begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Pelikula ez den pelikula, pelikula oso

2025eko apirilaren 18a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Estreinatu berri da Hegoaldeko areto ez hain korrienteetan Ana Asensioren La niña de la cabra film delikatua. Bertan, ikaskideekin Goyaren Saturno bere semeak jaten eta Akelarre lan ilun, anker, infernuzkoekin egingo du topo zortzi urteko neskatila batek. 80ko hamarkadan gaude, Madrilgo auzo langile batean. Telebistak ETAk Emiliano Revilla bahitu duela iragartzen du. Elena neskatoren amona hiltzear da, baina oraindik badu indar nahikoa apaizaren bisita errefusatzeko. Elenak amonari ahots goraz irakurtzen dizkio liburuak eta berarentzat dantza egin. Liburu horiek ez dira nolanahikoak. Batek zera dio, «gizakion beldurrak sortu izan ditu ipuin guztiak eta ipuin horiek gure zalantza oro estaltzen dute».

Gurasoak majoak dira baina bizitza latza da eta haien arteko harremana zauritu dela sumatzen dugu. Elena katixima eskoletara doa Lehen Jaunartzea laster egingo baitu. Apaizari (Alex de la Iglesiaren El Día de la bestian parte hartu zuen aktore batek antzeztua) hizketan dakien belea deritzo Elenak (baita ikusleok ere).

Egun batean (amona hil da dagoeneko eta neskatilak ez daki zeruan edo lurpean ote den), familia ijitoa ailegatzen da plazara. Dantzaria da alabatxoa, musikaria aita eta amonak dirua eskatzen die hortik pasatzen direnei. Askok balkoietatik botatzen dizkiete sos txikiak atsegin dutelako aulki baten gainean oreka mantentzen saiatzen den ahuntz beltz bat ikustea…

Lola izen polita du animaliak eta Serezade neska ijitoak maite du biziki. Elenak, berriz, beldur dio, begiratzen dioenero akordatzen baita Goyaren Akelarre-ko Akerraz…

Horrela hasten da begirada fin bezain zorrotza duen filma. Gustuko, gustuko oso izan duzunez, Ana Asensio zuzendariaren berri zehatzagorik bilatzeari ekiten diozu. Boteprontoan, maiatzaren 3an Bilboko Fant festibalean aurkeztuko den Horror Girls liburuan berari eginiko goraipamena topatzen duzu. Egia, bera da! Ana Asensiok Most Beautiful Island zinema esperimentu/artefaktua burutu zuen 2017an, eta Londreseko SXSW zinemaldian, non muga guztietatik haratago mugitzen diren bai antolatzaileak bai parte hartzaileak bai ikusleak, bi sari nagusi jaso. Pasako zen gero, txalo zaparradez harturik, Jerusalem eta Sitgeseko festibaletatik.

Egun, Most Beautiful Island Hegoaldean eskura ditugun Filmin, FlixOle eta RTVEko plataformetan dago ikusgai. Baietz ustekabean harrapatu. Pelikula hasi orduko zuzendariaren hitzak entzuten dira; ez dizu horrek zer pentsatua ematen, plataformek filma baino gehiago eskaini ohi dizkiete askotan beren bazkideei eta abonatuei: egileen komentarioak, pelikulatik kanpo geratu ziren eszenak, zuzendariak berak aretoetan estreinatu ostean sortu zuen bertsio behin betikoa...

Beraz, zure ustetan segituan hasiko den pelikularen hainbat irudiren gainean Ana Asensioren ahotsa entzuteak ez zaitu harritzen… oraingoz.

Erraturik zaude baina. Entzuten duzuna eta ikusten dituzun irudi solteak ez dira aparteko kontuak, ezta Most Beautiful Island horri gaineratu gehigarriak baizik eta, baizik eta, baizik eta… pelikula!

Anak pelikula itxura, pelikula forma, pelikula modu eta manerak ez dituen pelikula egundokoa burutu du. Bertan gertatzen omen dena berak kontatzen digu. Plano-sekuentziak, plano-hurbilak, enkoadraketak direla hartutako erabaki formalak gureganatzen ditu pantailan film baten zirriborroa dirudiena ikusten ari garen bitartean.

Izugarria erronka. Izugarria ausardia.

Izugarria balentria ere. Zinemari darion magia iluna maltzur eta maistraki erabiliz, bere eginez, Ana Asensiok zuk pelikula oso eta osatu bat ikustea lortzen du. Nahiz eta zure buruak, zure begiek eta zure belarriek kontrakoa behin eta berriro baieztatu: adi, erne, hau ez da pelikula bat, hau inoiz eta akaso (batek daki…) egingo den film baten inguruko saiakera duzu esaten dizute erraiek.

Zinema Deabruzko asmakizuna dela bagenekien guk. Horrexegatik dugu horren maite-maite. Ez genekiena zera zen, hain eskarmentu handikoak bagara ere, beti sartzen digu ziria. Eta gu, kontent, kontent asko.

(ID_17447964575515) Most beautiful island
Ana Asensio zuzendari eta aktorea, 'Most beautiful island' filmaren fotograma batean. BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.