Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Pentsatzeko txokoa

2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

Non pentsatzen duzu hobekien? Non aurkitzen duzu sosegua arazoak (zuzen) ebazteko? Aldatzen al da zure pentsamendua paisaiaren arabera? Gorputz inklinazioaren arabera? Baduzu pentsatzeko txokorik? Edo kontrara, (gehiegi) pentsatzeari uzteko lekurik? Irakurtzen jarraitu aitzin, irakurle, eman zure buruari segundo batzuk, eta kuttun duzun leku, posizio edo latitude hori buruan duzularik, segi irakurtzen. Prest? Hona hemen hain gustuko ditudan zerrenda horietako bat; lagun, idazle eta pentsalari kuttunek izan dituzten hausnarketarako lekuekin osatua; ea, irakurle, zein taldetan sentitzen zaren zu identifikatu (balio du leku bat baino gehiago aukeratzeak).

Outdoor pentsalariekin hasiko naiz. Talde honetakoa bazara, maite duzu mugimendua. Laguntzen dizu ideiak ordenatzen eta barne-gatazkak haizatzen; kanpokoak baretzen du barrukoa eta barnean gordeta zenuen poema-abesti-konponbidea azaleratzen laguntzen dizu. Ibiltarien taldea ere dei genezake. Outdoor pentsalarien artean bi azpitalde daude: lehenengokoen artean lerratzen bazara, asfaltoak, zaratak edota farol azpiko bizitza hiritarrak isiltzen ditu zure eguneroko kezkak eta jartzen zaituzte halako zen egoera batean. Jendartean bat gehiago izateak, hau da, anonimo izateak laguntzen dizu pentsatzen. Baudelaire izanen da, ziurrenik, literatoei burura etorriko zitzaizkien lehen izenetako bat, berarekin lotzen baitugu flâneur-aren figura, hirian alderrai dabilen gizon ibiltariarena, alegia. Eta beste literato batzuei ere Irati Majuelo etorriko zaie burura, flâneuse-ak ere, hau da, hiriko emakume ibiltariei usnaka ibili delako irakurri berri duen tesian. Ibiltari urbanoak bazarete, batzuek maiteko duzue beti bide berdina egitea: errepikapenean aurkitzen duzuelako sormenerako baretasuna eta ideiak antolatzeko modua, Kant filosofoaren modura, zeinak egunero ordu berean eta pauso berak egiten baitzituen kasik hil arte. Baina agian hiria maite bai, baina errutinak ez, eta izanen zarete hiri arrotzetako hausnarkari. Gogora gaitezen Hemingwayz, Iruñean. Edo Iréne Némirovskyz, Miarritzen. Nik ere bereziki maite ditut hiri ezezagunetan idazten ditudanak. Badute halako freskotasun bat bidaia koadernoek, errutinatik kanpo kokatzeak dakarrena.

Ibiltari urbanoak bazarete, batzuek maiteko duzue beti bide berdina egitea: errepikapenean aurkitzen duzuelako sormenerako baretasuna eta ideiak antolatzeko modua, Kant filosofoaren modura, zeinak egunero ordu berean eta pauso berak egiten baitzituen kasik hil arte

Baina esango nuke, mugimenduaren pentsalarien artean talderik handiena naturako ibiltariena dela: lagun askori galdetuta —izan sortzaile ala ez— naturako soinuek, paisaia berdeek eta kiroletako arropa zaharra janzteak: horrek sortzen ditu baldintza egokiak hausnartzeko. Off-road intelektual eta literatoen zerrenda ere luzea da: Nietzsche, Thoureau, Simone de Beauvoirren paseoak famatuak dira. Eta beste pentsalari anonimo asko imajinatzen ditut Oiartzungo bidegorrian aurrera eta atzera, edo Arga bidean, edo herri txikietako zidorretan barrena Nietzschek —gutxi gorabehera— zioen hau bere eginez: ez gehiegi tematu aire zabalean idatzi ez diren pentsakizunekin, edota giharren indarra behar izan ez dugun hausnarketekin. Geldi egonik sortu diren ideiak usteldurik jaiotzen dira.

Baina uste baduzu oinen pausajeak zerikusi gutxi duela arazoak ebazteko gaitasunarekin —izan sormenezkoak, pertsonalak edo politikoak—, lasai, zuretzat ere bada zerrenda honetan lekurik. Indoor pentsalarien artean kokatuko zara ziur aski: kieto parau egotean aditzen duzu barneko ahotsa hobekien, kanpoko estimuluek galarazten baitizute ongi koadratzen koadratu beharrekoa. Liburutegiak, idazmahaiak, kafetegiak eta antzekoak dira zure habitata. Gela gotikoan imajinatzen ditugu idazle asko eta asko, beren baitara bilduta. Baina kietismo intelektuala praktikatzeko modu prosaikoagoak ere badira: Berbelitzek kontatzen du, bere hiztegian, itzulpen bat ez aurrera ez atzera geratzen zaionean dutxan konpontzen duela arazoa. Neuk dutxan ez, baina piszinan burutazio zinez interesgarriak izaten ditut, eta geroz eta poema gehiago irakurtzen ditut piszinari gorazarre egiten diotenak. Biba piszina! Pena gutxitan noala. Kotxeko pentsalariak ere, franko. Nire kuttunenetako bat: sofako pentsalaria. Arrisku bat du horrek, ordea: hain gustura zaudela pentsatzen, azkenerako seko lo geratu eta poemak ihes egiten dizula betiko. Eta arrisku horrek honako hau pentsatzera narama: alegia, batzuek aipatu lekuetan hausnartzeko parada aurkitzen duten bitartean, beste batzuek maite dituzte leku horiek berak pentsatzeari uzteko. Baina egia da, askotan, pentsatzeari uzteko ahalegina egiten dugunean bururatzen zaizkigula ideiarik zorrotzenak. Eta zuk, non pentsatzen duzu hobekien?

Donostiako Paseo Berria
Jendea oinez, Donostiako Pasealeku Berrian. JON URBE / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.