Haizea Barcenilla
BEGIZ

Proiektu estrategikoen pandemia

2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Txertaketa aurrera doan heinean, abiadura apur bat hartzen ari da pandemiak geldiarazitako bizitza kulturala. Azken urtea motela eta gogorra izan da: erakusketak atzeratu dira, emanaldiak zein proiektuak bertan behera geratu dira. Kulturgileek euren ahotsak entzunarazi behar izan dituzte instituzioengandik laguntza jasotzeko, eta baliabide bereziak jarri behar izan dira abian oso prekarioa den ekosistema bizirik mantendu asmoz.

Bitartean, mundu paralelo batean, Cristina Iglesias artistak Hondalea proiektu erraldoia gauzatzea lortu du, eta une ezin egokiagoan (turistak berragertzearekin batera) ateak ireki ditu. Lau milioi eta erdi kostatu da, eta batek pentsatuko luke halako proiektu bat (artelan bakarra, artista baten proiektu pittin bat megalomanoa, irlan isolatuta egoteagatik pare bat urtez geldiarazita ere ez duena hiriko garapenean eragingo) krisi garaian izozten lehena izango litzatekeela, xurgatzen duen dirua beste norabaitera bideratzeko; baina ez, kontrakoa da joera. Halako proiektuak dira, hain zuzen, zalantzan jarri ezin direnak.

Azken finean, proiektu estrategikoa da Hondalea, Guggenheim museoa edo Bilboko Arte Ederren Museoaren zabalkuntza diren moduan. Deigarria da, diru publikoa beste esparruetara bideratu behar izan den une honetan, Guggenheim museoa erakusketen plangintza aldatu ez duen bakanetarikoa izatea; bisitari (eta hortaz, diru sarrera) askoz gutxiago jaso dituen arren, ez du erakusketarik atzeratu. Deigarria da, gainera, inork ez duela zalantzan jarri ea unerik onena den Arte Ederren Museoaren eraikina zabaltzeko, eta horretan gastatuko diren 19 milioi euroak premiazko kultura arloko beste eginbehar batzuetan inbertitzea ez litzatekeen hobe. Museo txikiago gehienen aurrekontuak moztuko dira, eta sortzaileei bideratzen zaizkien laguntzak ez dira indartuko, kultur programazioak behera egingo duela dakigun arren. Alta, garabiek mugimenduan diraute; gezurra badirudi ere, Urdaibaiko Guggenheima bera ere aipatu dute azken asteotan.

Proiektu estrategikoak. Estrategikoak zeinentzat? Zertarako? Ez al da estrategikoa krisiak agerian utzi duen kultur sortzaileen ekosistemaren ahulezia sakonki aztertu eta hura konpontzeko beharrezkoak diren egiturazko aldaketak bideratzea? Inork sinesten al du une honetan euskal kulturak behar duena bi eraikin erraldoi eta turistei bideratutako instalazio espektakularrak direla? Nago eraikuntza enpresa, ostalaritza eta hotelentzat badirela hauek proiektu estrategikoak, baina zailtasunak ditut kultur edukiari dagokionez, sareen sendotzeari dagokionez, kulturgileen egoera hobetzeari dagokionez, ezer ekar dezaketen ikusten. COVID-19aren kontrakoa bai, baina proiektu estrategikoen pandemiatik libratuko gaituen txertorik oraindik ez da asmatu, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.