Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Poin Poin

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdiz zurekin egon nintzen Birmanian 2007an; Myanmarren. Mugarik gabeko clown talde batekin joan nintzen, eta preso zeuden haurrentzat antzerkia egin genuen. Hiru frantses, sei birmaniar (horietariko bat zu) eta euskaldun bat (ni).

Ezin uka herri zoragarria dela zurea, zentzu guztietan liluragarria. Zure herriko jendeak bestearen errespetu ikaragarria erakusten du une oro. Zazpi etniaz osaturiko herri handi batekoa zara. Zazpi jendalde horien nahasketa kultural, erlijioso eta fisiko guztiek, bihurgune denek, maitemintzeko aukera eskaini zidatela onartu behar dizut. Baina hori zuk ere badakizu, zure herria ikaragarri maite baituzu. Han nengoela, tartaro baten antzera sentitu nintzen, gizon erraldoi eta traketsa, edertasunaren itsasoan galdua. Herri pobrea da zurea, kolonizaziotik diktadura gogorrenean murgildu zena; zeren zuen kalterako, Birmaniako lurra oso aberatsa da: gasa, urrea, harribitxiak, metal bereziak... Europarren aberastasun gosean kokatu da zuen patuaren iturburua. Mendian egon ginen, oihan tropikalean, hondartza bazterretan, lepradun herri baztertuetan, Rangooneko etxola auzoetan, milaka haur presoren artean.... Goizeko seietatik arratseko seietara, eguzkia altxatzen zenetik, desagertzen zen arte.

Han ezagutu genuen elkar. Aste batez, ikuskizun bat muntatu genuen, birmaniarrez antzezten genuen, eta zuk ekintza komentatzen, osatzen, eta askotan itzultzen zenuen (zeren bai, nire birmaniarra oso makurra zen, hitz bakoitza zurekin egunero errepikatu arren). Zu, Poin Poin, Birmanian oso ezaguna zinen; telebistan ateratzen zen zirtolari-antzerkilari abila eta fina. Metro eta erdi, 50 kilo (soineko jantziak kontatuta) eta dena bihotz. Frantsesek ez bezala, asko galdetu zenidan gure herriaz. Zure herrian ere ezberdinak badaude (zazpi etnia multzo, pentsa!) eta han ere gerlaz gerla ibili zarete. Bortizkeria poliziala bizi izan duten herrien arteko konplizitate bat eskaini zenidan. Ez batak ez besteak ez genekien ingelesa, eta genekien gutxia ez zen iristen bestearen adimenera. Somiatuk frantsesa eta birmaniera menperatzen zituen, eta hark itzultzen zituen ahal bezala, gure galderak, eta munduaren bi puntetako erantzunak. Zein ezberdinak garen zu eta ni, baina zein goxoa izan zen elkar ezagutzea, garagardo txar bat eskutan, oihan basatian, autoak eskaintzen zigun argi bakar eta ahulean.

Irria ezpainetan ikusten zintudan goizetik arrats, eta lezio bat izan zen niretzat. Egoera oso latza zen, eta da oraindik. Lepradun herri batean antzeztu genuen, aurpegi eta gorputz itxuragabeen artean; 3, 4 edo 5 urteko umeak hesien atzean barrez leherrarazi genituen gure astakeriekin... Ez da arinkeriaz egiten den ofizio bat antzerkilaria izatea. Ezer ez duzu epaitzen Poin Poin, eta une oro dagoen ona azken tantaraino dastatzen badakizu. Barroteen atzean zeuden umeek barre egin zuten. Eta poztekoa da.

Oihanean, umezurtz eskola batean, emanaldia egin eta nekeak harturik zigarro bat erre genuen mendi tontor batean. 2-3 urteko neskatxa bat gozoki hurbildu zitzaidan hizketan ari ginenean. Eskua hartu zidan, eta besotan hartzeko keinua egin. Hartu nuen noski, eta loturik egon ginen bonobo ziminoek egin lezaketen bezala. Mundu basatian, maitasuna altxor bat da. Baina umezurtz eskolako serora hurbildu zitzaigun, irriñoa ezpainetan bera ere, eta ingeles tropikal batean hauxe esan zigun: «Ez sobera lotu, hiesa dauka, eta ez du luzaz iraungo». Gu bion begiak busti arren, ezpainetako irria mantendu genuen, neskatxari merezi zuen dirdira eskaintzen saiatu ginen, gure heinean. Zenbat iraun zuen momentu horrek? «Besarkada batzuk ez dira minututan kontatzen», zioen zure begiradak.

Negu honetan, zure herria altxatu egin da askatasunaren alde. Eta zuk seguru, irriz eta goxotasun osoz, altxamenduari beharrezko zuen ilusioa eman diozu. Pentsaera, begi dirdira eta eskuzabaltasuna. Militarrak atzetik ukan dituzu, polizia eta justizia ere bai, beraien legediaren tresneria guztiarekin. Ihesi joan zara oihanera, baina ttattardunen eta polizia buruen mendeku gosea europarren diru gosea bezain handia da. Gure sakelako telefono mugikorrek, pantailek edo auto elektrikoek behar dituzten metal bereziak zure herriko meategietan ugari daudenez, hemengo demokrata handiek zure herriko diktadurarekin itunak sinatuko dituzte. Zure emaztea preso sartu dute, zure haurrak ere bai, eta zu ihesi joan zara. Oraindik bizirik bazaude, oihan basatiko mendi tontor gainean izango zara seguruenik, eta zure irri ederrenarekin animatuko dituzu zure kideak. Laster igoko naiz ni ere mendira, ea hemendikikusten zaitudan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.