Orain arte isilik egon naiz eskandalurik ez pizteko, pastoralaren kalterako izanen baitzen. Honek ere usaiako arrakasta ukan du, eta nire egia partea publikoan ager dezaket azkenean. Orokorki, Lhande pastoraleko testuaren hautua oso talde txikian egin da, isilka, herritarrei abururik eskatu gabe. Hona erabaki horren ibilbidea.
•2008ko abuztuaren 12 arratsean, Zalgize Apphatian, nire euskal testua eman nion udalerri horretako auzapezari, frantses itzulpena etxe horretako andreari, eta laburpena egin nien ahoz.
•Zalgizeri erreserba nezan eskatu zidaten. Nik baietz. Ondoko urte batean antzezteko xedea agertu zidaten, eta abuztuaren 18an Ligiko Tintürabordan baieztatu, eperik zehaztu gabe. 2009an ukan ditugun harremanetan ez didate zalantzarik adierazi.
•2009-2010ko neguan, —2011ko udan jakin dudanez— Etxahun-Iruri elkarteko buruak ene testuari betoa jarriko dio, erranez omen: «C'est trop curaille, je ne peux pas faire jouer çà par mes acteurs!». Jarraian Apphatiako andreari eskatuko dio beste testu bat frantsesez idatz dezan, eta horrek onartuko.
•2011ko ekainaren 25ean Maule-Lextarren, euskararen egunkari, testu horren itzultzaileak berria ekartzen dit, berriki jakinik Lhandez trajeria bat idatzia dudala. Ondoko egunetan Apphatiako andreak telefonoz deitzen nau eta itzultzaileak errana baieztatzen dit.
•2012ko maiatzaren biko gutunez, Zalgizeko merak eta Etxahun-Iruri elkarteko buruak jakinarazten didate nire testua bazter uzten dutela eta beste bat antzeztaraziko. Ikusi dugunez, enea aspaldian baztertua zuten, bestearen eskatzeko.
•2012ko urriaren 20an Arrokiagan, Zalgizeko auzapezarekin topo egiten dut. Erraten dit herritarren arteko bilkura bat antolatuko duela urte bukaera aurretik, bi hautagaien entzuteko, baina ez du holakorik egin. Nire galdea: zenbat ote dira nire testua ikusi duten herritarrak ?
Nire kasu berezitik harat, oinarrizko bi arazo baditugu: lehena, testuaren hautua nork eta nola egin behar duen, jende bakar batzuek isilka, ala herritarren biltzar ireki batek, belaunaldi honetako usantzaren arabera; bigarrena, euskal kulturak erdaraz bizi behar ote duen, euskal literaturak itzulpenera mugatu, pastoralak frantsesez sortu eta gero erdara horren pleguetara euskaraz makurtu?
Trajeria idazle gutiegi ote gaude bizirik? Egungo egunean hamalau kontatzen ditut. Jadanik argitaratuak: Aguergaray, Bedaxagar, Behocaray, Berçaits, Itxaro Borda, Bordachar, Casenave, Davant, Etchart, Queheille, Recalt. Agian laster agertzekoak: Maite Berrogain-Ithurbide, Caset, Sarraillet. Aski handirik ez ote? Frantsesezko luma ustez ospetsuago bati dei egin behar? Eta laster, zeren ez, pastorala frantsesez eman zuzenean, euskal kantu zenbait tarteko? Ez bagara finki mugitzen, horretara goaz, astoa zaldarira bezain zuzen.
Aditu batzuen arabera, zuberotarrek pastorala asmatu zuten erresistentzia moduan, beren hizkuntza eta kultura zaindu nahiz. Orain traditu behar ote ditugu, kolonizatze berri bati bidea irekiz?
IRITZIA
Pastorala frantsesez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu