Literatura. Hirudia

Pessoal

2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Aitor dut, lehengo igandean Lander Garroren artikulua irakurri orduko idatzia nuen aste honetako nirea, baina Landerren hitzak irakurri ahala, semearen soketako gora-beherak jagon bitartean, zutabea aldatzea erabaki nuen, egunkaria frontoian utzi aurretik (badakit, ez dator inondik ere harira aterkiak, betaurreko ilunak eta enparauak galtzeko dudan abildadea aipatzea, baina, ohartuko zaretenez, derrigorra nuen gertakaria girotzea).

O poeta é um fingidor zioen Fernando Pessoak, eta hari hartu zizkion hitzok Sarrionandiak, polizia-etxeko tortura-saioak aletzean. Olerkaria itxurazale hutsa duzu hori Autopsikografia izeneko poeman jaso zuen portuges idazleak, aitorpen autobiografiko antzeko batean. Fingidor izenondoa, ordea, Cavalcanti Filho-ren ustean, ez da itxurazale hutsa: eraikitzailea ere bada, igeltseroek hormak itxuratu (fingir) egiten baitituzte penintsulako portugesez (euskaraz ere antzeko polisemia du itxuratu aditzak, bestalde). Ez da debaldeko bibliografia-erakustaldia hori, ikusiko duzuenez.

Zer dela eta ematen diete gaurko idazleek bizkarra errealitateari? Horra, funtsean, Landerren kezka. Artikulua aldatzeko erabakia harturik, etxerakoan, «Norbanakotik kolektibora» zioen pintada batek bide eman zigun zebrabide batean. Gazte-erakunde berri bat eratzeko prozesuak utzitako marka zen hura, aierua niretzat (ederra da, orobat, zeinen esanguratsua den zebrabidean edo horma baten kontra margotzearen arteko aldea). Eta, beharrik, zenbait pieza egokitzen lagundu zidan leloak.

Ezbairik gabe, indibidualismoaren gakoa aintzat hartzekoa da, guztiz ezaguna den arren denentzat, ia moral berri baten galdearen parean. Denek hitz egiten dute horretaz, ezkerraren guruek nahiz Praixku aita santu berriak. Beraz, Nia ea Bestea dituzkegu karaz kara. «Nitasun ondo taxutua du» eta antzeko aipuak izaten dira idazleek gogotsuen bilatzen dituzten kritikak.

Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa) eta Grégoire Bouillier-en Txostena niri buruz (Pasazaite) irakurri ditut egunotan, biak ala biak nitasun nabarmeneko testuak. Jaidura hori boladan dagoela ere esango genuke (autofikzioa, autoimitazioa edo autotxokea). Meaberena bereziki buruargia da, eta argigarria, nork bere burua bistaratzeko saio horren argi-itzalak ageri dituelako, kontzientzia handiz, sigi-saga bakoitzean irakurleari ohartaraziz bai beharbada exhibizionismo-eragiketa horri honela edo hala iritziko diola irakurleak.

Bouillierren liburuak beste izari bat du, bizitza ia oso bat hartzen baitu bere baitan, baina bitxia da zeinen antzeko diren idazkeraren aldetik bi lanok: esaldi laburrak, lotura-ardatz bat (hemen, gaixotasun eta ezbeharrak; Meaberenean, begia), gordintasuna... Nork ukatu, ordea, Ni txiki horiek guztiek Gu handi bat osatzen dutela, soziala eta pertsonala ez baitaude hain bereiz. Juanjo Olasagarrek maisukiro erakutsi zigun Gezurrezko maletak ederrean iraultza pertsonalak eta sozialak gainazpikaturik daudela.

Idazleak, hala, eraiki egiten du, itxuratu egiten du bere mundu hori, baina mundu hori gurearen parte ere bada, jakina. Egia da bizipenen larriak zerikusia duela emaitzan, ez direla berdin, esaterako, sentiberatasun larriko bidaia transozeaniko bat egitea eta biziaren hegiraino bertaraino iristea eta leizean behera begiratzea. Norberaren bizipenek nahikoa indar ez badute, hobe genuke fikziora erabat jotzea, alegia, itxurak egitea.

Eta, hala ere, gaur egun gure gazteak atzerrira lan bila doazen bitartean, oraindik erasmusei buruzko kontakizun... belaxkak ateratzen dira, edo kosmopolitismo sotilekoak. Horretan bada, izan, halako, nola esan, fribolitate txiki bat, baina ni ez naiz nor halako obrak epaitzeko, irakurri ez ditudan liburuez jardutea bailitzateke. Eta, hala ere, harritzekoa al da? Ez al dugu etxean telebista-kanala berehala aldatzen Corrugadosko beharginen negar-anpuluak ezin jasanda. Ez al dugu ihes egin nahi? Ez al dugu ihes-literatura eskatzen? Koldarregiak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.