Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren gaiak harrituta nauka. Nahiz eta erakunde publikoek esan proiekturik ez dagoela eta entzute ariketa bat egingo dutela, Bilboko Guggenheim Museoaren webguneko menuan Urdaibain handitzeko proiektua izeneko pestaina aukeratu daiteke.
Ez dut ondo ulertzen guztiok aukeratutako erakunde ustez demokratiko batek ez daukan proiektua nola egon daitekeen fundazio erdi publiko baten webgunean ikusgai. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta beste erakundeen gainetik dago? Edo herritarren esku ez dagoen edo ezagutzen ez dugun proiektua ezagutzen dute?
Hain zuzen, Guggenheimek emandako informazioaren inongo ataletan ez du jartzen balizko proiektua denik edo gobernuek/herritarrek onartu zain dagoela. Gobernantzaren gardentasunari buruz hitz egiten ari bagara, gaia garden aurkezten ari den erakunde bakarra Bilboko Guggenheim da.
«Ez dut ondo ulertzen guztiok aukeratutako erakunde ustez demokratiko batek ez daukan proiektua nola egon daitekeen fundazio erdi publiko baten webgunean ikusgai»
Badirudi jokoa argitzen ari dela. Nahasketa sorraraztea da proiektua bultzatu nahi duten erakunde publikoen asmoa, denbora irabazi eta jendearen burmuineraino sartu diren hitz magikoak zabaldu: ekologia, jasangarritasuna, teknologia eta abar. Hitz horiek Urdaibaiko proiektuarekin lotzea da museoak ematen duen informazioaren helburua momentuz. Dirua eta baliabideak (hein handi batean publikoak, hau da, guztiok ordaindutakoak) dituen museoa joko zikina egiten ari dela iruditzen zait. Proiektua eztabaidagarria da, baina arrazoi ezberdinak direla-eta kritikoak direnek ezin dituzte diru publiko kopuru horiek erabili egitasmoari aurre egiteko. Hor galtzen da demokraziak berez duen berdintasunaren oinarria.
Bestalde, erakundeen aldetik ez da zilegi gezurretan aritzea, esanez proiekturik ez dagoela eta ezin dugula eztabaidatu, webgune batean zehaztasun handiz irakur dezakegunean museo berriak bi egoitza izango dituela, edo mapa batean ikus ditzakegunean zein izango diren lotuko dituzten bideak. Horrekin batera, ingurunea zaintzeko proiektuak jarraitu dituen 11 irizpide aipatzen dira; beraz, zaila da ulertzea nola esan daitekeen ez dagoela proiekturik. Hori bai, ahaztu zaie idaztea turismoa jardun ekonomiko kutsagarrienetako bat dela, aurreko urteko Bilboko museoko milioi eta hirurehun mila bisitarien mugimenduen arrasto karbonikoa ez delako inondik inora azaltzen webguneko ingurumen-jasangarritasuna izeneko atalean.
Bukatzeko, proiektua eztabaidatu behar bada, eskatuko nuke iritzi guztiak kontuan hartzea eta abiapuntu beretik hastea; gainera arte proiektua bada, arte munduko ahotsak kontuan hartzea; naturagune babestua denez, horretan adituak direnen iritziak entzutea, eskualdeko biztanleen eskubideak errespetatzea; eta, azkenik, ez edukitzea berriz ere erakundeetatik adarra jotzen ari zaizkigun sentsazioa; ohituta gaude, baina aski da.