Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Paisaiaren auraz

2024ko maiatzaren 12a
05:15
Entzun

'NORTASUNA'

Zuzendaria: Pedro de la Sota.

 Iraupena: 45 minutu. Urtea: 1976.

Mailopean dagoen Araitz bailara emankorretik pasatu ziren iragan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetan arte sorkuntzan buru-belarri zebiltzan hainbat euskal artista. Remigio Mendiburuk edota Jose Luis Zumetak bertan ezarri zuten haien lantokia zein bizitokia urte horietan —Juan Gorritiren etxe koloretsuak bertan jarraitzen du oraino— eta, aipatu gabe ezin utzi, egun haietan ohikoa bilakatu zela bertako baserri eta tabernetan Artze anaiak, Mikel Laboa edota Xalbador ikustea. Beste hainbeste pasatu ziren handik, eta beste hainbeste geratu, eta halako larritasunez idazten ditut hitzok ezinezkoa delako denei aitortzea merezi duten lekua lerro-labur hauetan.

Eta gauzak zer diren. Lou Reed abeslariak ere pasatu zituen egun batzuk Azkarate herrian, Mailoen gozoan, eta harriduraz zein miresmenez fotografiatu zuen Balerdi mendiaren punta erraldoi eta izugarri hori. 2009an argitaratu zuen Romanticism argazki-liburuan publikatu zituen argazkien artean ageri dira irudi hauetako bi, eguzki izpien kontrara eginak eta mendilerroak berezkoa duen ahalmen auratikoa agerian utziz. Urte batzuk lehenago artelanek barreiatzen duten auraz idatzi zuen Walter Benjaminek eta iradoki zuen artelan originalek hedatzen dutela halako bibrazio bat, aura bat, ahalmen berezi eta genuino bat, gerora argazki eta erreprodukzio-gailuek egindako kopietan hautsi egiten dena. Reedek ordea, kontra-argia baliatu zuen haren kamera digitalarekin —«lente digitala maite dut», zioen— paisaia horren magnetismoa irudikatzeko artelan bat izango balitz bezala.

Mailoek duten lilura horren eraginez-edo, hainbat artistak bertara jo izanak badu lotura zuzena une horretan artearen baitan puri-purian zegoen kezka batekin: frankismoaren gehiegizko industrializazio prozesuak hiria lehenesten zuen, eta, horrekin batera, gizakiaren alienazioa. Problematika hori ardatz harturik, hainbat euskal artistearentzat ezinbestekoa bilakatu zen euskal estetika bati buruz gogoeta egitea, eta hari horretatik tiraka, landa eremuko forma eta materialitatera jo zuten behin baino gehiagotan.

Garai hartako kezka eta konpromiso estetikoak aski ongi jasotzen dira 1976an Pedro de la Sotak egindako Nortasuna dokumentalean. Frankismotik ihesi Argentinan erbesteratutako sendian jaiotakoa, gaztea zelarik abiatu zen Parisera zinemagintzaren ofizioa ikastera. Araizko bailaran lekutu zuen Nortasuna filmaren ardatza Remigio Mendibururen lan eskultorikoa da, hain zuzen ere, Intzako baserrian egon zen garaian. Mendibururen hausnarketak presente daude, sakonak zein mamitsuak, garai hartako hizkuntza zerratuaren isla. Eskultoreari egindako elkarrizketa hauekin batera, haren obra ezagunenetako batzuk agertzen dira bailarako paraje ezberdinetan paratuta, arte galerietatik urruti eta paisaiarekin fusionaturik —eskultura horien benetakotasuna soilik paisaia horietan aktibatuko balitz bezala—.

«[Remigio Mendiburu] Eskultoreari egindako elkarrizketa hauekin batera, haren obra ezagunenetako batzuk agertzen dira bailarako paraje ezberdinetan paratuta, arte galerietatik urruti eta paisaiarekin fusionaturik».

Hala, Mendibururen hitzak entzutea denboraren tunelean beste garai batera teletransportatzea bezalakoa da, jadanik ez dugu horrela hitz egiten. Erabiltzen duen lengoaiaren trama konplexua da: dio «zuhaitza interesatzen zait, ez eskultura bezala, fenomeno bezala baizik», eta «eskultura denbora akumulazio bat baino ez da». Egur bloke handiekin lan egitea denbora metatze bat dela azaltzen du xehetasunez Mendiburuk, eta zizelkada bakoitzaren joan-etorriak elikatzen duela pentsamendurako tartea. Hain zuzen ere, denbora hori da «herriarekiko eta honen zirkunstantzia historikoekiko [artistak] duen ardura», Mendibururen aburuz.

Mikel Laboa ageri da kantari filmaren pasarte ezberdinetan eta aipatzekoa da borda baten iluntasunean Lazkano, Gorrotxategi eta Xalbador bertsolarien sekuentzia bat, zeinetan gizon guztiak dauden bat eginda —bertsolariak eta publikoa— galtzear den bizimodu baten aldeko kantuan: «Galduko dugu basoa eta Gernikako haritza», dio bertsolarietako batek. Eskerrak gerora iritsi direla beste korronte batzuk, afektuen teorietatik tiraka —besteak beste— eta erakutsi digutela biziera baten zaintza —balizko galera bat ere bai— komunitate guztiaren baitako zerbait dela, ez soilik haren gizonena.

'Nortasuna' filma / Mikel Laboa
Mikel Laboa kantari, Nortasuna filmean.

Mailoen pasaia auratiko hori erretratatzen dute gaur egun bailarako nerabeek euren mugikorrekin kapturatu nahirik Balerdi atzean ezkutatzen den eguneko azken eguzki izpia —Lou Reeden antzera, kontra-argia erabiliz—. Hala, denboraren iragateak uzten ditu gure bailaretan bestelako irudiak, eta agian nortasuna hori baino ez da —eta hori dena ere bai—, belaunaldi ezberdinek inguruan dutena atzemateko erabiltzen dituzten moldeen segida bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.