio dira eta harrera ona jaso dute (The Sparteens, Bizardunak), jendetzak erakartzeko talde historikoetara jotzen duten jaialdiak sortu dira (BBK Live, Azkena Rock), hedabide publikoetan ondo promozionatutako kontzertu nostalgikoak antolatu dira (Gu Gira, Baionatik Bilbora), eta bestetzuetan hedabide publikoek eurek elikatu dute nostalgia (ETBko Euskal Kanturik Onena saioaren bidez edota Euskadi Irratiak oraintsu antolatu duen Imanol Cover lehiaketaren bidez). Iraganak pisu handia hartzen du aurten Durangoko Azokan aurkeztuko diren diskoen artean ere, bildumak (Gorka Knorr, Gozategi), berrargitalpenak (Zea Mays), 60ko hamarkadatik gaurdaino iraun duten taldeen lanak (Oskarbi), nazioarteko kantuen bertsioez osaturiko diskoak (Mugaldekoak) eta klasiko baten berrikuspena (The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars bere egin du Capsulak) direla medio.

Baina hasierako galderara itzulita, zein da, edo izan behar luke, XXI. mende hasiera honetako pop musika? Batzuen iritziz, teknologia berriek eskaintzen duten aukeraz baliatuz iragana material gisa erabiltzen hasi eta forma berriak asmatzetik etor liteke erantzuna. Produkzioa eta berrikuntzaren ordez, postprodukzioa eta osagaien konbinazioa lantzetik. Reynoldsek aipatzen ditu adibide batzuk: Ariel Pink, Vampire Weekend eta Gonjasufi. Batzuek jada jarri diote izena postmodernitatea + Internet ekuazioaren emaitzari: super-hibridazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.