Ander Lipus.
LAUHAZKA

Programa politikoa

2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Artikulu hau zirriborratzen hasi naizenean, Aitor Mazoren heriotzaren berri izan dut. Zeharo hunkituta gelditu naiz. Norbaitek idatzi zuen bezala: «Heriotza ez da gauza ederra, eta ez da sekula izango». Nire doluminak bere lagun eta sendiarentzat. Bizitzak aurrera jarraitzen du, eta antzerkiak jakingo du bere bihotz zati bat txoko eder batean gordetzen. Teloia altxatzen da bere omenez.

Aurreko hilabetean idatzitako artikuluan (Zer da antzerkia?) bazegoen bizipoz bat, jendeak eskertu didana. Sentsazioa daukat, eta behin baino gehiagotan gertatu zait, jendeak ondo pasatzeko eta gauza positiboak entzuteko beharra duela, dugula. Antzerkian barre egitea sanoa da, bai, baina inozokerietan erori gabe. Barre egitea oso gauza serioa da.

Baditut aspaldian gai eta kontu serio batzuk bueltaka buruan, hemen eta orain plazaratu nahi nituzkeenak.

EHAZE. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, aurten ere, gonbit interesgarria egin zigun Koldo Mitxelenan VI. Esperientzixak antolatuz. Mari Karmen Gilek, Patri Urkizuk eta Ixabel Etxeberriak beraien esperientzixak kontatu zizkiguten, Jaime Valverde moderatzaile zutela. Euskal antzerkiaren memoria historikoa gaia abiapuntu hartuta, euskal antzerkiaren historia plazaratzeko eta gordetzeko beharraz aritu ziren gonbidatutako kideak. Euskal antzerkia indartzeko estruktura ahaltsu bat abiatzea ezinbestekoa da, baina horretarako jendea behar da. Eta gogoa. Beraz, antzerkia maite dutenentzat hor dago EHAZE.

Emakumea eta teatroa. Antzerkian emakumea duen ahotsak eta presentziak zer pentsatua eman dit beti. Arren munduan hezitakoa naiz, eta feminismoan hasiberria. Beraz, esateko baino, ikasteko gehiago daukat. Feminismoa euskal antzerkigintzan jorratzea oso interesgarria eta beharrezkoa dela iruditzen zait. Shakespeareren Hamlet ez zen preseski emakumea. Badira obra gutxi batzuk protagonista emakumea dutenak (Ibsenen Gedda Gabler, Brechten Madre Coraje), baina normalean, emakumeen figura protagoniko askorik ez dago antzerkian. Gainera, antzerki istorioak ere gizonaren ikuspegitik kontatu izan dira gehienetan. Euskal antzerkian ere, emakumeak, edo Katalina Erauso bezalakoak dira (gizonezko jantzi behar izan zuen moja alfereza), edo bigarren mailakoak dira. Eta ez da kasualitatea! Kuriosoa da antzerki tailer gehienetan parte hartzaile gehiago izaten direla neskak, baina gero, agertoki gainean, paper ezberdinak jokatzen, ohikoagoa da mutilak ikustea. Eta zergatik? Generoaren gaian antzerkiak abangoardia izan beharko luke.

Aktoreak langabezian. Aktore batzuekin hitz egin, eta batzuetan egonezina sortzen zait. Latza da antzerki lan bat sortu eta antzerki lan hori emateko ia aukerarik ez izatea. Eta hori, zoritxarrez, sarritan gertatzen da. Goi mailako eskola ere sortuko da, baina zein izango da horko aktoreen etorkizuna, langabezia? Plangintza bat egin beharko da, ezta?

Amateur vs profesional. Lehena ez badago, hau da, antzerkiarekiko maitasuna, bigarrena ez da posible izango. Eta talde edota norbanako bakoitzak erabaki beza zer den, eta defenda dezala bururaino bere izaera amateurra edo profesionala. Azken hitza, hala ere, beti publikoak dauka.

Euskara Nafarroan. Denok dakigu Nafarroan euskararen egoera larria dela. Apirilaren 25ean, Kontseiluak Iruñeko Anaitasunara deitu zituen euskaltzaleak. Gogoratzen dut hilabete batzuk lehenago Kontseiluko kide Iñaki Lasarekin izandako elkarrizketa. Nafarroako egoeraz hitz egin genuen, normalizaziorako planteatzen diren lau zutabeez, eta euskarak iraun ahal izateko Nafarroak behar duen aldaketaz. Duela gutxi, Nafarroako antzerki eskolatik deitu naute. Uda bukaeran antzerki ikastaro trinko bat emateko eskatu didate, euskara hutsean. Berri pozgarria da. Badirudi gauzak aldatzen ari direla. Ea ba euskarak Nafarroan ere hartzen duen behar duen tornuia.

Borroka, erresistentzia eta antzerkia. Nafarroan ez ezik, argi dago antzerkia euskaraz egin nahi bada, antzerki hori egiteko alternatibak bilatu behar ditugula. Gureak. Espainiako eta Frantziako errealitateak ezberdinak dira. Nazio, herri, hiri edo tribu bezala; instituzio, elkarte edo sasi-sareetatik, baina euskarazko antzerkia bultzatzeko neurriak hartu behar dira. Nahi eta nahi ez, neurri horiek, erabaki horiek, erabat politikoak dira. Euskarazko antzerkiak bere lekua izan behar du, Arriagan edo Baionako antzokian, eta Lapueblan edo Erratzun. Zergatik ez? Politika horiek guk eraiki behar ditugu. Eta apustu hau, lehenengo eta behin, norbanakoarena izan behar da. Euskal antzerkia ez dadin izan tximino gutxi batzuek egiten duten zerbait inozoa.

Ukitu ditudan gaiak ikusi orduko, programa politiko baten antza hartu diet. Soberan dakigu denok hauteskunde kanpainan politikariek zenbat teatro egiten duten. Hauteskunde kanpaina bete-betean gaude. Nik ez daukat programa politikorik. Antzerkiagatik borrokan jarraitzeko asmoa besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.