Jean-Louis Davant.
IRITZIA

Piarres Charritton

2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Piarres Charrittonen ezagutza egin nuen Maule-Lextarreko Saint-François (d'Assise) ikastetxe katolikoan, 1951-1952 eta 1952-1953 ikasturteetan; gaztelania irakatsi zigun garai hartan. Batxilergorako azken urteetan ginen mutiko gazteak bulkatu gintuen Eskualzaleen Biltzarrak urtero eskoletan antolatzen zituen lehiaketetan parte hartzera, eta hor hasi nintzen ni ere euskaraz idazten. Bigarren maila bukatzean, Angerseko laborantza ingeniari eskolan sartzen lagunduninduen.

Gero, 1957an eta 1958an, Eskualdun Gazteriako kapilau edo omonier lanetan ari zelarik hobeki ezagutu nuen, eta harenganik asko ikasi euskaldungoaz eta euskal mugimenduaren historiaz. Gazte hilabetekariko buru zela, kazeta horretan hilabetero idatzi nuen 1957ko buruiletik 1958ko abendura, lehen urrats publikoak eginez lan horretan. Gainera, karia horretara, Eskualdun Gazteriako, eta, bereziki, Gazte kazetako idazkaria zen Joana Idiarten ezagutza egin nuen, eta 1961az geroztik espos gara, guraso, aitaita-amama ere bai.

Hirugarren epe batean, Hazparneko Saint-Joseph ikastetxeko zuzendari berri zela, irakasle taldean parte hartu nuen 1961eko urtatsetik. Laster, 1964-65 ikasturtean, lankide sartu zitzaizkigun Kristiana Etchalus (biologian) eta Txillardegi (matematikan). Eguberri aldean Paueko prefetak erbestera joateko agindua eman zion Txillardegiri, eta honek ezetz erantzun; ez zela joanen. Charrittonek aterpetu zuen. Baina Baionako apezpikuak ordezkari baten bitartez, Txillardegiri eskatu zion ikastetxetik joan zedin, bestela Frantziako Gobernuak ikastetxe katolikoei ematen zizkien diru laguntzak galduko zituela Hazparnekoak. Eta Txillardegi joan zitzaigun. 1965eko urtarril hastea zen. Charrittonek kolpe handia hartu zuen bere baitan eta iritzi publikoan.

Anartean, Doueil prefetarekin hitz egina zuen Txillardegiren alde, baina debaldetan, eta gainera prefet horrek jaulki zion fama handia bilduko zuen ahapaldi hau: «Le Pays Basque, monsieur, çà n'existe pas!»: «jauna, Euskal Herririk ez dago!».

Laster bigarren zorigaizto bat etorri zitzaion: Kristiana Etchalusen atxiloketa. Neska gazte hau astero egun batez kurtso hartzera joaten zen Iruñera, eta hona non 1965eko otsailaren 2ko arratsalde apalean, handik itzultzean, Guardia Zibilak Dantxarinean atxilotu zuen, ETA erakunde armatua laguntzen zuelakoan. Auziperatua izan zen eta hamazortzi hilabetez Iruñeko presondegian egon behar izan zuen. Bigarren eskandalua iritzi publikoan! Pazkoko oporretan Baionako apezpikuak Charritton kargutik kendu zuen eta beste zuzendari bat igorri zigun. Gero, hogei bat urtez, Charrittonen bizitza franko nomada bilakatu zen, Parisen, Baionan, Parisen, Quebecen, berriz Baionan. Apezgoa utzi zuen eta Aña Durruty aihertarra esposatu.

Elkarlaneko denboraldi berri bat hasi zitzaigun 1980. urte inguruan. Pierre Lafitte euskaltzain jakintsua zendu zitzaigun 1985eko negu bukaerantz. Charritton hautatu genuen haren ondoko. Sarrera hitzaldia egin zuen, 1986ko ekainaren 28an, Hazparneko Herriko Etxean, eta erantzunaren emateko ohorea tokatu zitzaidan. Lehenik parte hartu zuen Gramatika batzordean. Gero, biek lan egin genuen Hiztegi Batuko lantaldean. Hilabetero egun batez UZEIko egoitzara joaten ginen elkarrekin. Bestalde, lan asko egin du Euskaltzaindiaren baitan, dela Jean Etchepare eta Piarres Larzabalen obrak paratuz, dela Baionako ordezkaritza kudeatuz.

Izigarriko kultura zuen eta gaitzeko dohaina hitz egiteko. Euskarari, euskaldungoari eta Euskaltzaindiari egin dien ekarpenik handiena aho-mihizkoa izan da. Baina ber denboran, ez idurian, idazlan handia egin duela ohartzen ahal gara haren bibliografia franko aberatsa ikusiz.

Eskerrak zor dizkiogu euskaltzaleok, eta nik bereziki zor dizkiot, gaztaroan ekarri zidan laguntza guziaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.