Cira Crespo.
Lauhazka

Peruren eta Benitaren utopia

2024ko maiatzaren 5a
05:15
Entzun

1802ko otsailaren 6a zen, eta Juan Antonio Mogel bere etxean zegoen, Markinan. Jose Vargas Ponce zuen gogoan; ilustratu espainiarra, estatua zentralizatzearen aldekoa.

Espainiako intelektualen artean ez da kontraesan handirik sentitu posizio zentralista –hau da, supremazista– sustatzearen alde egotearen eta, aldi berean, Euskal Herrian hitz egiten dugun hizkuntza arrotz honekiko nolabaiteko begirunea edo, hobeto esanda, nolabaiteko jakin-mina izatearen artean. Arazoa, izatekotan, besterena zen, hau da, jakin-min horren atzean hizkuntza txikituari hazten laguntzeko edo beste hizkuntza batzuen parekotzat hartzeko interesa suposatzen zutenena. Ez, hizkuntzarekiko jakin-minak ez du zertan hiztun taldearen patuarekiko interesa izan. Baina, otsaileko egun hartan, euskara beste hizkuntzak bezain duina eta erabilgarria dela konbentzitzeko asmoz, Juan Antonio Mogelek, beste batzuetan egin zuen bezala, espainiar lagun ilustratuari honako lerro hauek idatzi zizkion:

«Ez du euskarak akademiarik izan, ezta kultura partikularra eman dion idazle onik ere. Ezezaguna balitz bezala bizi da basoetan eta etxe bakartietan, eta egia baino gehiago da gure baserritarrek hori badakitela eta primeran hitz egiten dutela, besteengan nabaritzen diren nahasmenik gabe.

Hizkuntzaren pobreziaren laidotik defendatzeko asmoz, Diálogos vascongados lan bat landu dut, baserritar baten eta kaleko zirujau baten artekoa [...]. Burdinola batean sarraraziko du, eta euskal ahotsen zantzuak aurkituko ditu tresnetan, paisaietan eta abarretan. Gaur egun, ehulearen, arotzaren, errotariaren eta abarren lantokietan dabil. Azken batean, euskara natural eta ohikoan hitz egiten du; eta euskal gizon kultuek, edo hala izan behar luketenek, ez diote landatar zintzoari ahots askotan ulertuko».

Mogelek, gutun hartan, hain zuzen ere, Peru Abarka euskarazko lehen eleberria aurkeztu zion Jose Vargasi. Ez zuen askorako balio izan. Eta 1802an idatzi bazuen ere, Mogelek ezin izan zuen idatzia bere mundualdian argitaratu. Frantziskotarrek Arantzazun gordetzen duten eskuz egindako kopia batean zera irakur daiteke: «Obra txiki honen merezimendua ikusita, ongi merezia zuen argi publikoa inprimatzen ikustea, baina gaur egun ezin da legez egiaztatu, horretarako baimena eman dezakeenik ez dagoelako».

Ez zegoen baimena eman zezakeenik inor.

Denbora luzez, eskuizkribua baino ez zen existitu, ezkutuan gordea. Euskaltzaleek Peru Abarka-ren kopiak egin zituztela badakigu, baina ez zehazki nola aritu ziren. Euskaldun letrazaleak kopista bihurturik irudika ditzakegu, agian, premiaren berri etxez etxe emanez, ahoz aho. Duela gutxi jakin dut, adibidez, Orixeren Euskaldunak poemaren kasuan ere, diktaduraren garaian, eskutik eskura ibiltzen zirela kopiaturiko aleak. Monasteriorik gabeko kopista bihurtu ziren batzuk, estatu supremazisten debekuak gainditu beharrez. Bazterreko zirkuituak, badakizue.

Liburua idatzi eta handik 80 urtera argitaratu zen, 1881ean, Durangon, Peru Abarka eleberria. Ordurako ekina zitzaion Euskal Herriaren eraikuntza teoriko berriari, eta baserritarraren eta kaleko zirujauaren arteko elkarrizketa eder hari leku bat eskaintzeko modua ere bai.

***

Joan dira urteak, mendeak, eta duela gutxi aurkitu dute argitaratu gabeko beste euskal altxor bat. Benita Gorostizuk 70eko hamarkadan idatzi zituen eskuizkribuak, hain zuzen ere. Gorostizuren seme-alabek «amak idatzitako paperak» utzi zizkieten Elixabete Perez eta Leyre Arrieta ikertzaileei, eta aurten argitaratu dituzte. Gorostizu «Goierriko emakume baserritarra» zen, eta irakurzalea, eta idazlea. Mendean harturiko nazio bateko emakume ertzekoa. Antza, berak ere oso garbi zeukan. 1971n, Zeruko Argia-n, hau idatzi zuen: «Emakumea eta Euskal Herria elkarren antzeko egoeran edukian izan direla. Emakumea behar aldamenean, bere zuzen mentuaren zain ordu gutizietan eta bere egiteko, esker txartzen jardun. Bietan indarra nagusi, nahiz eta arrazoia eduki».

Benita Gorostizuren eleberria eta 'Peru Abarka' euskarazko lehen nobela.
Benita Gorostizuren eleberria eta 'Peru Abarka' euskarazko lehen nobela. BERRIA

Izan ere, haren idazkiek askorako ematen dute, hainbat ikuspuntu aztertzeko aukera zabaltzen dute. Baina, oraintxe, hitz egin nahi dizuet eskuz idatzita utzi zigun eleberriaz; izan ere, bai, ganbarako paperen artean, elkarrizketa eran idatzitako eleberri bat ere bai baitzen! Nahiz eta seguru ez jakin, Peru Abarka bere liburua egiteko inspirazio iturri izatea ez da, inondik inora, hipotesi zentzugabea. Hala ere, bi elkarrizketen artean bada desberdintasunik.

Hasteko, oraingoan, idazlea bera baserritarra da, Peru Abarka bezala. Eta elkarrizketa ez da bi gizonen artekoa, bi emakumeren artekoa baizik. Amonaren eta ilobaren artean euren eguneroko kezkak eta, batez ere, pozak konpartitzen dituzte, arazorik gabeko paisaia batean. Hots, Benita Gorostizuk locus amoenus bat eraikitzen du; toki atsegina, mitikoa eta idealizatua. Ilobak bere ikastolari buruz hitz egiten dio, txangoak eta festak aipatzen ditu; amonak, aldiz, garaiak nola aldatu diren komentatzen du, eta kontatzen du zer egiten zieten bere sasoian, sasoi askoz ere ilunago hartan. Elkarrizketa ondo eramana eta errealista da, baina testuinguru ideal batean. Herri normal batean bizi direla dirudi, ez diktadura baten menpe.

«Amona, bere bilobatxo zortzi urteko neskatila argiarekin, udarako eguraldi bero batean, beren ate aurrean daukaten zuhaitz mardul batean itzalean. Biak kontu-kontari noski...».

***

2024a da eta bi liburuak dauzkagu eskura. Orain bai, orain irakur ditzakegu, eta gure baitan, gure iruditerian, Peruk eta Benitak elkarrizketa emankorra eduki dezakete Mogelek eraiki nahi izan zuen eta ezagutu ezin izan zuen herri euskaldun ilustratu eta Benita Gorostizuk proposatu nahi zuen leku atsegin horren artean. Guztientzako leku bat, geure utopia, zuhaitz mardul batean itzalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.