James Cameron maite, miretsi, errespetatu egiten dut. Hasiera-hasieratik. Eta aspaldi zaharrekoak dira hastapen horiek. Joan den mendekoak, joan den milurtekoak.
Zinemagintzan hasiberria zenetik izan dut kuttun. Joe Danteren 1978ko Piranha bikain horri jarraipen barrabana eman zionetik. 1984an, berriz Terminator sinatu zuen, mendeen artean aise, airos, mendekari, salbatzaile ibili(ko) den metalezko gerlaria sortuz. Baina ez dut soilik James maite «Sayonara, baby» txulo esaten irakatsi zigun Schwarzeneggerrengatik. Ez. James miresten dut pelikula hartan nire belaunaldiko emakumeoi behar genuen heroi emea eskaini zigulako.
Ordura arte pantailan agertzen ziren neskek ez zekiten korrika, eta beti, munstroa atzetik zetorkiela, orkatila bihurritzen zuten. Ezinbestekoa zen, nola ez, heroi arra agertzea salbatzaile lanetan. Terminator hartan, Sarah Connorrek bazekien korrika. Bazekien borrokan, bazekien bere burua defendatzen, bazekien armak erabiltzen. Horrexegatik maitemindu nintzen seko Jamesekin. Schwarzeneggerrekin nola. Eta, jakina, Linda Hamilton aktorearekin.
Legea diot, bai, Cameroni. 1986an kontatu baitzigun Alien guztien etorrera. Sarah Connorren pare (igual maistra, ispilu, eredu, gidari beharko nuke idatzi) zen Ripley tenientearekin.
Sekula ez naiz, ez, matxinatuko Abyss eta Titanic amestu eta errealitate bihurtu zituen horren kontra. Egia 2009an estreinatu zuen Avatar hartan kontatzen zuena ez zitzaidala ezer interesatu. Are, ez nuen tutik ulertu. Ezta saiatu ere. Baina gogoan dut Hegoaldean noiz estreinatu desesperoan, Baionara egin nuela salto, beste askok baino lehenago ikusi ahal izateko. Zergatik? Proposatzen zuen 3D teknologia dastatzeko intentzioetan. Izan ere, zinez esaten dizuet zinemagintza teknika ere badela sinesten dudala. Teknologiak aurrera egin ahala, are eta miresgarriagoa izango baita beti ilunpetako areto batean preso, bahitua, iltzatua den ikusle horrek antzemango duen misterioa, miraria. Bai soinuz, bai irudiz, bai gorputzaren sistema guztien bukaeretan. 2009ko Avatar-en, estreinakoz sumatu nuen ni neu nindoala ez pantailaren barrura, baizik eta pantailan irekitzen zen amildegian behera.
Beraz, Cameronen zale amorratua nauzue. Ekin berri omen dio nekazaritza ekologikoari. Txalotzeko moduko ahalegina, jakina, baina, barkaidazue, gehiago maitatzen ditut nik bere urpekariak, bere helikopteroak, bere ibilgailu guztiak diseinatzen eta gidatzen dituen James hori, kalekume askoren moduan ilarrak landatzen saiatzen dena baino.
Aitzinsolas hau idatzi dut zuek ahalik eta hobekien uler dezazuen segidako lerroak ez dituela gorrotoak sortzen. Ezta arrangura filosofiko-politiko-ideologikoak ere. Ez. Gustuko dut ikuskizun erabatekoa (eta sarri, soilik) den zinema. Eta, printzipioz, ez dut ezer 190 minutu irauten duten filmen aurka.
Hitzaurre luzea idatzi dut nire tristezia zenbaterainokoa den zuek ahalik eta hobekien konprenitzeko. Ez dudalako Avatar bigarrena, Euskal Herriko gure etxe ondoko eta gure etxe urrutiko pantaila ia guztiak inbaditu dituen Avatar, gustuko.
Uste dut jakin behar nuen oro badakidala pelikulaz. Behin eta berriro irakurri izan dut balentria titanikoaren emaitza dela. Entzun diot Jamesi berari Eraztunen jauna eta Hobbita kontakizunen Tolkien sortzailea bera izan duela ispilu, eredu, maisu, gidari. Goreneko fantasiaren fundatzaile txit estimagarriak nola, Cameronek urteak eman ditu bere pelikularen multibertsoan biziko direnek erabiliko duten mintzoa sortzen, multibertso horiek pantailaratzeko ezinbestekoak diren teknologia eta tresneria asmatzen. Urteak pasatu dituzte aktoreek kamera aurrean gainditu beharko zituzten probetarako prestatzen. Igerian, munstro gaineko hegaletan, urpean arnasari eusten...
Ezin guztiak menderatu nahi zituen Cameronek. 3Dkoak zein soinuarenak. Gauzatu zituen pantailan baino beste inon existitzen ez diren izakiak...
Eta ez pentsa filma segituan pasatuko zaion kalentura baten emaitza denik. Ez. Izango dugu Avatar hirugarrena. Baita laugarrena ere. Eta bosgarrena. Zenbat kostatuko? Mila milioi dolar...
Berak honela nahi izanez gero, aurrera. Baina bigarrena ikusita, zera idatzi behar dut malko bizitan: hegan eta igerian ederki dakiten pottoki urdin-lirain belarriluze horiek betiko ildoetatik egiten dute hegan, igeri, borroka, txalo pintxalo eta amodio-joko... Zeharo heteropatriarkalak dira euren arteko hartu-emanak, eta auto-laguntzarako liburu onbera horietakoa da zabaltzen duten ideologia merkea. Teknikoki? Ez dakit ba, nik itsaso kontuetan, Titanic eta Abyss nahiago. Eta itsaso munstroei dagokienez, forever and beti… Moby Dick!

EPPUR SI MUOVE
Pottoki urdin belarriluzeak uretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu