C.L.R Jamesek, The Black Jacobins saiakeraren egileak esan zuen: pertsonalitate handiek egiten dute historia, baina egokitu zaien historia soilik. Hau da, ezin diogu ihes egin gure bizialdiko garaiari, ezin ditugu gure bizi- nahiz kultura-baldintzak saihestu.
Giuseppe Verdi arima libre bat omen zen, pertsonalitate handia deitzen diegun horietako bat, alegia. Duela gutxi irakurri dut Verdiri buruz euskaraz idatzitako biografia txikia eta txukuna, Itziar Gilleneak egindakoa. Irakurketa horretatik hunkiberatasunari dena ematen zion gizon baten irudia geratu zait, erromantizismoaren seme batena. Asko eskertzen diot Verdiri hori, hunkitzen duen artea gustatzen baitzait; horrelako sorkuntza artistikoak gogoko ditut, gizatasuna areagotzen digute. Zer eragiten dizue zuei, bestela, La Traviata-ko brindisa entzuteak? Abesti hori entzuten duzunean zure ondoan daukazunaren alde edozer egiteko prest zaude. Zure laguna bihurtzen da, subito.
Duela gutxi, Joxe Mari Iparragirreri buruzkoak irakurtzen ere hasi naiz. Hara hor pertsonalitate handiko beste gizon bat, Verdirekin gauza asko partekatzen dituena. Musikaria bera ere, ez oso familia aberatsekoa, baina ezta txiroa ere. Biak joan ziren musika ikasketak hiriburuetan egitera: Milanera bata, Madrilera bestea. Biak izan ziren erromantizismoaren semeak, eta besteak hunkitzeko abilezia berezia zeukaten. Biek garaia ere partekatu zuten. Biak arima askeak, baina testuinguru oso ezberdinetan: Giuseppe Verdik gizarte euforiko batentzat egin zuen artea, eraikitzen ari zen herri batean. Joxe Mari Iparragirre, aldiz, beti mugan zegoen herri batean, ereserki asko behar zituen batean.
«Ziur naiz [Iparragirrek] ongi ezagutzen zuela Verdiren musika. Nahitaez zeukan Verdiren musika ezagutu beharra; are gehiago, gustatzen zait Iparragirre publikoaren parte irudikatzea Nabuccoko esklaboen korua entzuten: Va, pensiero...»
Joxe Mari Iparragirrek askotan egin behar izan zuen ihes bere herrialdetik. Lehenengo aldiz, gerra karlistak galdu eta gero. Momentu hartan Europako hainbat leku ezagutzeko aprobetxatu zuen, nomada bilakatu zen. Opera konpainia batean sartu omen zen, eta, seguru asko, Italian egon zen. Ziur naiz ongi ezagutzen zuela Verdiren musika. Nahitaez zeukan Verdiren musika ezagutu beharra; are gehiago, gustatzen zait Iparragirre publikoaren parte irudikatzea Nabuccoko esklaboen korua entzuten: Va, pensiero...
Pentsamendua, egizu hegan
urre koloreko hegalekin,
larre eta gailurretan,
non botatzen baitu bere usain leuna
sorterriko aire gozoak...
Bera ere, koru juduak bezala, sorterritik urruti zegoen. Badakigu 1851n Londresera joan zela, han baitzegoen Lehenengo Nazioarteko Esposizioa, eta irakurri dut Txirula magikoa antzeztu zuela. Iparragirre Covent-Gardenen, antzerkian kantatzen? Imajina al dezakezue? Munduko hiriburu distiratsuan egon arren, nahiago izan zuen bere herrira itzultzen saiatu. Ingalaterran zebiltzan autoritate espainolekin hitz egitea lortu zuen, eta itzultzeko baimena eskuratu zuen. Itzuli eta gero bere abesti ezagunena egin zuen: Gernikako arbola. Verdik, bitartean, Rigoleto operarekin arrakasta handia izan zuen. Batak Europa osoko antzokiak betetzen zituen bitartean, besteak tabernak, herriko plazak, eta herriko oholtzak. 1855ean Iparragirre preso sartu zuten, «bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik». Tolosako justizia jauregiko kartzelan Joxe Mari Iparragirre kantariak Nere amak baleki kanta hunkigarria osatu zuen:
Giltzapian sartu naute
poliki-poliki...
Negar egingo luke,
nere amak baleki.
1855ean, aldiz, Verdik Les vêspres siciliennes opera estreinatu zuen, Parisen. 1859an Un Ballo in maschera estreinaldia Erroman, eta Iparragirre, berriz, Argentinara bidean da. 1861ean, Verdi Italiar estatu berriko parlamentuko kide hautatzen dute.
1881ean hil zen Iparragirre, Euskal Herrian, Zozobarro baserrian alokaturiko gela batean. 1934an Joxe Artetxek Txistulari aldizkarian kontatu zuen bere aitonari entzuna: «Iparragirre hilzorian zegoen baserriko gelan sartu zen (gure aitona). Horman, oheburuan, koroa bat zegoen zintzilik, zilarrezkoa; lehiaketa poetikoren batean lortutako sari bat, nonbait. Lekukooi eszena krudel eta tragikomiko bat ikustea egokitu zitzaigun. Zozabarro baserriko etxekoandrea ohera hurbildu zen, hilzorian dagoenaren belarrira erregu premiatsu bat errepikatuz: 'Ogei dukat ba, Joxe Mari...! Ogei dukat ba...! '. Zer desira adierazi nahi zion emakume hark, hain modu delikatuan, hain une desegokian? Iparragirrek, zalantzarik gabe, baserriko pentsioaren berri ez zuen izango, bestek ordaindua izango zen-eta. Baiezko euskal hitza bukatzeko indarrik gabe, Iparragirrek mekanikoki erantzuten zion: 'Ba... Ba... (Bai... bai...)'. Gogoan dut oraindik nola ahoskatzen zuen hitz hori aitonak, hilzorian zegoen Iparragirre imitatuz».
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1881eko apirilaren 9an, besteak beste, honako hau erabaki zuen: «Bere gorpuzki preziatuak dauden leku sakratuan bere bertute zibikoak iraunaraziko dituen oroitzapen apal bat jartzeko agintzen du, euskal musika eta poesiaren propagandan egindako lan etengabeari aitortutako sari mendre gisa, eta herriak beti eman zion maitasun handiaren eta merezitako estimuaren lekuko». Apaltasunez eta mendreki oroitu zuten kantaria. 1901ean, ordea, Giuseppe Verdi hil zen egunean, kaleetan bildu zen jendetzak Nabuccoren esklaboen koruaren kantarekin gogoratu zuten, harrotasunez: Pentsamendua, egizu hegan,/ urre koloreko hegalekin...