Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Postalak eta estralurtarrak

2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Hil da Jainkoa, esan zuen Nietzschek; hil da historia, Fukuyamak. Subjektu modernoa, egia, metafisika… Denak dira hilak; edo bederen, hori da hainbat pentsalarik modu zorrotz eta irmoz predikatu izan dutena. Antzeko gertatu zen orain hamarkada batzuk Correos-ekin. Garai bat egon zen non pentsatu genuen, zorrotz eta irmo, Correos hil egingo zela. Oker ez banago, Interneten eta batez ere posta elektronikoaren zabalkundearekin egin zuen bat premonizio horrek. Correosetako langileak eurak ziren heriotza hori aldarrikatu zuten lehenak; fakturak eta amoranteen eskutitzak ordenagailutik jaso eta bidaliko zirela aurrerantzean, eta ondorioz bulegoak desertifikatuko zirela, lanik gabe geratuko zirela haietako asko eta, telefono-kabinak bezala, postontzi horiak desagertuko zirela kaleetatik.

Alta, metafisikarekin, egiarekin eta historiarekin bezala, ikusi da Correos ez dela hil. Areago, bizi-bizirik jarraitzen duela. Ez dute, tamalez-edo, eskutitzak bidaltzen dituzten neo-erromantiko oldeek salbatu, Rilke poeta imitatu nahian egunero lau orduz eskutitzak idazten dituztenak. Kontsumismo molde berriek berpiztu dute Correos. Paketeria barra-barra, atzera ere amaiezinak dira Correosetako ilarak. Egunero hamaika tamainatako hamaika fardel pilatzen da bulegoetan, bere jabe berria iritsi zain.

Eskutitzak bidaltzen dituzten erromantikoen zorionerako, ordea, paketeria hori guztia balaztatu egiten da udaran, eta postalen udako nano-iraultza hasten da. Xumeki bada ere, eskuz idatzitako postalek birkonkistatzen dituzte Correosetako apalak: herrialde exotikoetatik iristen direnak, mediterranear kostatik datozenak edota bidaiatu (nahi ez edo) ezinean etxean geratu eta kuku bat egitera animatzen direnak; norabide askotatik eta askotara doaz hitzak furgoneta horietan sartuta. Ilustratzaile puntakoek egindako postal garestiak, museotakoak (nire kuttunenak), duela hogei urteko estetika retroa dutenak… Badira postala ez ezik, eskutitzak bidaltzen dituztenak. Zorteduna halakoak jasotzen dituena!

Udaroste honetan irrikaz begiratzen dut nik postontziko sarrailatik, zeren eta esperientziaz badakit oporrak ongi amaituta ere oraindik postalen bat irits daitekeela (sarritan lehenago iristen baita laguna postala baino). Eta eskuz idatzitako mezuak hizpide ditudala gaurkoan, Anne Carsonek bere entsegu batean aipatzen duen galdera bat ekarri nahi dut lerrootara: «akaso gutunek esan al dezakete beste era batera esan ezin dena?».

«Sarritan galdetzen diot nire buruari ea XXI. mendeko intelektuaren gutuneria hori jasoko ote den; ea inoiz ikusiko dugun liburu dendetan Anne Carsonek, adibidez, bere adiskide intelektualekin korreoz, edo Whatsappez, edo X bidez hitz egindakoa»

Autorearen arabera, bai, eta desira —eros— du buruan. Uste du eskutitzen bitartez desira erotikoak beste dimentsio bat hartzen duela. Eta nago badela, bai, desirarekin loturiko zerbait idatzizko hitzak jaso eta bidaltzearen ekintza horretan, mezua —edo asmoa— erotikoa izan ala ez: eskutitza jasotzeak ilusioa pizten du urruti dugun horrek gugandik gertu egon nahi duela adierazi digulako. Eta ez hori bakarrik, urrutirago doa gutunen potentziala: eskutitzaren bidez pentsamendua ordenatu dezakegu (gogoan dut irakasle batek esaten zigula eskuz idazteak pentsamendua pausatzea zekarrela), eta batez ere, idatzizko mezuek, paperean jasotzen direnak, online mezularitzan gertatu ez bezala, irauten dute eta ondoan gorde ditzakegu. Oroitzapen bihurtzen dira hitzak: ukitu, begiratu eta gorde ditzakegu.

Asko eta asko dira literaturan eskutitzen baliabidea erabili duten autoreak: Bram Stokerrek Drakula idazteko edo Mary Shelleyk Frankenstein idazteko baliatu zuten, eta asko eta asko dira, halaber, literaturaren kanonean sartu diren ez-fikziozko korrespondentziak: Anaïs Nin eta Henry Millerren artekoa edota Albert Camus eta René Charren artekoa, batzuk aipatzearren. Sarritan galdetzen diot nire buruari ea XXI. mendeko intelektuaren gutuneria hori jasoko ote den; ea inoiz ikusiko dugun liburu dendetan Anne Carsonek, adibidez, bere adiskide intelektualekin korreoz, edo Whatsappez, edo X bidez hitz egindakoa. Auskalo.

Iñigo Astizi irakurri nion bera saiatzen dela estralurtarrendako idazten: gizakia desagertu bai, baina haren aztarnak geratzean, izan zedila —Astizen kasuan— liburua esku artean hartu eta gizakion eredutzat hartuko zutena. Hala idazten omen du literatura, biziraungo duen artefaktu —duin— izateko. Bada, uda eta oporrak igaro direlarik ere, jarrai dezagun postalak elkarri bidaltzen, eskutitzak eskuz idazten, postontzia ilusioz begiratzen, eta batez ere, utzi diezaiegun idatzitako hitz mordoa estralurtarrei, izan dezaten zerekin entretenitu, auskalo, Lur planetara datozenerako oporretan.

Vincent Van Goghen eskutitzak. BERRIA
Vincent van Goghen eskutitzak. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.