Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Performancea

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Lan sistemaren amaiera aurreratu ziguten azken hamarkadetako iragarle burutsuek. Lan egin beharrik gabe biziko ei ginen munduan. Krisiaren astinduak, ordea, agerian jarri ditu joera horren barne-kontraesanak eta arinkeria. Askoz lehenago, aro komunistaren baitan, artearen etorkizuna lana beraren eraldaketa izango zela aldarrikatu zuten errusiar konstruktibistek. Harrigarriki, joan den mendeaz geroztik, inor gutxik espero bezala nagusitu da halako norabidea.

Lan mota berriak garatu diren heinean, lanaren kontzeptuari berari bortizki eragin dioten baldintzak sortu dira. Jardunaren eta aisiaren artean desberdintzeko ezintasunak nabarmenduko luke lan berria, lanaren eta okupazioaren artean bereizketarik egin gabe, lan-orduen eta denbora librearen artean, bizitzaren eta performancearen artean, azken batean.

Labaina da performancearen definizioa, ongi zehaztutako giroan ere, ihes egiten die ohiko esanahiei. Egungo ekonomian, norbanakoaren lanaren ekoizpena izendatzeko hitza bilakatu da; horretaz gain, bakoitzaren irudikapena eta teatralitatea ere hartuko luke performancearen eremuak, auto-errepresentazioa, ezaugarri immaterialekiko gero eta mendekoago den lan ekonomian. Artista, idazle edota langile kultural gisa, lana bera litzateke horrela performancea, lan egiterakoan geure burua errepresentatzen dugu; era berean, hitzaldia ematea, ekitaldietara joatea, eta une egokian toki egokian egotea ere halako lanaren parte dira, esate baterako. Horrela, aspaldi gainditu dira gorputz-diziplina klasikoen mugak. Modernitatearen baitan arte munduan emandako joera berrien azaleratzea izan zen, nolabait, egungo lan forma izengabeen hastapena, eta horrek adieraziko luke, nolabait, ekonomiaren kulturizazioa. Ondorioz, hainbat arte proposamenek lagundu dezakete, akaso, egungo errealitatea argiztatzen.

Denbora zuhur eta neurgarrian zegoen errotuta balio erantsiaren ekoizpenaren analisia; zegokien eran ziren ordainduak ahalmen maila eta larritasun ezberdina eskatzen zuten lan sailak, lan ordu kopuruaren oinarri adostuaren arabera beti ere. Lana performace erabateko bilakatzen denean, baina, neurtze tresna gisa lausotu egiten da denbora. Lan ordutegi malgua ditxosozkoak esan nahi duordu guztiak direla balizko lan-ordu, edozein harreman mota bilakatzen da potentzialki etekin sare eta, horrenbestez, performance.

Automatizazioak gizakiaren lana gero eta alferrago egingo zuen, zeregin forma berriak erraztuz, bizitza jolas gisa hartuz (iraganeko utopiak omen). Kapitalismo industrialak atzean utzia zuen Homo ludens figura errealitate bilakatuko zen berriro. Etengabe aldatzen ari zen inguruaren esplorazioa izango zer lanetik kanpoko etorkizuneko subjektuaren egitekoa, besterik ezean.

Usteltzen hasia da artea kultur industrietan integratuko zuen saiakera zekena. Ekialdera alde egin zuten fabrika astunen lekua hartzera zetorren zerbitzu-hiri berrian, murrizketa latzak ezarriz horretarako, sortzaile arrakastatsuen eta gainontzekoen artean tartea handituz. Horregatik, denbora neurritzat duen saiakera apal berriak erakargarriak badira behinik behin.

Ne travaillez jamais (ez sekula lanik egin) zioen 1953an Parisko horma batean Guy Debord malapartatuak izkiriatutako pintaketak; lanaren izaera alienatzaileaz ari zen, inolaz ere. Lanaren deuseztatzea zuen xede proiektu situazionistak, lanaren ukazio gisa ikusiak izango ziren aktibitate forma berrien alde, edo, besterik gabe, lanaren eraldaketa gisa. Behin eraldaketa hori bere horretan garatuta, lanaren eta ez-lanaren arteko bereizketa balizko eztabaida bilakatuko zen. Debordek ez zituen kontuan hartu, ordea, ondorengo hamarkadetan mendebaldeko ekonomiak jasandako birmoldaketen ondorioak, artean ere langilegoaren potentzial iraultzailea aldarrikatzen zuelarik, ordurako urtzen hasia zena pixkanaka.

Egungo egoerak hainbat saiakera nabarmen erakusten dizkigu, lanaren bestelako eremuan kokatuak. Ustiapen txiro ikusezin eta prekarioa litzateke performancearen ifrentzua. Gehiegizko lanarekiko matxinatuak dira gorputz eta arimak. Estresak jo ditu finantza guneetako managerrak; aldi berean, zonbi bihurtuak dira artista eta ikerlariak, zaharraren eta berriaren artean desesperatuki malabarismoak eginez, ezarritako eta borondatezko eginkizunak nahastuz. Travaillez toujours (egin lan beti) bilakatua da lema berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.