Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Pixiglas

2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ukelele bat daukat etxeko armairu-zoko batean hautsa biltzen. Duela ia hamarkada bete eskatu nuen urtebetetzerako, oraindik ere Mumford and Sons-en Lion Man seriotasunez abesten nuen garaian, eta hipstertasun cool, kosmopolita eta jantzia arazotsua eta pixka bat klasista zela ikusten ez nuen sasoian. Ukelele bat oparitu zidaten eta orain nirekin bizi da: ez dakit zer egin berarekin, kolore polita du eta nerabezaroaren azken urteak eta unibertsitateko lehenak dakarzkit gogora. Zenbat eta zenbat talde atera ziren bat-batean izkina guztietatik 2012, 13, 14 horietan, ukelele batekin, kantu naif hutsalekin, pastel koloreko arropekin... Eta nola gustatzen zitzaizkidan talde horiek denak eta haien kutsu super-berezi-sasi-intelektuala (hasperena). Ez zen inoren errua izan, garai bakoitzari egotz diezaiogun errua: punkarena, brit- eta triki-poparena, elektrolatinoarena, eta kafetegietako pop happy-flower errazarena. Eta horrekin batera, onar dezagun 2020ko hamarkadaren hasiera honi dagokiona: autotunea da ukelele berria.

Hori orain esan dezakegu, autotunea beheraldian sartuko dela aurreikus dezakegun honetan. Izan ere, esan liteke goia joa duela jada. Dagoeneko izan da berritzailea, dagoeneko esplotatu du sistema kapitalistak armairu hipsterretik gure kuadrillan raperogaxtua deritzogun estiloranzko trantsizioa, eta talde gehiegik erabiltzen dute autotunea dagoeneko: ezin du originala izaten jarraitu. Bukatzear (edo eraldatzear) da autotunearen erreginaldia, eta orain kontua izango da ea nor aterako den bizirik.

Modak badatoz eta badoaz, olatuen gisa (ba al dago hau baino metafora ebidente eta eraginkorragorik?), eta guay dago horietako bakoitzak ekarriko duen horrekin gozatu eta harritzea. Olatu bakoitza bada aukera bat zer motako musika egin oso ongi ez dakiten horiek martxan jartzeko: olatuak berak ezartzen dizkizu baldintzak. Orain modan dauden tresnak baliatu eta aurrera, dale.

Kontua da autotunearekin batera heldu dela sare sozialen aro inperiala, musika kontsumitzeko modua aldatu egin da, eta, ondorioz, musika ekoizteko modua ere bai. Eta, batez ere, kontua da estetika-beharrezkoa-da-gaur-egun-saldu-nahi-baduzu esaldia ezin dudala gehiegi jasan. Eta ez gezurra dela uste dudalako, ezpada, hain zuzen, egia delako. Arte zuzendariak hartzen dituzte taldeek, egiten dutenaren parte ezinbestekotzat dituzte ikus-entzunezkoak, Instagrameko feed-ak, TikTok... Eta zer du horrek txarra? Ezer ez, baldin eta egiten duzuna ona bada. Kontua da batzuetan kontzertu batera joan eta horren ebidentea iruditzen zaidala produktua, horren agerikoak produkzio-kapak, eta horren amorragarriak behin eta berriro errepikatzen ditugun leku komunak, amorratu egiten naizela. Kantu batzuk pixiglasezkoak dira: ez dira sostengatzen produkzio eta estetika osoa kentzen badiezu.

Ematen du kasketa petral bat dudala, Shakirak bezala, baina kontua da eneagramako 1a naizela, perfekzionista, eta, beraz, dena terriblea iruditzen zait, nahi gabe. Terriblea eta oso erraza. Hiru modu daude proiektu bat eraikitzeko: barrenetik, azaletik edo bietatik. Barrenetik egiteak badu arrisku bat: egindako hori intimoa denez, jada balekoa dela pentsatzea. Nire zutaberen bat irakurri baduzue, jakingo duzue ni ekologia kulturalaren aldekoa naizela, eta ez dudala uste merkatua saturatu behar dugunik gehiegizko ekoizpenarekin. Gauza esanguratsuak behar ditugu, eta esanguratsurekin ez dut sakona esan nahi, baizik eta pertinentea, zirikatzailea, burutsua. Azaletik eraikita, berriz, biluzik geratuko zara garaian garaiko olatua agortzen denean: zure arropa, instrumentuak, musika, modaz pasako da berehala. Momentu horretan, dirua eta arrakasta nahikoa metatu badituzu surfean aritu zaren denboran, zeure burua berrasmatu eta taldeko tronpeta eta tronboia jubilatu gabe zerbait egitea lortuko duzu. Bestela, etorkizuneko hater baten zutaberen batean aipatuko zaituzte, agian, nerabezaroko anekdota lotsagarri samar gisa. Hirugarren bidea jorratzen baduzu, ba agian sekulako arrakasta izango duzu, eta, bestela, bizirauteko aukerak izango dituzu, ziur asko edozein garaitatik at dagoelako egiten duzun horren funtsa.

Uste dut hamarkadaka errepikatzen diren auziak direla hemen aipatutakoak. Ez dut uste egungo traperoak gehiago baliatzen direnik estetikaz 80ko hamarkadako punkiak baino. Moda eta musika-tresna konkretuak erabiltzea normala da, belaunaldi bakoitzak behar du bere ukelelea, baina belaunaldi nostalgiko-prekario honen parte naizenez, zilegi iruditzen zait kritikatzea pixiglasa, garaian-garaian arrakasta eduki eta bizirik aterako ez den zera hori: tranpa eta diru kutsua duena. Eta, batez ere, ezer gutxi esateko gai ez dena.

Adinarekin batera aurreko hamarkadekiko estilo musikalarekiko auzo-lotsa ere metatzen al da? Galdera hori buruan nuela konturatu naiz ez dudala ukeleleari armairu-zokoan konpainia egingo dion autotune-pedalik. Oraindik garaiz nabil urtebetetzeko erregalu modura eskatzeko, ea pare bat urte gehiago irauten duen olatu honek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.