Ismael Manterola
Begiz

Proiektutik artelanera

2025eko martxoaren 11
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Santiagoko Cidade da Cultura-n nago, Galizian; hiriaren erdialdetik  lau kilometrora eraiki zen kultur azpiegitura proiektu erraldoian. Eraikuntzak edozein harrituta uzteko modukoak dira, bai tamainari begiratzen badiogu, bai kopuruari begiratzen badiogu ere. Aurreikusitako bederatzi eraikinetatik sei bukatu ziren orain dela urte gutxi: Museoa, Galiziako liburutegi eta artxibo nagusia, kultur berrikuntzarako egoitza, teknologiarako eraikina, Sormen Ekintzailetzako Zentroa eta bulegoetarako eraikina. Arte Zentroa eta Musikaren eta Arte Eszenikoen Zentroa ez ziren eraiki.

1999an onartutako proiektua garai hartan Galiziako presidentea zenaren, hau da, Manuel Fragaren legatu moduan pentsatu zuten, eta horretarako nazioarteko arkitektura lehiaketa antolatu. Irabazlea Peter Eisenman arkitekto estatubatuar ezaguna izan zen.

Orain Eisenmanen proiektuaren maketaren aurrean nago. Ederra dela onartu behar dut, nahiz eta gauden eraikuntzak txiki sentiarazten gaituen. Arkitektoaren proposamena interesgarria da Gaiás mendiaren geografian txertatzen delako era goxo batean ia desagertu arte. Arkitektoak Compostela hiriaren alde zaharreko erreplika egin nahi izan omen du mendiaren gainean; horretarako, hirigintza proiektu bat izango balitz bezala kokatu nahi ditu eraikuntzak, hiri berri baten etxadiak izango balira bezala, kaleak eta kantoiak moztutako geometria zorrotz batean.

Baina, maketatik begiak altxatuta Museoa izeneko eraikinari begira jartzen garenean, proiektuan jasotako sentsazio guztiak desagertzen dira bat-batean. Giza eskalarik gabe, altuera izugarria duen eta hutsik dagoen espazio erraldoiaren barruan galtzen gara. Edukirik gabeko edukiontzi izugarri baten barruan gabiltza norabide zehatzik gabe. Kalera irteten garenean, ia hutsik dauden kaleak zeharkatzen ditugu eraikuntza arrotzen artean, eta maketaren goxotasunik gabeko espazioan galduta gaudela iruditzen zait.

Esperientzia honek egiaztatzen dit zein urruti dauden arkitekto baten asmoak gauzatzen diren proiektuetatik. Beti pentsatu izan dut maketa guztiak politak direla, eskulturak dirudite, baina arkitektura eraikitzea zaila da; hau da, asmoak gauzatzeak arkitekto baten maila adierazten duela uste dut. Fragak utzitako herentzia den paisaia isolatu, huts eta triste batetik ihes egiteko gogoz gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.