begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Paradisua(n) baino arrotzago(ak)

2025eko urtarrilaren 17a
04:00
Entzun

Parthenope, Nosferatu, Queer eta ezinbestekoa, galdu ezinezkoa den Memoires d'un escargot ikusita, eztabaidatuta, gozaturik badituzue, nahiz eta generoko arau guztiak leial gorde, Heretic terrorezko ohiko pelikula bat ez dela konturatu bazarete (garaiz), merezi ez duen bukaera tranpatiak eta film osoa tindatzen/itotzen duen woke ideologia melengak Conclave-k dituen merituak zapuzten dituela oharturik bazaudete, Iparraldean horren arrakasta handia izan duen En Fanfare film majoa Hegoaldean martxoaren 27an izango dela jakitun bazarete, eta, nirekin fidatuz gero, Desmontando un elefante tragedia lehor eta liraina asteburuon ikusiko duzuela ziur bazarete, zergatik ez zarete ausartak oso, eta Euskal Herriko hainbat zineklubek eta zinemaldik —serio baina bihurri arakatu ondoren—, aurkitu eta partekatu izan duten Fremont dastatu, probatu eta gozatzeko? Ez esan zineklub horien emanaldietara joaterik ez duzuela izan/izango, zeren eta… Egun, distira belztua duen harribitxi hau alokairuan da Filmin plataforman. Prezio onean.

Iranen jaio eta Londresen hazia/hezia/finkatua den Babak Jalaliren zinema zaurituak bat egin zuen duela urte pare bat Milanen jaio eta beka bat jasota, San Frantziskon zinema ikasi zuen Carolina Cavallirekin, New Yorkeko Brooklyn auzoan bere burua kokatu zuen Laura Valladao argazki zuzendariarekin, eta, ahizparekin batera, talibanek izuaren, lazturaren, herioaren, tristuraren, esperantza ezaren inperioa ezarri aurretik kazetaria izan zen Anaita Wali Zada Afganistango errefuxiatuarekin.

Batasun zeharo berezia lauona, denak baitziren, Jim Jarmuschek esango lukeen bezala, Strangers than Paradise.

Kontatu nahi zuten hura Kaliforniako Fremont hirian deserriturik bizi (edo) ziren pertsonaien istorioak ziren. Fremont San Frantziskoko badian da, Alameda konderrian. Ez da leku txarra… ez baldin bazara hori, Paradisuko kreatura urrutiko haiek baino bitxiagoa, ez baldin bazara bertan sentitzen Biblian agertzen den fantasiazko paradisuan sentituko zinatekeen baino arrotzago… Ez baldin bazara, zeluloidezko DNAri dagokiolarik, Aki Kaurismäkik munduko izkina eta bazterretan, mundutik isolaturik, aurkitzen duen jendearen senidea.

Baina bazara. Bazara Kuolleet Lehdet/Fallen Leaves-en dauden Ansa eta Holappa bezalako gizaki estrainioa, Paradisuan asmaturiko piztia xume guztiak baino arrotzagoa, alegia. Are, horrelako lekurik —Paradisua— izatekotan, bertan izateko aukera edo zoritxarra izana bazenu, sumatuko zenukeen zeure burua inon baino lekuz kanpo. Fremonten nola.

Ez pentsa, ordea, Paradisu arrotz horretan suertatzen dena broma bat baino besterik denik. Inolaz ere ez. Bizi-larritasun erabatekoan daude guztiak, eskaiolako oreina barne.

Strangers than Paradise… Kaliforniako Fremonten emango liekete herritartasun agiria Kaurismakik zein Yorgos Lontimosek sorturiko (g)izaki guztiei, eta, denborarekin, ez dut dudarik zeluloidezko hiritar ohorezko ere izendatuko lituzketela, hain baita bitxia hango paradisua, hain dira-eta arrotzak bertaratuko atzerritarrak.

Ez pentsa, ordea, bertakoak oso ezberdinak direnik. Erreparatu, arren, hitz eta keinu gutxiko psikiatra horri. Jatetxe txinatarretan eskaintzen dizkizuten gailetetan datozen zorion-mezuak idazten dituen neska errefuxiatuarekin dituen hitz-aspertuak mundialak dira gero. Neskak lotarako pilulak nahi ditu, eta berak Jack Londonen Letagin zuri-ko pasarteak irakurtzen dizkio bueltan…

Ez pentsa, ordea, Paradisu arrotz horretan suertatzen dena broma bat baino besterik denik. Inolaz ere ez. Bizi-larritasun erabatekoan daude guztiak, eskaiolako oreina barne.

Ez du, baina, inporta; amets baten zain desesperatuan zaudela, zorion-gaileta batean «denek bilatzen dute edertasuna; zeuk sortu egiten duzu» irakurriko baituzu. Nahiko da bizpahiru egun bizirauteko. Paradisu arrotz horretan ere bai. Aloka ezazue Fremont. Prezio onean duzue. Paradisua baizik ez-leku den gurean.

(ID_17369581863425) (/EZEZAGUNA)
Fremont filmaren fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.