Idurre Alonso.
Literatura. Hirudia

Ordukoak eredu

2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Aurreko batean, Igela-k mende erdia bete zuelako aitzakian, Lander Garrok euskal literatur aldizkarien madarikazio misteriotsua aipatzen zigun. Zioen, aldizkarien historiari erreparatuta, sorrera su-piztailea izan ohi dutela, baina denbora gutxiren buruan itzaltzen dela sua: «manifestu estridentea idatzi, amorru deklarazio hanpatua egin (ia beti gure sistema literarioa xaxatzeko promes eginez), lau poema argitaratu, eta txanda hurrengoei». Eta hasierako aldarri gartsuak ubera mehea uzten omen du. Ez zaio arrazoirik falta. Irudipena dut, gainera, Euskal Herrian joera hori ez dela literatur aldizkarietara mugatzen —jakin nahi nuke non gelditu diren hainbat mugimendu sozial eta politiko, sortu ziren unean igurikimen handia sortu zutenak, eta sortu eta gutxira guztiz ixildu direnak—.

Edozelan ere, garaiak aldatu egin dira. Orain idazle askok telebista, irrati nahiz Interneten bidez hitz egiten dute, eta irakurleak ere, ezbairik gabe, gertukoago ditu komunikazio-bide horiek. Bestalde, literatur aldizkariek ez dituzte helburu nagusi izan ohi literatur sistemarekiko hausnarketak, idazleen edota kritikoen arteko eztabaidak, literaturaren funtzioari buruzko ekarpenak... Eta, hain zuzen ere, hutsune hori sumatzen dut euskal literaturaren panoraman. Literatur sortzaileek eta kritikoek egindako eztabaida zintzo, dinamiko eta sistematikoa falta da.

Orain idazlea gehiago bizi da bere lana ezagutarazteari begira, eta ez horrenbeste literaturaren erraiei. Eta, bestalde, esango nuke orain zailagoa zaigula geure burua polemiko, apurtzaile edo zirikatzaile irudikatzea. Berriro diot, garaiak aldatu egin dira; orain, politikoki zuzena izan behar du herritar orok.

Egia da eleberri eta ipuin-liburu batzuetan nabariak direla idazleak literaturarekiko dituen kezkak, eta zenbait hitzalditan ere lantzen da literatur sarien gaia, izaerarena, eraginena... Baina, lehen esan bezala, eztabaida dinamiko eta sistematikoak falta dira.

Horixe eskaintzen ziguten, hain zuzen, garai bateko aldizkariek.

Adibide bat jartzearren, Susa-n 1985ean argitaratutako eztabaida labur bat ekarri nahi nuke hona. Hona hemen zer zioen Patxiku txikik literatur sariketen inguruan: «... bai aurrezki kutxek eta bai udaletxe edota gobernuek sari literarioak zergatik antolatzen zituzten deskubritu nuen: higiene arazoengatik (prestigio, kultura, eta kultur jendea laguntzen dutelako itxurak egitearren [...] lehen-lehenik gure ezadostasuna agertu behar genuela erabaki nuen. Gero gerokoak. Literatur lehiaketen formula ez zitzaigula atsegin esan behar genion mundu zabalari». Baina, aurreraxeago, boikotaren zailtasuna aipatzen du Patxikuk, «beti ere egongo zelakoan idazleren bat lehiaketetara aurkezteko prest». Aldizkariaren hurrengo alean, zera zioen Joxe Austin Arrietak: «literaturan, sorkuntza artistiko guztietan bezala, ez dagoela objektiboki epaitzerik —lasterketa batean, esate baterako, posible den bezala— 'hau beste hori baino hobea da?'... Bueno, horretan konforme nago. Baina, ez gaitezen adar-joka eta geure burua engainatuz ibili: literaturan ere denok juzkatu eta bata bestea baino hobetsi egiten dugu». Eta, ostean, aitorpen-hautu bat zekarren, bere burua errudun onartuz hainbat literatur lehiaketatan parte hartzearren.

Ez dakit literatur aldizkariak diren halako jarreren berri emateko biderik egokienak, baina ziur nago euskal literaturak asko irabaziko lukeela saiakera egingo balitz 70eko eta 80ko hamarkadetako aldizkariek bildu zituzten hausnarketak, elkarrizketak eta eztabaidak egungo errealitatera egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.