Mikel Onandia Garate.
Jose Luis Zumeta (1939-2020). IRITZIA

Pintura bere purutasunean

2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Intuitiboa eta pasionala, arrazionaltasunerako lekurik uzten ez duten horietakoa zen Zumetaren margotzeko modua. Kolorea eta forma, eta hauen arteko oreka, harmonia eta tentsioa, pintura bere purutasunean. 60 urte baino gehiagotan garatu jardun artistikoak produkzio konplexu eta anitza izan du fruitu, unibertso kolorista multiforme, abigarratu eta dentsoa.

Abangoardia abstraktuaren bidez herri baten balio tradizional eta garaikideak uztartu zituen mintzaira plastiko popularra definitu zuen belaunaldiaren parte aktiboenetakoa izan zen. 60ko urteetan Oteiza, Txillida eta Mendiburuk eskultura maila gorenera eraman bazuten, ez ziren makalak izan pintura abstraktua garatu zuten Sistiaga, Bonifacio, Balerdi, Amable eta Zumeta. Horietan gazteena zen usurbildarra. Donostiako Barandiaran galerian Euskal Eskolako GAUR taldearen aurkezpen erakusketa egin zutenean 27 urte bestetik ez zituen. Urte batzuk lehenago, baina, jada osatuak zituen heldutasun nabariko piezak, 1961-62 bitartean kolore biziko zerrenda paraleloez osatu seriea kasu, ziurrenik bere lanik erradikal eta kontzeptualena. Informalismoaren baitan beti, hurrengo urteetan keinu askeak bidea egin zuen bere lanean, adierazkortasun sentsual indartsu batekin, sekula bazter utziko ez zuen dinamismo nabariarekin.

Produkzio artistiko nagusia margolari gisa garatu bazuen ere, 60ko hamarkadaren amaieran erliebe eskultoriko konplexuak osatu zituen, artistaren lanik ezezagun bezain ederrak. 70eko lehen erdian konposizio makur eta bihurritsuagoen eta kolore orban zabalen arteko kontrasteek ezaugarritu zuten Zumetaren pintura, abstraktua erabat. Hamarkadaren erdi inguruan osatu zituen lanik interesekoenak, tamaina aldetik handiak oso, hondoaren eta figuraren disoluzio erabatekoan elkar erlazioan diren elementu kosmiko distiratsu jenialekin. Ordutik garai ezberdinetan materikoagoak eta errefinatuagoak ziren margolanak konbinatu zituen, baina agian deigarriena 1978tik aurrera figurazioaren alde egindako apustua izan zen. Izaera narratiboko lanak ziren, espresionistak oraindino hasieran, eguneroko bizitzaren gaineko bisio groteskoko mundu umoretsu eta absurdo batean.

Azken hiru hamarkadetan geometriaren eta jestuaren artean, figuraziotik eta abstrakziotik edaten duen pintura garatu du, materikoa eta trinkoa ia beti—nukleo plastikoen arabera antolatu gainjartze eta bilbe koloretsuak, plano ezberdinei irekitzen zaizkien leiho eta izaki enigmatikoez beteak—, produkzio zinez oparo bati bide emanez, modu nekaezinean, artearekiko konpromisoari azken unera arte eutsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.