Patri ere joan zaigu. Zorraren aitormen moduan

2024ko abenduaren 24a
05:05
Entzun

Patri Urkizu Sarasua (Lezo, 1946-11-2 - Donostia, 2024-12-18) joan berri zaigu. Euskal letretan era batera eta bestera egindakoaz, «paper zaharrak» han eta hemen bilatu eta argitaratzeko zaletasunaz —aipa dezadan, hamaikaren artean, Koldo Mitxelena zuzendari izan zuen Pierre D'Urteren hiztegiari eskainitako doktore-tesia, 1989an Deustuko Unibertsitateko Mundaiz saileko 1. eta 2. liburukietan argitaratua—, Euskaltzaindiko Literatura batzordeko lanez, bertsolaritzarekiko eta, batik bat, antzerkiarekiko lotura aspaldi-aspaldikoaz, itzulpenez, literaturako bide berrietako esperimentazioaz (Sekulorun sekulotan, 1975), euskararen gramatika eta antzekoak euskaraz eta gaztelaniaz karrikaratutakoez, konpromiso politikoaz eta bestez idatzi berri da (adib., Patri Urkizu irakasle idazle eta ikertzailea hil da), eta, seguru aski, idatziko dute aurrerantzean ere. Irakurleak Interneteko atari batzuk begizta ditzake —beste batzuen artean, Armiarma, Inguma, Dialnet— Patri Urkizu Sarasuak munduratuaren kopuruaz jabetzeko. Inondik ere, ohartuko da Patri ez zela egonean egonzalea. Gainera, beharrik, Patrik berak ere ardura hartu zuen bere bio-bibliografia plazaratzeko: lan argitaratuena ez ezik, argitaratu gabeen berri ere eman du (https://patriurkizu.eus). Hortik hartu ditut, hain zuzen ere, hizpidea eman didaten hitzok:

«Eskribu galduen bila bai, beste autobiografia ahalegin bat, beste errelato bat, orain esaten ohi den eran, eta, noski, Pro domo, maisuak [Koldo Mitxelena Elissaltek] artikulu bat titulatu zuen eran. Baina, norentzat bildu, jaso eta gordetako irudi zahar eta berriek, fotografia eta koadroek, liburu portadek, kontraportadek eta barneko testuek sorrarazten dizkidaten oroitzapen, iradokizun eta iruzkin hauek behar ditut idatzi, galdetzen diot nire buruari. Nori arraio interesatuko zaizkio. Eta pentsatzen hasi eta, lehenik neronentzat izan daitezkeela interesgarri begitantzen zait. Oroitzapen lanbrotsuok zertxobait irudien kriseiluaz argituz orain arteko ibilbidea hobeto konprenitzeko saio gisara balioko didatela gogoetatzen dut, eta baita ere lagunduko didala aspaldi honetan literatur historiaren ikerketa ohikoetatik askatzeko, neurri batean bederen. Edota izan daitezkeela nire familia eta adiskideentzat, irakurtzeko gogorik eta astirik badute, bereziki nire anaia-arreba Marikrutx eta Joxebarentzat, (tamalez, bi anaia maitegarriok jada joan zaizkit lur honetatik baina ez bihotzetik) nire seme Urtzirentzat, nire biloba Malenentzat handitzen denerako, eta nire garaia bizi izan duen edonorentzat, beste lekuko bat gehiagoren moduan zerbait beren oroimenen ganbara eta ibilbide propioa argitu diezaielakoan, agian. Trapu zikinak nork bere etxe barruan, etxeko harraskan garbitu behar dituela esaldia oso zabaldua den arren, esperantza dut inor gehiegi mindu gabe, baina zenbait mito bere neurri apalera eramanez eta desmitifikatuz, eta gertakizunak neronek bizitu izan ditudan eran, argi eta garbi, aratz eta garratz behar bada adierazterakoan argi pittin bat urte gogor, zail eta odoltsu gertatu direnez emango dutela, eta historiaren letra handietarik kanpo, azpi ohar edota ertz ohar gisara kontsideratu daitezkeen hauek balioko dutela osatzen joateko, ororena behar duen historia, eta ez soilik garaileena».

«Trapu zikinik» erakusteko asmorik ere ez dut nik ere eta Patrirekin batean «bizitu izan ditudan» bizitzako aldi batzuk ekarri nahi ditut hona, Patri «urte gogor, zail eta odoltsuetan» ezagutu nuen irakaslea eta maixua izan nuelako, eta Patriri —eta Patri kide zuen belaunaldiari— diodan-diogun zorraren jendaurreko aitortza modukoa egin nahi dudalako.

1946an jaio zen Patri Urkizu Sarasua. Hamarraldi berekoak dira, besteak beste, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Kintana, Ramon Saizarbitoria... Belaunaldi horrek, gaztetan, bere gain hartu zuen ordu arte konponduta ez zegoen arazo hil edo biziko bati irtenbidea bilatzea, gidari aukera-aukerakoak ere baziren eta: euskarak kode estandarra behar zuen, euskara baturen bat hezur-mamitu behar zuten. Idazle, irakasle, editore, euskaltzaleen belaunaldi horrengan topatu zuen, hain zuzen, Koldo Mitxelenak estandarizazioan aurrera egiteko «indar biologikoa». 1968ko Arantzazuko biltzarreko 25 urtetsuko «gazte» haiek izan ziren bi hamarkada geroago sortu ginen euskaltzaleentzako eredua. Haien bitartez iritsi zitzaigun, zuzenago nahiz bihurriago, euskara batu modernoa: guk, behinik behin, Patriren eskolak eta haren eta besteren idatziak izan genituen erakusbide.

Irakasle izan nuen Patri 1975etik 1979rako urtealdian, orain Koldo Mitxelenaren izena duen, baina aldi hartan INB (Instituto Nacional de Bachillerato) beste deiziorik ez zuen Errenteriako ikastetxean.

Patri ahalegintzen zen 14-15 urteko neska-mutil mugitu samar haien buruetan literatura espainolaren gazi-gozoa iritsarazten; esango nuke eskola haietan izan genuela Calisto eta Melibearen lehen aditzea. Baina biziago dut gogoan euskarak sarbiderik batere ez zuen bizi gintuen giro eta BUPeko ikasketa-plan hartan irakasle-ikasle talde bati bururatu zitzaigula, guraso euskaltzaleen laguntzaz, euskarara eta euskal kulturara gertutik hurbiltzeko saioa egin behar genuela, eta egin genezakeela ikastetxean bertan, eskolak hasi baino ordubete lehenagoko tartea horretarako baliatuta, betiere, transakzio ekonomikorik ez zegoela; alegia, inork ez zuen xoxik ordaintzen (ikasleen gurasoek) eta inork ez zuen xoxik patrikaratzen (parte hartzen zuten irakasleek eta ikastetxeko langileek). Beste irakasle batzuen artean, Patri izan genuen irakasle goizeko 8:00etatik 9:00etarako borondatezko eskola haietan. Xaribariez, asto-lasterrez, baladez, pastoralez eta bestez hitz egiten zigun Patrik, euskaraz, euskaldunak bai, baina euskaraz ia-ia analfabeto ginen gaztetxooi.

Patrik besterik ere irakatsi zigun: euskararen mundua ez zela agortzen ideologia politiko bakarrean. Hautu ideologiko berekoak ez baziren ere, Aresti geureganatu zigun goizeko 8:00etako eskoletan, eta Oskorri ere ekarri nahi izan zuen Errenteriako institutura (urte haietan eta giro hartan, «españolistak» ez zituzten beso zabalik hartzen). Ez zuen lortu, kontrako indarra (guri ere iritsi zitzaigun Oskorriri boikota egiteko «eskaera») handiagoa izan zelako. Patri independenteen hautagaitzako alkatea izan zen Lezon (1979-1983), Euskadiko Ezkerraren eta EMKren botoen laguntzaz. Geroago ohartu ginen begirada altxatzen eta zabaltzen erakutsi zigula Patrik.

Orain, beharbada, azalpen xeheak beharko lituzkeen harremana geneukan orduan institutuko irakasle eta ikasle batzuek. Patrik eskolan «usted»-ka tratatzen gintuen, baina eskola orduetatik kanpoko gizarte bizitzan, Errenteriako kaleetan, pare-pareko hartu-emana geneukan, eta euskaraz, gainera; bai Patrirekin bai beste irakasle batzuekin bizi izan genituen aldarte haiek.

Urteak pasata, berriz egin genuen topo Patrik eta biok: Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Euskal Filologiako irakasleak ginen. Hantxe argitaratu zuen Pierre Urteren gaineko tesia, arestian esan bezala, eta 1990ean Mundaiz sail berean (5. liburukian) editatu genuen Patrik eta biok Patxi Altunaren omenezko artikulu bilduma, azpeitiarrak irakaskuntzan 25 urte zeramatzala eta: Patxi Altunari omenaldia. Euskal filologo eta hizkuntzalari askoren emaitzak bildu genituen liburu horretan, Patriren gidaritzapean. Nire editatzeko lehen eskarmentua izan zen huraxe.

Bi urte neramatzan doktore-tesiko gai bat ikertzen, baina zulo beltzean murgilduta nengoen, aurrera egin ezinik. Patrik iradoki zidan ikergaia aldatzeko eta Koldo Mitxelena herrikideaz egiteko tesia; Patxi Altuna ere eskura-eskura nuela zuzendari lanerako. Ordu onean (1987) hartu nuen aintzat Patrik esana, eta Koldo Mitxelenaren euskararen normalizazio-egitasmoa (euskara noranahikotzea) ikertzeari heldu nion eta doktore-tesia burutu (1994). Bihotzez eskertu nion Patriri nire ibilbidea zeharo markatu duen iradokizuna. Ez da sobran, ordea, berriz ere eskerrak ematea: mila esker, Patri, Koldo Mitxelena neure egiteagatik.

Lezoarra izanagatik, Errenteriarekin harreman sendoa eta emankorra izan zuen Patrik betidanik, bai errenteriarrekin bai Errenteriako argitalpen eta ikerlanekin. Oarsokidea zen, honela esatea badago, Oarso urtekarian artikulu franko idatzi zituen, hainbat urtetan. Duela hilabete gutxi eskatu zidan aurtengo, 2024ko, alea, etxera garaiz iritsi ez zitzaiola eta. Koldo Mitxelena ikerketa beka ere behin baino gehiagotan irabazi zuen. Errenteriako artxiboaren Bilduma aldizkarian 2004an argitaratu zuen Koldo Mitxelenaren euskal gutunak (1951-1984) ikerlanaaipatu nahi dut, errenteriartasuna, eta baita barren-barrenean bizi zuen Koldo Mitxelenarekiko lokera eta miresmenagatik ere.

Patri Urkizuren zordun eta esker oneko agertu behar nuen eta agertu nahi dut. Bizitzako une erabakigarri batzuetan (75-80ko urte «trumoitsuetan») literaturaren, kulturaren balioa erakutsi zidan eta «herriaren alde» aritzeko bide bakarra ez zegoela ere bai, nahiz gure orduko (orduko...) nerabe-gaztetxoen begirada laburrean bide «deigarriagoak», «liluragarriagoak» izan. Horregatik bakarrik, asko zor dizut, Patri.

Ez nau zure heriotzak ustekabean harrapatu, baina horrek ez dit barrengo mina apaltzen. Mila esker, eta beti arte, Patri! Zure ikasle Elixabetek.

(ID_13946905) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-06-03, Bilbo. Patri Urkizu idazleari Urrezko Luma eman diote Bilboko Liburu Azokan
Patri Urkizu, ekainean, Bilboko liburu azokan eman zioten Urrezko Lumarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.