Artea. Begiz

Ospatzen

Ismael Manterola
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Oker dauden horietako bat naiz. Edo, zuzendari artistikoak kondeszendentzia handiz dioen moduan, proiektuari mesede handia egin dioten eszeptiko egoskor horietakoa.

Niretzat ere, Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izendatzea erabaki politikoa izan da. Politikoa izango litzatekeen bezala ez izendatzea, edo Burgos, Kordoba, Zaragoza edo beste edozein hiriburu aukeratzea. Epaimahaikideak politikariek izendatzen dituzten momentutik aurrera, hartzen dituzten erabakiak politikoak dira.

Eztabaida antzua baino gehiago, ekainaren 30eko BERRIA-k kultura munduko bost laguni eskatutako iritzia interesatzen zait. Gutxi gorabehera, inork ez zekien kulturari zer ekarriko dion izendapenak, baina itxaropenerako tartea zabalik lagata, etsipenaren eta kuriositatearen artean sumatu nituen idazle, aktore, kantugile eta kultur zentro baten arduradunaren iritziak.

Nik, berehala proiektu zehatzetara jo nuen. Kultur hiriburuko web orrian badaude ere, paperez Gipuzkoako egunkari zabalduenak gaztelania hutsez argitaratu zituen, Donostiaren izendapena baino egun bat lehenago. Irabaziko ez zuela pentsatuta, ez nion kasu handirik egin; baina egun hauetan,argitalpen garestia begiratzen jardun ondoren, hainbat proiektuk harritu egin naute. Alde batetik, ez dakit zenbat umez jotako danborrada; Guinness errekorrerako ikuskizunetik kultur ekintzatik baino gehiago duena. Bestalde, artean biolentziak izan duen errepresentazioa aztertzeko erakusketa handia.

Esparru horretan mugitzen naizelako edo, harrituta geratu naiz erakusketaren helburuekin eta, batez ere, aurrekontuarekin. 1.300.000 euroko aurrekontua duen erakusketarekin, Gipuzkoako Diputazioko arte sormenerako eta ikasketetarako 25 urte inguruko diru-laguntzak ordaindu daitezke (46.800 eurokoa izan da 2011n).

Horrekin batera, hiriburu izateko lantaldetik hainbeste errepikatzen ari diren lema, hau da, kulturaren bidez indarkeria gainditu daitekeenaren ideia, gehiegizkoa dela iruditzen zait; edo hobeto esanda, jendeari itxaropen faltsuak ematea da. Kulturan sinesten badut ere, biolentzia bultzatzen duten interes politikoak eta ekonomikoak izugarriak direla badakit, eta Euskal Herrira bakea eta elkar adiskidetzea kulturatik baino gehiago, borondate politikotik etorriko direla esango nuke. Munduko beste tokietaraberriz, ez dut uste epe motzera etorriko denik. Horregatik ironikoa iruditzen zait, Ekuatore Gineako diktadura beldurgarria babesten duen edo Saharako herritarrak hiltzeko erabiltzen diren armak Marokori saltzen dizkion gobernu bateko ministro donostiar batek hautagaitzaren zapia lepoan jantzita ospatzea Donostiaren izendapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.