Honezkero jakingo duzue: Pitchfork ataria aurrerantzean GQ aldizkariaren parte izango dela iragarri zuten pasa den urtarrilean, eta geroztik musika kritikaren etorkizunaren inguruko hamaika analisi egin dira han-hemen: Gorka Bereziartua, Ted Gioia, John Doran, Nando Cruz eta beste hainbaten iruzkinak irakurgai dituzue sarean, nahi izatera.
Musika kazetaritzak Internet aroan izan duen erreferentzia nagusia izan da Pitchfork. Haien ildoa gustatu ala ez —hasieran hipsterren ikur omen, pop izarrei saldua ustez, gero—, bertako kazetariek piztu dituzte izan ditugun zenbait eztabaida, ezagutarazi dituzte gurtu ditugun izarrak —galde Deloreani—, irakurri dugu serios edo egin diegu trufa bertan esandakoei.
Nik neuk ez dut sekula gehiegi jarraitu, baina ez dut zalantzarik nigan eragina izan duena. Azal dezadan beste adibide batekin: Rockdelux aldizkariaren ale bat izango dut etxean asko jota eta, halere, bertan idatzitakoek nire gustuak moldatu dituzte. Nola den hori posible? Bada, esan bezala, bertan ezarri delako zein den mintzagaia, finkatu da zeintzuk diren entzun beharreko diskoak, zeintzuk jarraitu beharreko joerak eta artistak. Eta horrek eragina izan du entzun ditudan musikariengan, joan naizen kontzertuak programatu dituztenengan, nire solaskideen iritzietan. Giro kulturala baldintzatu dute, paisaia musikala marraztu.
Diodana irakurrita, balirudike poztu egiten nauela musika atari zein aldizkarien balizko gainbeherak. Iritziak aurrez baldintzatu eta zer dagoen ondo eta zer gaizki esango duen inor ez egotea positibotzat jotzen dudala. Kontrara, ez naiz horren inozoa eta badakit halakorik ez dela posible eta kezkak, beraz, baduela oinarririk: nor izango da gai ordena zehaztuko duena? Nor disko bat edo abesti bat esanguratsua den edo ez erabakiko duena?
Badirudi, baheketa lanak industriaren eta algoritmoaren esku —barka erredundantzia— utzi ditugula dirudien honetan, musika kritikariaren egitekoa zein den ere ez dagoela oso argi. Agian honako hau bezalako auziei heltzea da, batez ere, dagokiguna.