Literatura. Hirudia

Otzara nola bete

2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Liburu bat gure eskuetara nola iristen den hartu nahi nuke hizpide gaur; alegia, irakurtzeari lotu aurreko urrats ezinbesteko hori. Aurrena esan dezadan liburu-saltzaile txarra naizela, baina erosle patxadatsua, eta eskerrak, bestela honezkero liburu-metek botako ninduten etxetik erremediorik gabe.

Aurreiritziak ditut lehenengo babes-lerro, eta lehenbizikoa idazle hasiberrien emaitzak mesfidantzaz hartzea. Kritika onik edo konfiantzazko baten baten gomendiorik tartean ez dela, nekez erosiko dut halako libururik. Gustuko idazleen lanek, ordea, ez dute horien beharrik izaten.

Liburua zer argitaletxek plazaratzen duen ere badu zerikusia erabaki horretan. Lehengoan, lerroon lehenbiziko irakurleak esan zidan «Bai, baina halako argitaletxek atera badu, niretzat bada nahikoa berme». Beste lagun batek Durangoko Azokan argitaletxe txiki bateko saltzailearekin izandako elkarrizketa ere esanguratsua iruditu zitzaidan. Saltzaileak: «Aukera ona egin duzu». Eta nire lagunak: «Hemen erosiak beti dira hautu onak». Beraz, editorea ere gako izaten da.

Ez ditut ahotan hartuko gure argitaletxeak, baina atzerrikoetatik, esaterako, Espainian Acantilado-k edo Pre-textos-ek ateratzen dituztenak gogoko izaten ditut, edo Companhia das Letras-ek Brasilen ateratakoak, edo New Yorkeko Melville House-k ateratako nouvelle-en bilduma, edo Everyman's Library saileko klasikoak (izena aspaldi mudatu beharko zuen arren).

Egunkarietako kritikak sarri beranduegi iristen dira erosteko erabakian eraginik izateko, eta, gainera, gaur egun ez daukat erreferentziazko bide-erakuslerik lagunarte horretan, egia esateko, nahiz tarteka esker txarreko egiteko horrek ale ederrak ematen dizkigun. Klasiko ezezagunak azaleratzen, ordea, Esti Ezkerra dugu aspaldian andre eta jabe, eta haren artikuluak irakurrita behin baino sarriagotan etorri zait liburu bat edo beste erosteko gogoa (edo bulkada).

Kritikari estraofizialen gomendioak ere hor dira: adiskideenak, Twitterreko adituenak eta besterenak. Hala ere, horiek guztiak liburu-denda zapaldu aurreko urratsak izaten dira. Demagun orain liburu-dendara iritsi garela, eta zoko-miran hasiak garela.

Mahaietako nobedadeen artean bila hasiko gara, ea zer dagoen. Azalei erreparatuko diegu lehenbizi. Eta azaletan denetarik bada. Gurean askotan kritika egin zaie zenbait argitaletxeri euskarazko liburuen azalak umeentzako modukoak direla-eta. Berriki Literatura Unibertsaleko azken diseinuari ere halako zerbait leporatu diote batzuek. Diseinu soilagoak nahi, nonbait, gure arteko xorrotxenek. Hala ere, nik esango nuke azalek ez nautela inoiz limurtu, nahiz ezin ukatuzkoa den balio estetiko nabarmena izan dezaketela eta etxerako edergailu apainak izan daitezkeela (azken batean orain artekoan erositako liburu guztiak ezin baditugu irakurri, zergatik ez utzi azaloi gure ingurua edertzen).

Kontrazalak edo atzeko azalak (horretan ere ezin ados jarri), berriz, gehienetan osagarri hutsak izaten dira, liburuko pasarte hautatuak jasotzen baitituzte inolako argibiderik gabe. Hedabideetako kritiken arrastorik ez da izaten euskaraz liburuetan, eta, lehenbiziko edizioan hutsune hori ulertzekoa den arren, edonork estimatuko luke, nik uste, kritikarien iritziak eskura izatea.

Gure liburu-dendak, gainera, ez dira prestaturik egoten liburua hartu eta orri-pasan ibiltzeko edo han-hemengo pasarte bat patxadaz irakurtzeko. Ez dago besaulkirik edo eroso paratzeko moduko lekurik. Atzerriko argitaletxe askok irakurraldi arin horietarako modua ematen dizute sarean: lehenbiziko kapitulua osorik eskainiz PDF formatuan. Gurean, ordea, ez dago hain hedaturik ohitura osasungarri hori.

Etxean denean ditugu apalategiak: gela batean kontsultarakoak, beste batean literaturakoak, beste batean erdarazkoak, logelan oraindik irakurri gabekoak mehatxari. Eta harrigarria da zer egile gutxik duten liburu bakarra gurean, eta horrek zerbait esan nahiko du, nahiz orain ez naizen gauza misterio hori zulatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.