begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Recife hiriko saguzarrak Parthenope adoratzen

2024ko abenduaren 27a
04:00
Entzun

Ari nintzen ni Eguberriko bezperan neure burua prestatzen Olentzero, Mari Domingi eta antzeko artefaktuak joan bezain fite izango nuen hitzordu apartarako. Jainkoaren edo Deabruaren aurrean boto eternalak aurkeztu behar dituenari dagozkion liluraz, espantuz, izuz eta pozez prestatu ere.

Nire Jaunaren zain eta esperoan nintzela ari nintzen ni iluntasunaren atzaparretan kulunka misteriotsuan. Ez zen beharrezkoa barau izatea. Bai, ordea, afaltzekoa ondo baino hobeto aukeratzea. Jakiak izan behar ziren patata-tortilla edo piper beteak baino probatzen ez dituzten horiek nazkaz, errezeloz edo biraoka baztertuko zituzten horietakoak. Esaterako, arkume burua (begiak eta muinak barne). Esaterako, Mexikoko har, kilker, eskorpioi delizios horiek. Horrelako bazka harturik, nire Jaunak izan duen zerbitzaririk fidelenak lortu zuen mailara hurbilduko nintzela uste nuen nik, baita desiratu ere. Nor zen morroi leial hura, nire Jaunagatik oinaze zenbatezinak pairatu zituen hura? Renfield du izena eta Jauna gureganatzeko prest dagoenero, berak, atxilo duten eroetxeko bazter goibel hartatik, antzematen du Presentzia Handia hezur-buru-arima-muinetan.

Horrelako bijilian, arratse-beilan nintzen ni. Artega bezain sutsu eta zoriontsu. Nahi nuen nik nigandik uxatu onbera itxukerietan diharduen kapitalismoak prefabrikaturiko dohain-banatzaile memelo denak, ortodoxia politikoak etxekotu eta mantartu dituen horiek. Nahi nuen nik orduak pasatzea, Betleemgo Haurra jaiotzea eta hondartzetako ertz guztietan antolaturiko elkartasunezko txapuzoi-etako partaide guztiak harea estaltzen zuten marmoken biktimak suertatzea.

Begi bistakoa da, ez nengoen, ez, Gabonetako Espirituak bildua. Ez zen, ordea, kulpa nirea. Auskalo nork erabakia zuen Robert Eggersen Nosferatu Eguberriko arratsean estreinatu behar zela. Gogoan dut joan den mendean, lege zaharrak agitzen duen moduan, Erregeen egunean, txokolate gozo eta beroa hartu berritan, ezagutu genuela guk E. T.

Jaunarekin noiz elkartuko desioan nintzela, Filmin plataforman eskura duzuen Kleber Mendonça Filhoren Retratos Fantasmas ikusteari ekin nion. Brasilgo Recife hiria maite eta jasan izan dituen batek sortutako dokumental gozo-garratz honetan hausnarketa egiten da joandako garaien inguruan, garai horiek utzi zizkiguten zauriak eta alegrantziak lehen plano batera ekarriz. Hiri-panoramika eder horretan, ametsetarako zein bizitza latzerako formakuntza zentroak izan ziren zinema aretoak gertatzen dira protagonista. Gehienak aspaldi itxi zituzten, gehienak ez dira existitzen. Baten batek pikutara joan zen saltoki-gunea izan zuen barruan. Derrepentean, hutsik den eraikineko porlanezko zutabe artean antzematen dituzu, kameraren argiak izuturik, saguzarrak hegan...

Seinale jo nuen nik. Ez al da ba hegalak dituen ugaztun hori banpiroaren iragarlea?

Norantz ote zihoazen? Bijiliak eta beilak burua eta arima argitzen dituztenez, segituan ulertu nuen... Napoli aldera. Zergatik Napolirantz? Egia San Tomas egunean Società Sportiva Calcio Napolik (ez ahaztu bertan jokatu izan zuela Maradonak) Genova taldeari irabazi ziola 1-2, baina ez dirudi zio nahikoa saguzarrek migratzeko Brasiletik...

Jaunarekin noiz elkartuko desioan nintzela, Filmin plataforman eskura duzuen Kleber Mendonça Filhoren 'Retratos Fantasmas' ikusteari ekin nion. Brasilgo Recife hiria maite eta jasan izan dituen batek sortutako dokumental gozo-garratz honetan hausnarketa egiten da joandako garaien inguruan, garai horiek utzi zizkiguten zauriak eta alegrantziak lehen plano batera ekarriz.

Ez, Jaunaren etorreraren zain geundela, arratoi hegodunek eta neuk Paolo Sorrentinoren Parthenope ikusi nahi/ahal/behar genuen, hortxe migrazioaren zergatia.

Napoli bera bezain esajeratua, bezain enigmatikoa, bezain izugarri eta nabarmena, bezain ulertezina, bezain barrokoa, bezain sentsuala, bezain ustela, bezain pozoitsua, bezain zentzurik gabea, bezain zentzuduna...

Ziur naiz gogoz hartuko zuela bertan aterpe Nausiak. Izan ere, odolaz gain, zer du banpiroak begikoen? Hondamendia, hondakinak, hekatonbea. Enigma.

(ID_14538732) (/EZEZAGUNA) fantasmas
Kleber Mendonça Filho zinemagilearen 'Retratos Fantasmas' filmaren fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.